Pau Freixas. 'Todos mienten' telesailaren sortzaile eta zuzendaria

«Familia kontuekin badaukat zerbait»

Movistar Plus plataformak 'Todos mienten' telesaila estreinatuko du bihar. Freixasek uste du fikzioak herrialde askotara bidaiatu dezakeela. Haren esanetan, «thriller generoak toki guztietan funtzionatzen du».

VALERO RIOJA.
urtzi urkizu
2022ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Makina bat fikzioren gidoilari, ekoizle eta zuzendaria izan da Pau Freixas (Bartzelona, 1973).

Nola piztu zitzaizun Todos mienten telesaila sortzeko ideia?

Nire ideia thriller bat egitea zen. Sé quien eres telesaila zerebrala zen, eta, kasu honetan, pertsonaien bulkadekin eraiki nahi nuen istorioa. Lau emakume dira, eta ametsetako etxeetan bizi dira, baina, horren atzean, asetze falta dago. Horrek abiatzen du kontakizuna. Lehen puntua sare sozialetako bideo bat da: emakumezko irakasle bat ageri da 18 urteko mutil batekin oheratzen, ikasle batekin. Mutila andrearen lagunik onenetako baten semea da. Domino fitxak erotzen doaz gero.

Istorioa eraikiz doa, pixkanaka-pixkanaka.

Bai, eta hasieran umore beltza eta fribolitatea dauden arren, atalek aurrera egin ahala tonu diskurtsibo bat garatuz doa.

Narrazioan garrantzi handia dute denbora jauziek, ezta?

Hori, funtsean, mekanismo bat da ikuslea kateatzeko. Eta ikus-entzuleak puzzlea osatu dezan ere bai. Thriller batean, ikusleak deskubritu nahi du nor den hiltzailea, eta denboran jauziak egiteak aukera ematen du puzzlearekin jolasteko.

Sé quien eres telesailarekin badaude antzekotasunak: irakasle baten eta ikasle baten arteko sexu harremanak, ekonomikoki eroso bizi diren familiak...

Bi telesailek familia dute kontakizunaren erdigunean. Sé quien eres-en bi familia ziren protagonista, eta Todos mienten-en lau dira. Telesail berrian, metaforak indar handiagoa du: mundu perfektua, eta horren atzean dauden sekretuak. Familia kontuekin badaukat zerbait: asko interesatzen zait gaia. Benvinguts a la familia telesaila horren adibide da, baita nire film batzuk ere.

Movistar Plusekin zer moduz joan da harremana?

Oso ondo, oso eroso sentitu naiz. Industria asko aldatu da: egun autoreari askatasun handia ematen zaio. Sentitu dut harreman naturala izan dudala plataformarekin, errespetu handikoa.

Todos mienten-ek urrunera bidaiatu al dezake?

Bai, ziur nago hala izango dela. Thrillerrak oso unibertsalak dira, eta generoak toki guztietan funtzionatzen du. Giza miseriak berdintsuak dira herri guztietan. Telesailek erraz bidaiatzen dute generoak eta erritmoak ondo baldin badoaz.

Movistarreko ikusleak harrapatzea errazagoa izan al daiteke aktore protagonistak haientzat ezagunak direlako?

Bai, baina kontu hartu: AEBetako telesailik zabalduenetan gutxi izaten dira aktore ospetsuak. Game of Thrones hasi zenean, jendeak ez zituen ezagutzen aktoreak. Gauza bera gertatzen da beste fikzio batzuetan; Poloniako telesail bat ikusten duzu, eta aktoreak haien herrialdean ezagutuko dituzte, baina zuk ez.

Zenbait ikusle Pulseres vermelles telesailarengatik gogoratuko dira zurekin. Katalanez zen; asko bidaiatu zuen. Katalanezko, galegozko eta euskarazko telesailek munduan barna bidaiatu al dezakete?

Bai, noski. Edozein herrialdetara zoazela, berdin zaie telesaila gaztelaniaz ala euskaraz den. Azpidatziak jarriko dituzte berdin-berdin. Garrantzitsua zera da, istorioak kateatzea, balioak izatea, gustagarria izatea. Euskarazko telesail batek musikaltasun berezia dauka, eta munduko toki askotan piztu dezake interesa.

Iaz munduan ikusle gehien izan zituen telesaila koreeraz zen.

Hala da. Hizkuntzen muga ez da ikusi behar zailtasun moduan, eta hizkuntzak balio bat dira. Koreako lan asko sartu dizkigute gero.

Zer iruditzen zaizu Espainiako ikus-entzunezkoen lege berrian plataformetan kuotak jartzea katalanezko, euskarazko eta galegozko edukientzat?

Oso ondo iruditzen zait. Kultur aniztasuna erakusteko aukera ematen duen guztia ona da. Funtsezkoa da produktu onak egitea: ezin daitekeena da hizkuntzaren aitzakiarekin produktu txukunak ez egitea. Ona da hizkuntza horietan edukiak sustatzea, bestela industriaren aldetik erosoa baita gaztelaniaz ekoiztea.

Zineman aritua zara. Nola ikusten duzu aretoen egoera?

Pandemia errematea izan da. Ahalegina egin behar da jendea aretoetara joateko: solasaldiak, ekitaldiak... COVID-19a gainditzeak ere lagunduko du horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.