Lluis Arcarazo. 'El judici' dokumental saioko zuzendaria

«Espainian ez dute gaia programatu nahi»

Kataluniako buruzagi independentisten aurkako epaiketaren inguruko dokumental saio bat ematen ari da TV3. Arcarazok dio saioak ikuspegi kritikoa duela afera politiko bati Espainiak emandako erantzunarekiko.

MEDIAPRO.
urtzi urkizu
2021eko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Makina bat telesail eta filmen gidoiak idatzi ditu Lluis Arcarazok (Bartzelona, 1959). 2007an Goya sari bat jaso zuen, Salvador (Puig Antich) filmaren gidoiarengatik. Kataluniako gidoilarien elkarteko presidentea izana da.

Kataluniako prozesu independentistaren epaiketa eta 400 ordu baino gehiagoko grabaketak. Nolako prozesua izan da zuretzat El judici egitea?

Lan handia egin behar izan dugu, baina aberasgarria izan da. Lantaldea txikia zen: gidoietan, Marc Fernandez de la Vargarekin batera aritu naiz. Sistema bat antolatu behar izan genuen epaiketako ordu guztiak digeritu ahal izateko. Epaiketa bera sailaren hanka bat da, baina defentsako abokatuei egin genien jarraipenak garrantzi handia dauka. Auzipetuen senideekin ere egon ginen. Eta 30 pertsona elkarrizketatu ditugu, tartean zuzenbidean adituak.

Zortzi atal dira, bakoitza ordubetekoa. Laburpen osatua da,horrenbestez?

Hasieran pentsatzen genuen laburragoa izango zela, hiru edo gehienez lau atalekoa. Gaia lantzen ari ginela, jabetu ginen ondo kontatzeko atal gehiago behar genituela. Ordena pixka bat jartzen saiatu gara, eta arlo garrantzitsuenetan jarri dugu arreta.

Defentsako abokatuak askotan azaltzen dira. Nolakoak izan ziren grabaketak haiekin?

Garapen bat izan zuen. Hasieran, haien jardunari erreparatzea eskatu genienean, kontua ez zen erraza izan, abokatuak ez baitira aktoreak, futbolariak edo telebistako izarrak. Pixkanaka, ateak ireki zizkiguten, zenbait gauza interesgarri ikus genitzan. Defentsa une jakin batzuetan nola planteatu eta enfokatu behar zuten azaldu ziguten, eta horrek dramatikoki pertsonaiak erretratatzeko aukera eman zigun. Thriller judizial bat da saioa. Abokatuen estrategia desberdinak ere ageri dira: Jordi Cuixarten abokatuena politikoagoa zen, eskubide zibilei lotua; eta Quim Fornen abokatuarena, guztiz teknikoa.

Dokumental saioa ikusle datu onak ari da lortzen.

Lehen egunean bi atal eman zituen TV3ek, eta %16,5eko kuota izan zuen; hirugarren atalak,%14,6koa. Epaiketa politiko bat da Europaren bihotzean, eta saioak ikuspegi kritikoa du Espainiako Estatuak afera politiko bati eman dion erantzunarekiko.

Auzipetuen senideek zer esan dizuete?

Hainbat senidek atalak ikusi ahal izan zituzten TV3eko estreinaldiaren aurretik. Interesatu izan zaigu senide batzuek izan duten transformazioa ere: pertsona anonimoak izateari utzi, eta publikoki aurpegia ematen dute orain, mitinetan parte hartzen dute. Dolors Bassaren ahizpa diputatua da orain Espainiako Kongresuan, eta Raul Romevaren bikotekidea eurodiputatu hautatu zuten. Garapen pertsonal horrek badu interesa.

Zer ondorio atera duzu epaiketan hainbeste orduz sakondu ostean?

Ondorio gazi-gozoa da. Lantaldean hasiera-hasieratik genuen sentipena zen presoek kanpoko zelaian jokatu behar zutela partida, eta hori giroan dago une oro. Erronka politiko baten aurka, non Kataluniako gizartearen parte handi batek independentzia nahi duen, Espainiako Estatuak neurri judizial batzuk artikulatu ditu. Beraz, Madrildik erantzun juridiko bat egon da auzi politiko baten inguruan, aurrerantz ostiko bat emanda. Ikusiko dugu hemendik urte batzuetara Estrasburgoko auzitegian zer esaten duten epaiketaz. Baina konponbideak hitzartua eta demokratikoa izan behar du.

TV3eko estreinaldiaren ostean, El judici-k bidaiatu dezake beste toki batzuetara?

Proiektua pentsatua dago ez dadin soilik TV3en geratu; espero dut nazioartean bidea egitea. Ingelesezko bertsioa egina daukagu, eta off-eko ahotsa Brian Cox aktore eskoziarrak jarri du. Ideala litzateke Espainian ikustea eta eztabaida piztea. Baina Mediaprorekin egin ditugun beste dokumental batzuekin ikusi dugu Espainiako kateek ez dutela gaia programatu nahi.

Procés-aren inguruan fikzioak egiteko oso goiz al da oraindik?

Bai, goiz da. Badakit saiakera batzuk egon direla Urriaren 1aren inguruan fikzioak egiteko. Interesa badago fikzio bat telebistara edo zinemara eramateko, baina itxaron egin beharko da apur bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.