Amaia Uribe. EITBko kazetaria

«Min handia egin zion Trumpek kazetaritzari»

New Yorken bost urtez EITBko berriemaile gisa lan egin ondoren, duela hilabete inguru itzuli zen Euskal Herrira Amaia Uribe. Bere bizitzako esperientzia izan dela dio kazetariak.

BERRIA.
Amaia Jimenez Larrea.
2022ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
New Yorkeko kale jendetsuetan berriemaile gisa egon da Amaia Uribe (Forua, Bizkaia, 1985) bost urtez. Orain herri txiki batean bizi da, familiaz eta lagunez inguraturik. Hemengo bizitza «errazagoa» dela dio Uribek. Bost urte horietan makina bat gertakari jaso ditu bizkaitarrak EITBrentzat. Arlo profesionalean «master» bat egin duela dio.

Ba al zenuen Euskal Herrira itzultzeko gogorik?

Pena handiarekin itzuli nintzen Euskal Herrira, oso gustura egon naiz New Yorken. Nire senarrarekin eta urtebete besterik ez zuen semearekin joan nintzen Ameriketako Estatu Batuetara [AEB]. Nire lanarengatik joan ginen, eta nire senarrak hemen lan aukera bat izan duelako itzuli gara.

New Yorkeko korrespontsal izateari utzi zenionean, Yerai Diazi eman zenion erreleboa. Zer izan zen zuretzat beste emakume batek hartzea postu hori?

Oso momentu pozgarria izan zen Yerairi [Diaz] lekukoa ematea. Gainera, lanean elkarrekin ibilitakoak gara. Azken hamar egunetan elkarrekin bizi izan ginen, etxe berean. Guztiak nola funtzionatzen zuen azaltzeko errazagoa zen batera bageunden. Hango lana oso ezberdina da eta.

Aholku asko emango zenizkion egun horietan. Baina, zure ustez, zein da inoiz ahaztu beharko ez lukeen aholkuetako bat?

Nik esan nion lan egiteko, baina baita gozatzeko ere. Azkenean korrespontsalok lan pila bat egiten dugu, beti gaude mugikorrari lotuta. Plan bat egiten dugunean badakigu edozein momentutan albiste bat atera daitekeela. Hala ere, oso jende gutxik duAEBetan lan egiteko eta bizitzeko aukera.

Euskal Herriak eta AEBek ez dute inongo antzik, bizimoduari dagokionez. Kanpotik behintzat hori ematen du.

Batere ez. Dena oso desberdina da. Hasteko, hiria. Ni, hemen, Euskal Herrian, oso herri txiki batean bizi naiz, eta New York zortzi milioi biztanle dituen hiri erraldoi bat da. Dena desberdina den eran, jendeari hori modu egokian eta ulertzeko moduan kontatzeko ardura ere baduzu.

Garai konplikatuak bizi izan zenituen. Zer izan zen gogorrena?

Dena. Bost urte izan dira, baina hamar izango balira bezala pasatu dira. Ni iritsi nintzenean [Donald] Trump boterean zegoen, eta une oro geunden kazetariok lanean. Edozein momentutan jartzen zuen txio bat Twitterren, eta adi egon behar zenuen. Pablo Ibarren epaiketa, pandemia, George Floyden hilketa, presidente aldaketa, eta harekin aro guztiz desberdin baten hasiera... Gai mota asko landu ahal izan ditut. Pentsatzen hasten banaiz zenbat gauza desberdinen inguruan informatu ahal izan dudan, harritu egiten naiz.

Zertan desberdintzen dira, bada, bi presidenteen aroak?

Trumpen aroan, izugarrizko kanpaina egin zuen komunikabideen kontra; albiste guztiak ziren fake news-ak harentzat. Min handia egin zion kazetaritzari. [Joe] Bidenekin oso desberdina izan zen dena. Informazioa emateko moduak oso bideratuta zeuzkan, eta egunero ematen zituen prentsaurrekoak.

Lan karga handia al zen?

Bai, korrespontsalok oso bakarrik gaude, guk egin behar izaten dugu produkzio lan guztia. Ni oso goiz hasten nintzen lanean, eta gauean oraindik ere lanean jarraitzen nuen irratientzat. Lan ordu luzeak izaten ziren, eta astebururik gabeko aste asko. Baina nik uste dut berriemaile moduan zoazenean, eta bereziki New Yorkera, badakizula zertara zoazen; nik behintzat banekien.

Kazetaritzaren ikuspuntutik, hango kazetaritza eta hemengoa oso desberdinak al dira?

Bai. Niri bereziki harrigarria iruditu zitzaidan medioek zenbat baliabide dituzten. Botere handiko medioak dira, eta sinesgarritasun handia dute, eta horrek asko laguntzen du.

Zer da bost urte hauetan ikasi duzun gauzarik handiena?

Beste pertsona bat naiz bost urte hauen ondoren. Mundua ikusteko modua aldatu dut. Jende eta kultura asko ezagutu ditut, eta esperientzia gisa oso-oso aberasgarria izan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.