Eneko Oroz. Eduki sortzailea

«Twitter Spaces erabilgarria da zenbait unetarako»

Twitter Spaces izeneko audio gelak euskaraz erabiltzen hasi diren lehen txiolarietako bat da Oroz. Iruditzen zaio profil desberdinetako euskaldunek egin behar dutela saiakera bera.

JON URBE / FOKU.
urtzi urkizu
2022ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Twitterren 2009an hasi zen Eneko Oroz (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1984). Bakarrik edo bi izeneko podcast esperimentala jarri du martxan.

Twitter Spaces erabiltzen hasi diren lehen txiolari euskaldunetako bat zara. Zer da zehazki Twitter Spaces?

Twitter espazioak audio gela batzuk dira. Clubhouse tresnarekin alderatu daiteke, baina horrek arazo bat zuen: mugatua zen, gonbidapen bidez sartu behar zuen jendeak. Twitterrek aukera ikusi du halako tresna bat sortzeko. Gela horietan hamar pertsona egon daitezke hizketan, eta entzuten, nahi bezainbeste.

Zer moduz joan dira zure saiakerak?

Emaitza desberdinak izan ditut. Saiakera bat Pantailak Euskaraz egitasmoa eta #3000Twitz kanpainari buruzkoa izan zen, eta horrek ikusmin handia piztu zuen; jende asko sartu zen. Beste saiakera batzuetan jende gutxiago egon da, eta kostatu egin da sartu direnek parte hartzea. Gerta daiteke gai batzuk ez izatea interes talde oso zabalentzat.

Youtuben bideo tutorial bat jarri duzu tresnaren berri emateko. Azaldu duzunez, Twitterren ez daudenak ere sar daitezke gela horietan.

Twitter Spacesen hitz egiteko, Twitterren aplikazioa izan behar duzu sakelako telefonoan. Baina nabigatzailetik entzun daiteke, eta ez da beharrezkoa Twitterreko kontua izatea. Hartaz, zuzeneko podcast bat balitz bezala egon zaitezke entzuten beste zerbait egiten duzun bitartean.

Euskal Herritik kanpoko zenbait hedabidetan ere hasi dira erabiltzen. Noiz iruditzen zaizu izan daitekeela erabilgarria?

Adibide bat jarriko dizut: Europako futboleko Superliga martxan jarri ala ez jarri eztabaida piztu zenean, gatazka handia egon zen sareetan. Zuzeneko eztabaida asko egon ziren, eta damutzen naiz ez nuelako euskaraz halakorik sortu. Twitter espazio batek arrakasta izateko, zerbait esateko duen jendea izan behar duzu inguruan. Kazetari edo komunikatzaileek sortzen badituzte, bereziki harreman asko dituztenek, funtzionatu dezakete. Aktualitateko zenbait unetan tresna erabilgarria izan daiteke. Komunitateen kontuetarako interesgarria da.

Korrika datorrenerako izan al daiteke, adibidez?

Korrika etortzen denerako nik ilusioa dut Twitch plataforman zerbait egiteko. Aurtengo Korrika desberdina izango da, teknologikoki egoera aldatu delako eta itxaronaldi baten ostean datorrelako. Sarean zerbait desberdina egiteko momentua izan daiteke.

Euskal komunitatearentzat zer aukera ekar ditzakete Twitter Spaces delakoek?

Interesgarria izan daiteke, baldin eta ahots desberdinak animatzen baldin badira. Espazio oso gutxi ikusi ditut euskaraz, baina, gero eta jende gehiago hasten bada halakoak egiten, formatu berriak irits daitezke. Euskara praktikatzeko Solaskide egitasmoarekin egin nuen ahalegin bat, eta agian horretarako ere balio dezake. Katalanezko adibide bat bada: Gerard Querolek sortutako #TinderCat egitasmoak sekulako tiradizoa izan du. Sortu zuen azken espazioan 1.200 herritar egon ziren. Ondo legoke profil desberdinetako euskaldun askok egitea saiakera. Twitterren, gainera, sareak eginak daude.

Bakarrik edo bi podcasta ikus-entzunezkoetara pasatzeko lehen saiakera egin duzu. Horretan jarraitzeko asmotan zabiltza?

Ikus-entzunezkoetan eroso sentitzen naiz. Podcasta ikus-entzunezkoetara eramateko lehen saiakera Lasarte-Oriako euskararen maratoiaren ingurukoa izan zen: berezia da lasartearrentzat, eta audioa motz gelditu zitekeela iruditzen zitzaidan. Gainera, euskararen maratoiaren inguruko halako kontu gutxi daude Interneten. Saiakera ez zen guztiz ondo atera, baina asmoa dut berriro saiatzeko.

Zer desberdintasun nabarmenduko zenituzke Twitcheko eta Twitterreko euskal komunitateen artean?

Twitcheko euskal komunitatea txikia da, eta identifikatuta dago. Twitter askoz zabalagoa da, eta aniztasun handia dago. Munduan gorroto raid-ak izenekoak ematen dira Twitchen, eta pertsona jakin bat seinalatzen eta iraintzen dute; euskal komunitatean, ordea, ez dago halakorik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.