Josune Ariztondo. ETB1eko, 'Izan ginelako' saioaren aurkezlea

«Kulturaren memoria dibulgazio bidez eman behar da»

ETB1ek gaur gauean emango du 'Izan ginelako' saioaren hirugarren atala; azkena, «oraingoz». Memoria historikoarekin lotutako hiru istoriotan, «bitartekari» aritu da Ariztondo.

LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
urtzi urkizu
2021eko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzan Hizkuntza Politikako sailburuorde, Bizkaiko Foru Aldundian Kultura diputatu eta EAJko Euzkadi Buru Batzarreko idazkari izan da Josune Ariztondo (Ondarroa, Bizkaia, 1948). Baita kimika irakasle eta Bilbo 700 fundazioko zuzendari ere. Ofizialki, erretiroa hartua du, baina ez dago geldirik.

Izan ginelako. Hitz horiekzer-nolako iragana marrazten dute zure buruan?

«Izan ginelako gara» da esaldia osorik, edo «izan zirelako gara». Esan zidatenez, saioen izenak arreta bereganatzeko jartzen dira.

New Media ekoiztetxekoak zugana joan ziren saioa aurkeztuko ote zenuen galdezka, eta baiezkoa eman zenien.

Diktadura luzeak bizi izan dituzten herrialdeetan, eta gurea horietako bat da, gertatzen den gauzetako bat da memoria ukatzea, memoria demokratikoaren ukazioa. Hori urte askoan luzatzen denean, ia-ia galdutzat jo daiteke memoria. Hori dela eta, garrantzitsua da memoria berreskuratzea; zenbait erakunde, elkarte eta norbanako horretan ari dira.

Eta euskarazko telebistagintzan?

Gaztelaniaz egin diren saioen kopurua ikusita, euskaraz ia ez da ezer egon. Dokumentalak egin dira; baina dibulgazioan, gutxi. Ikusi nuenean nola zeuden prestatuta Izan ginelako-ren programak, uste izan nuen ikus-entzunezko dibulgazioa hurbildu egiten zaiola herritarrari, eta horregatik inplikatu nintzen.

Zer moduz sentitu zara elkarrizketatzaile lanean?

Ez oso eroso. Aurrez nekizkien kontu batzuk beste ikuspegi batetik ezagutu ditut, eta hori interesgarria izan da. Nire rola berezia izan da saioetan, bitartekariarena egin dut. Pertsonaia esanguratsu batzuen bilobekin eta birbilobekin solasean azaldu naiz, eta, zenbait kontu etxetik entzunda zituzten arren, beste asko, ez. Bitartekari egin dut senide gazteen eta historialari edo adituen artean, tarteka galdera sustatzaileak eginda. Euskal kulturaren memoria, kultura zentzu zabalean hartuta, euskaraz ere eman eta ezagutu beharra daukagu. Herrigintza bokazioa muturreraino eraman zuten euskaldunak ezagutu behar ditugu.

Gaurko atalean, Mondragon Korporazioko Ulgor enpresa aitzindaria ezagutuko dute ikus-entzuleek. Atal gehiago grabatuko al dituzue?

Oraingoz, azkenekoa izango da. EITBko zuzendaritza nagusi berriak aztertu beharko ditu hiru atal horiek —2020an grabatu eta amaitu genituen—. Edonola ere, iruditzen zait gure kulturaren memoria kalitatezko dibulgazioan eman beharra duela ETBk. Bereziki ETB1ek lurzoru zabala dauka hori lantzeko.

Azkeneko hilabeteetan makina bat historia saio eman du ETBk, gaztelaniaz zein euskaraz. Ikusle gisa gogoko dituzu historia saioak?

Historia gogoko dut, eta historia saioak ere bai. Modu didaktikoan historia azaltzeko aukerak ematen direnean jende gehiagorengana iristen da, dokumentalen formatuan baino. Pelikula itxura hartzen duelako gehiago. Izan ginelako-k, adibidez, antz handiagoa du Vamos a hacer historia saioarekin [ETB2], aktoreekin grabatutako zatiak ere erabiltzen baititu, hurbileko elkarrizketekin uztartuz. Etorkizunean bilatu beharko dira formatu erakargarriak memoriaren berri emateko. Kontuan hartu behar da gaur egungo ikus-entzulea oso ohituta dagoela errealitatea eta fikzioa nahasteko teknologiak ematen dituen aukerekin .

ETB bere osotasunean hartuta, kritika askoren jomuga izan ohi dute sektore desberdinek. Nola ikusten duzu egun Euskal Telebista?

Albisteak bi hizkuntzatan ikusten ditut, bi kateetan, eta, horrez aparte, gehiena ETB1en ikusten dut. Esango nuke duela bizpahiru urterekin alderatuta, ETB1en saio erakargarri gehiago daudela. Arratsaldeko programazioan, Ahoz aho eta Biba zuek! oso saio duinak dira, mimoz egindakoak. Gainera, nabarmenduko nuke ETB1en eztabaidak edukazio onekoak eta arrazoituak direla beti.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.