Gwyn Nissen. Danimarkako 'Der Nordschleswiger', egunkariaren erredaktore burua

«Populazio digitala da Danimarkakoa»

'Der Nordschleswiger' Danimarkako gutxiengo alemaniarraren egunkaria da. Asteartean 75 urte beteko ditu, eta paperean azken aldiz argitaratuko da. Nissenek uste du etorkizun digital «distiratsua» duela.

KARIN RIGGELSEN / DER NORDSCHLESWIGER.
urtzi urkizu
2021eko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Bigarren Mundu Gerra amaituta, Europa Mendebaldean sortu zen alemanezko lehen egunkaria izan zen Der Nordschleswiger. Danimarkako gutxiengo alemaniarrari eskaintzen dizkio albisteak, eta asteazkenetik aurrera soilik Interneten emango dizkio. Gwyn Nissen (Aabenraa, Danimarka, 1963) 1982an hasi zen egunkari horretan kazetari. JydskeVestkysten egunkarian aritu zen, 1987tik 2008ra. Gero, DVV Mediako arduraduna izan zen bost urtez. 2013an, Der Nordschleswiger-eko editoreburu izendatu zuten.

Zein izan da Der Nordschleswiger egunkariaren bilakaera azkeneko urteetan?

Danimarkako egunkaririk txikiena izan da zenbait urtez. Urtero 90-100 harpidedun inguru galduz joan gara, eta, egun, 1.100 harpidedun dauzkagu. Garestia da hain kopia gutxi inprimatzea. Gutxiengo alemaniarra 15.000 herritarrek osatzen dute.

Zergatik erabaki duzue egunkaria paperean gehiago ez argitaratzea?

Harpidedun gutxi izatea arazo bat da. Baina arazo handiagoa da Danimarkako gutxiengo alemaniarra ezin dela egunkariaren bidez komunikatu, belaunaldi berriek ez dituztelako paperezko egunkariak irakurtzen. 2018an, digitalaren aldeko apustua egitea erabaki genuen. Paperezko irakurle batzuk galduko ditugu, baina transformazioa digitalari esker gure zabalkundea hazi egingo da. Danimarka herrialde digitalizatua da: herritarren %97k Interneteko sarbidea du. Populazioa digitala da, eta horrek lagundu egiten gaitu albiste digitalen ekoizle moduan.

Adineko jendea ere digitalizatu da?

Aitaginarreba jarri ohi dut adibide moduan: 90 urte ditu, eta paperezko argitalpenak gogoko ditu, baina bere tabletarekin egiten ditu bankuko mugimenduak,eta osasun zerbitzuarekin modu digitalean komunikatzen da. Gure egunkaria paperetik digitalera pasatzearekin batera, hark ere aldaketa egin ahalko du. Epe batean, paperezko argitalpen bat argitaratuko dugu bi astetik behin, digitalak ez diren irakurleentzat konpentsazio gisa. Tailer batzuk ere antolatu ditugu, hartzaile digital hasiberrientzat.

Interneteko eskaintzan berritasunak sartuko dituzue orain?

Azkeneko bi urte eta erdian aldaketa batzuk egiten aritu gara. Narrazio bertikalean hobeak izateko lanean ari gara. Aldatu ez duguna zera da: gutxiengo alemaniarrarekin gertu egotea eta tokiko arazoekin kezkatzea. Ordutegiari dagokionez, erredakzioa martxan da 07:00etatik 21:00etara—zenbaitetan, geroago—. Irakurleentzat hor gaude, esnatzen direnetik oheratzen diren arte.

Webean edukiak irakurtzeagatik dirurik kobratuko duzue ala doan izango da?

Gutxiengo alemaniarrak erabaki du egunkariko webgunearen eta aplikazioen eduki guztiak doakoak izatea. Hori posible da gutxiengo gisa finantzatzen dugulako: Danimarkakoa zein Alemaniakoa. Gainera, ez gaitu soilik gutxiengo batek irakurtzen, baizik eta gehiengo batek. Interneteko sare sozialetako iruzkinetan ikusten dugu hori.

Iruditzen zaizu pandemiak bizkortu egin duela zenbait hedabideren trantsizio digitala?

Gure plana pandemiaren aurrekoa zen, baina zortea dugu finantzaketa ona dugulako. Egunkari askorentzat, ordea, arazoa hori da: nola lortu digitaletik sarrera ekonomikoak. Pandemiako irakurle datuei dagokionez, egunik onenean 150.000 ikustaldi izan genituen webgunean.

Nola irudikatzen duzu Der Nordschleswiger egunkariaren etorkizuna?

Asteartean negar malkoren bat botako dugu paperezko azken zenbakiarekin. Baina etorkizun digital distiratsua ikusten dut, berrindartuta aterako gara. Iaz, Danimarkako hedabide askok aipatu zituzten gure istorioak. Baita BBCk, Der Spiegel-ek eta Bild-ek ere. Egunkariak Danimarkako gutxiengo alemaniarra elkartu du hamarkada luzez, baina, oro har, nukleo txiki batentzat izan da. Orain, itxaropena daukagu gure gutxiengoaren herritar guztiak elkartzea, paperezko egunkariak soilik belaunaldirik zaharrenek irakurtzen baitituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.