Victor Lopez. Kazetaria

«Kazetaritza onaren ondare da Leginetxe»

'Manu Leguineche, el jefe de la tribu' idatzi du Lopezek, Arratzun jaiotako kazetari horren inguruko biografia. Leginetxeren zorroztasuna, koherentzia eta zintzotasuna goraipatu ditu.

urtzi urkizu
2020ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
TVGn eta ekoiztetxe batzuetanaritu eta gero, Antena3eko albistegietan hamabost urtez egin zuen lan Victor Lopezek (Coruña, Galizia, 1979). Kazetari lanaren zailtasunen inguruko saiakera bat idazten ari zela, 2013an Manu Leginetxe deskubritu zuen. Haren diskurtsoa eta mezua aztertzeari ekin zion. Leginetxeren gertukoen onespena jasota, 70 elkarrizketa egin zituen. Horiek erabili ditu Arratzun (Bizkaia) jaiotako kazetari horretaz egin den lehen biografia idazteko.

Biografian idatzi duzu: «Manu itsasargi bat izan zen bere belaunaldikoentzat». Nolakoa zen itsasargi horren distira?

Haren distira diskrezioa, kontrastea eta zorroztasuna ziren. Garbi jokatzea, apaltasuna eta laguntasuna. Leginetxe eredu izan zen bere belaunaldiko kazetari askorentzat: tokietara joaten zen, usaindu, ikusi, galdetu eta erreportajeak herritarrengan pentsatuz idazten zituen. Egun, oso gutxi egiten da hori, garestia delako. Leginetxek ikuspegi humanista bat izan zuen pertsona anonimoen bitartez egia unibertsalak kontatzeko. Haren sentsibilitateak eta ikuspegi kritikoak kazetaritza plural bat egitera eraman zuten.

Colpisa agentziako buru izan zen 1970eko hamarkadan eta 1980koaren hasieran. Zer garrantzi izan zuen agentzia hark?

1970eko hamarkadan, zentsura frankistak dena kontrolatzen zuen. Baina Colpisaren bitartez, Leginetxek Europako estilokoen informazio agentzia bat sortu zuen. Ez zen hartzen agentzia ofizialtzat, baina eragin handia izan zuen bere kronikei esker. Eta ez zuelako lerro editorialik. Correo taldearen kontrolean desadostasun batzuk izan ziren, eta Javier Godok beste agentzia bat sortzea proposatu zion: Cover Prensa.

TVEn egin zituen lanei dagokienez, zein da gehien nabarmenduko zenukeena?

Informe semanal saioaren formula pentsatzea nabarmenduko nuke. AEBetako zenbait eduki hartu zituen oinarritzat. En Portada saioko zuzendaria ere izan zen. Oso ospetsua izan zen 1989an Por la tarde saiorako Ryszard Kapuscinski kazetariari egin zion elkarrizketa. ETBrentzat, Memorias elkarrizketa saio ederra zuzendu eta aurkeztu zuen.

Liburuaren lehen orrialdeetan Leginetxeren haurtzaroa agerrarazi duzu. Zer garrantzi izan zuen harentzat jesuitek?

Tuterako [Nafarroa] San Francisco Javier ikastetxeko urteak funtsezkoak izan ziren harentzat.Aitortzen zuen Nafarroako eskolak eskaini ziola mundu globalaren lehen zantzu txiki bat. Jesuiten diziplina gogorra zen arren, kooperazioa, errespetua, beharra duenari laguntzea eta halako balioak eman zizkion eskola horrek.

Miguel Delibes idazlea izan zen gero haren mentorea.

Delibes Manuren aita profesionala izan zen, haren bizitzan eragin gehien izan zutenetako bat. Ofizioaren sekretuak eta probintzietako kazetaritzaren garrantzia erakutsi zizkion. Leginetxeren arabera, Delibesek El Norte de Castilla egunkaria zuzentzen zuen Herbert Von Karajanek bere orkestrarekin egin bezala.

Leginetxeren bidaia luzeak Trans World Record Expedition zeharkaldiarekin hasi ziren. Nolakoa izan zen hura?

Bidaia horrek kazetaritza eta historia uztartu zituen, eta Leginetxeren motorra izan zen. Munduari emandako bira hura haren inflexio puntu existentziala izan zen. «Norbere buruarekin topo egiteko biderik laburrena munduari bira ematea da», esaten zuen Manuk. Argi dago gero nazioarteko erreportari handienetako bat izan zela. 1980an, La tribu eleberria idatzi zuen. Eta handik aurrera, erreportari askok tribuko burua deitzen zioten.

Zer ikuspuntu zuen Euskal Herrian gertatzen ari zenaz?

Euskal herritar unibertsala izan zen, eta bere jaioterriarekiko maitasuna mantendu zuen beti. Hala ere, aitortzen zuen haren aberria bere zapatak zirela. Alderdien politika bere diskurtsotik at mantendu zen, eta kazetaritzaren bidez hitz egin zuen.

Zer nabarmenduko zenuke Leginetxek utzitako ondareaz?

Zorroztasuna, zintzotasuna eta koherentzia. Gaur egun, hedabideen politizazioa eta albiste faltsuak dauzkagu, baita informazioaren hutsaltzea ere. Leginetxeren gisako kazetarien ikuspegi profesionalean inspiratzeak alternatibak eraikitzeko balio dezake. Joko arauak eta lehentasunak aldatu egin dira, baina esentziak bere horretan jarraitzen du. Kazetaritza ona ez da modaz pasatzen, eta Leginetxerena binilo zahar bat bezalakoa da: klasiko handien arnasa astintzen du, gaur egungo bat egite digital efektisten aurrean.

Mereziko luke haren liburuak berriro argitaratzea?

Zenbait liburu berriro editatu dituzte. Leginetxeren obra kazetaritza onaren ondare da, eta bere osotasunean berreskuratu beharko litzateke. Kazetaritza fakultate guztietan erreferentzia izan beharko luke, eta haren liburuak, derrigorrezko irakurketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.