Asier Urbieta. 'Altsasu' telesaileko zuzendaria

«Epaiketan gertatutakoa oinarritzat erabili genuen telesail guztia sortzeko»

ETBko 'Altsasu' telesailari azken ukituak ematen ari da, datorren astean hasiko baita. Lau urteko prozesua lau ataletan kontatzea izan da zailtasunetako bat, fikzioaren eta errealitatearen arteko orekaz gain.

BERRIA.
gurutze izagirre intxauspe
2020ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
ETB1 azaroaren 9an hasiko da ematen Altsasu telesaila. Lau atalez osatua dago. Asier Urbieta zuzendaria (Errenteria, Gipuzkoa, 1979) edizio lantaldearekin buru-belarri ari da lanean.

Nola iritsi zitzaizun Altsasuko gazteen istorioa kontatzeko proposamena?

Idurre Cajaravillek [Baleukoko ekoizle eragileak] deitu zidan duela urtebete, Altsasuko auziaren inguruan telesail bat egiteko asmoa zutela esanez. Oso interesgarria iruditu zitzaidan proposamena, baina ardura handiegia ez ote zen galdetu nion neure buruari. Idurrerekin bildu ondoren, ikuspuntu berdina genuela ulertu nuen. Horrek bideari heltzeko adorea eman zidan.

Nondik heldu diozue?

Hasieratik konturatu ginen oso garrantzitsua zela dokumentazio lana. Hasieratik Andoni de Carlosekin hasi nintzen lanean, auziaren inguruan idatzitako guztia irakurtzen saiatu ginen, Altsasu eta inguruko tenperatura ulertzen, bertako usadioak, kultura, jendea. Lan hori egin ostean, auzia lehen pertsonan bizi izan zuten pertsonekin jarri ginen harremanetan: gazteak, gurasoak, herriko jendea... Bakoitzaren bizipenak lehen pertsonan jaso nahi genituen. Oso eskuzabalak izan ziren prozesua nola bizi izan zuten kontatzen. Guretzako oso garrantzitsuak izan dira bizipen horiek, telesaila emozioetara bideratu nahi baikenuen.

Hemeroteka lan mardula egin beharko zenuten, ezta?

Bai, dokumentazio lana izan da gidoia idazteko prozesurik garrantzitsuena. Harkaitz Cano eta Mikel Alvarez lantaldera batu zirenean, ikerketa lan horretan zentratu ziren. Epaiketaren transkripzioa lortu genuen. Hiru astean epaiketan gertatutako guztia 450 orritan jasoa zegoen. Dokumentu klabea izan zen. Epaiketan gertatutakoa irakur genezakeen hitzez hitz. Oinarritzat erabili genuen telesail guztia sortzeko. Telesaila prozesu judizial baten inguruan mugitzen denez, epaiketak berak paper garrantzitsu bat jokatzen du. Bertan ez ditugu elkarrizketak idatzi, epaiketaren transkripziotik atera baizik.

Auzia hain gertu izanda, eta Altsasu telesaila fikzioa dela jakitun, nola egin duzue orekatzeko?

Prozesuan sakontzen genuen artean, ikasten joan gara. Hasieratik fikzioa eta errealitatearen arteko harremana nola sortu eztabaidatzen aritu gara. Errealitatera oso itsatsita egin nahi genuen, prozesu honetan pertsona askok sufritu baitute, baina fikzioaren mekanismoak erabili behar genituen, lau urteko prozesu bat 50 minutuko lau ataletan moldatu behar baikenuen. Oreka hori sortzeko, orduan gertatutakoari fidelak izaten saiatu gara, gertatutakoarekin errespetua sortzen. Detaile txikiak landu ditugu; askotan detaileek osotasuna sortzen laguntzen dutela uste genuen.

Gertutasuna eta auziari lotutako pertsonekin izan duzuen harremana kontuan izanda, nola joan da grabazioa?

Ondo joan da, filmaketa batek dituen zailtasun guztiak barne, hori da gure joko zelaia eta gustuko dugu grabaketa prozesua. Oso aberasgarria izan da lehen pertsonan gertatutakoa jasotzea lantalde guztiarentzat.

Lantaldea zer moduz jardun da?

Gogo handia zuen istorio hau kontatzeko, pasio handiz jardun da lanean. Gertuko jendea eduki dut inguruan: Eider Gabilondo ekoizpenean, Jon Sangroniz eta Txarli Argiñano argazkian, Esti Salinas arte zuzendaritzan, Demetrio Elorz edizioan, Elena Setien musikan... gustuko duguna egin dugu, kontatu nahi dugun historia bat kontatuz.

Zerk eman dizue buruko min handien?

Asko izan dira: errealitatearen eta fikzioaren arteko harremana; lau urte lau ataletan laburbiltzea; historia koral bat izatea, 30 pertsonaiekin, 80 kokalekurekin; klimatologia, erlojupeko lasterketa bat izatearen sentsazioa.

Alardea, Hondar ahoa, Altsasu; bide berri bat irekitzen ari al da?

Hori dirudi, fikzioarekiko apustua irmoa dela, eskertzekoa da. Hasitako bide horrekin jarraitzea gustatuko litzaidake. Istorio asko ditugu kontatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.