June Loidi. Super Amara Bera Berako jokalaria

«Toki aproposenean nago ikasteko; onenekin nago»

Bera Berak Paris 92 hartuko du gaur Gaskan, Europako Ligako bigarren kanporaketako joaneko partidan (12:00, ETB1). Loidik estreinakoa du Europan: «Markatua nuen egun hau».

JON URBE / FOKU.
Julen Etxeberria.
2021eko urriaren 17a
00:00
Entzun
«Ikastaro oso trinko bat»; Halaxe definitu du June Loidik (Elgoibar, Gipuzkoa, 2000) Super Amara Bera Beran daraman denbora apurra; hiru hilabete eskas. Oso gutxi behar izan du ohartzeko «jauzi handia» dagoela Zuazotik Donostiako taldera. Baina «poliki-poliki» ari da barneratzen aldaketa. Ez du presarik. Gauzak argi ditu.

Nola barneratu duzue lehen aldiz ligan ez irabaztea?

Ondo. Imanolek [Alvarez] oso ondo azaldu zigun: lehenbizi, bi puntu lortu genituen; gero, galdu egin genituen; eta azkenean, bat lortu genuen. Gaitz erdi.

Ro'Casarekin berdinduta zineten, baina hark galdu egin zuen Aula Valladoliden aurka. Horrek arindu egin du gertatutakoa?

Mesede galanta egin digu.

Argi dago: inor ezin da lasaitu.

Ez. Partida guztiak dira garrantzitsuak. Ez dago lehia errazik.

Mesede egin diezazuke belarriak tente izateko?

Ez dut uste taldea lasaitu zenik. Jende gutxirekin entrenatu ginen aurreko egunetan, hainbat jokalari selekzioekin ari baitziren. Horiek kargarekin iritsi ziren, nekatuta, eta uste dut ordaindu egin genuela. Baina ondo entrenatu gara azken egunetan. Prest gaude.

Bestelakoan, kexatzeko arrazoi gutxi duzue. Bikain ari zarete.

Oso pozik gaude, astez aste gero eta hobeto ari garelako.

Argi geratu da berriz ere oinarri sendoa duela taldeak.

Hiru jokalari baino ez gara iritsi, eta horietatik bat atezaina da. Beraz, errazagoa da egokitzapena. Taldea egina dago, eta bakoitzak badaki zein den haren egitekoa.

Sasoi onean ekingo diozue Europako Ligari?

Haiek [Paris 92koek] egun gehiago izan dituzte partida prestatzeko, baina ondo iritsiko gara.

Zer itxura hartzen diozu kanporaketari?

Oso aurkari gogorra da: ez du galdu ligan. Baina ikusi dugu edozer gerta daitekeela partida batean. Argi dugu oso lan ona egin beharko dugula irabazi nahi badugu.

Zer dakizue aurkariaz?

Frantziako Ligako ohiko taldea da: haren jokalari gehienak gureak baino indartsuagoak dira. Indarrez ez dugu zer eginik, baina saiatuko gara gure dohainei etekina ateratzen: defentsa sendoa eta bizitasuna. Lortzen badugu, aurre egingo diegu.

Estreinakoa duzu Europan. Tximeletak dituzu sabelean?

Bai. Taldera iritsi nintzenetik markatua nuen Europako lehen partidaren eguna. Nork esango zidan 21 urterekin halako partida bat jokatuko nuenik? Berezia da, baina pistara irten bezain laster ahaztuko dut lehen aldia dudala. Nire onena ematen ahaleginduko naiz.

Halako partidak jokatzeko etorri zara Bera Berara?

Arrazoietako bat da, baina Bera Berak beste gauza erakargarri asko ditu: ligako talderik onena da, jokalari onenak ditu, eta plazera da haiengandik ikastea.

Zuazon ari zinen, talde apalago batean. Aldaketa nabaritu duzu?

Ezin dira alderatu: batek mailari eustea du helburu, eta besteak liga irabaztea. Baina bietan lan gogorra egin behar da jokatzeko.

Zerbaitek eman dizu arreta Bera Beran?

Espero nuen bezalakoa da: lantalde jatorra dago, eta oso langilea; lanari esker lortu dute dena.

Baita kalitateari esker ere.

Noski, eta oso pozik nago jokalari bikain hauengandik ikasteko aukera dudalako. Asko dut ikasteko, eta non ikasiko dut gehiago onenen ondoan egonda baino. Toki aproposenean nago ikasteko eta hazteko. Onenekin nago. Horretan ari naiz: talde, jokamolde eta rol berri batera egokitzeko lanean.

«Erronka polita bezain gogorra da Bera Beran jokatzea»; esan zenuen aurkezpenean. Hala da?

Bai. Polita da hemen egotea, baina gogor egin behar da lan hemen jokatzeko; merezi duzula erakutsi behar duzu.

Bi sasoirako sinatu duzu, eta, diozunez, «trantsizio moduan» hartu nahi duzu lehena. Zergatik?

Jauzia egitea da hona etortzea. Saiatu behar naiz taldera, jokamoldera eta rol berrira egokitzen, baita ahal dudan guztia ikasten ere. Ea datorren sasoian aurrerapausoa eman dezakedan. Oraingoz, poliki-poliki joan nahi dut.

Horregatik esan zenion ezetz Bera Berari duela bi urte?

Bai. Bera Berak deitu ninduenean ez nengoen prest. Urtebete bakarrik neraman maila nagusian, eta uste nuen gehiago jokatu behar nuela, partida guztiak irabazteko presioa izan gabe. Zuazon aukera gehiago nuen horretarako. Aurreko sasoian, ordea, erabaki nuen prest nengoela jauzia egiteko, sasoiz eta buruz. Ondo aterako ote den? Ez dakit, baina saiatzen ari naiz hala izan dadin.

Duela hiru urte Euskal Ligan ari zinen jokatzen, herrian. Sentipena duzu gauza asko pasatu zaizkizula oso denbora gutxian?

Bai. Atzera begira jarri, eta ez dut sinesten duela oso gutxi herriko taldean ari nintzela. Baina oinak lurrean izan nahi ditut. Une onak bizitzen ari naizen moduan, txarrak ere etorriko dira, eta horiei aurre egiten jakin behar da.

Zertan duzu gehien hobetzeko?

Batez ere, erasoan, baina defentsan konfiantzaz ari naizenez, espero dut horrek laguntzea erasoan ere hobetzeko.

Zer esaten dizu Alvarezek?

Defentsan ari naiz batez ere, baina nabari dut bai berak bai taldekideek konfiantza dutela erasoan ere lan ona egin dezakedala.

Nabari duzu egunez egun hobetzen ari zarela?

Bai. Oraindik hutsak egiten ditut, baina gero eta jokalari hobea naizela sentitzen dut. Toki ezin aproposagoan nago hazteko.

Gazteena zara. Gainean dituzu?

Hasieratik oso ondo hartu naute. Beti daude laguntzeko prest. Oso gustura nago.

Ikasi ere egiten duzu. Nola daramazu biak batera egitea?

Soin Hezkuntzako Euskal Erakundeko azken urtean nago. Ligaren egoera ikusita, ezinbestekoa da ikastea. Nik zortea izan dut urtez urte ari naizelako, baina eskubaloian jokatzen ari direnei eskatuko nieke mesedez ez lagatzeko ikasketak. Eskubaloia oso polita da, eta denok nahiko genuke honetaz bizi. Baina gaur-gaurkoz, hori ez da posible. Azkarrago edo mantsoago; berdin dio. Ikas dezatela zerbait. Ezinbestekoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.