Santakrutzak Andoainen

Betaurreko moreak, baita herriko festetan ere

Urtarrilean sortu zuten Andoaingo Asanblada Feminista, «emakumeak biltzeko» eta «ahalduntze pertsonal zein kolektiboa bultzatzeko» asmoz. 'Pintxada' feminista egingo du ostiralean, kuadrillen egunean.

Andoaingo Asanblada Feministako hainbat kide. ANDOAINGO ASANBLADA FEMINISTA.
Izaro Zinkunegi Barandiaran.
2018ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Eraso sexistarik ez egotea eta mugimendu feministarekiko sentsibilizazioa sortzea». Horiek dira Andoaingo Asanblada Feministaren helburuak Santakrutzetan. Urtarrilean sortu zuten taldea herriko hainbat emakumek. Santakrutzetako jai batzordeko kide dira. Pintxada feminista egingo dute ostiralean, kuadrillen egunean, eta txosnetan ere parte hartuko dute.

«Betaurreko moreetatik begiratuta, asko dago egiteko herrian». Hala adierazi du Olaia Zapirain Andoaingo Asanblada Feministako kideak. Urtarrilean sortu zuten asanblada. «Emakumeak biltzeko sare edo elkargunea sortzea da helburua, hausnarketa eta ahalduntze pertsonal eta kolektiboa egin ahal izateko». Herrian, berriz, feminismoarekiko sentsibilizazioa bultzatu nahi dutela esan du, «kezkak plazaratzeko eta hausnarketari ekiteko».

Festen atarian, jai batzordean ari dira lanean asanblada feministako kideak. Eraso sexistarik ez izatea eta taldea ezagutaraztea dira, besteak beste, jaietako helburuak. Horretarako, erasoen aurkako protokoloa landu dute. Egitarauari dagokionez, berriz, pintxada egingo dute (abesti feministak jarriko dituzte). Txosnetan ere hartuko dute parte.

Eragile feminista baten beharra sumatu zuten herriko zenbait emakumek, Zapirainek azaldu duenez: «Eremu feministatik gertuko hainbat emakumek Andoainen eragile feminista bat behar zela ikusten genuen. Susmoa genuen jende asko zegoela gogo berarekin». Horri heldu zioten kuadrilla eta adin ezberdinetako bost emakumek, eta bilerara deitu zuten. «Gure asmoa azaldu genuen, eta jende askok partekatzen zuela ohartu ginen, baita batzarretik kanpo ere».

Emakumeen sarea martxan da ordutik. Batzarra askotarikoa da, Zapirainen arabera; adin eta esparru ugaritako emakumeek osatzen dute: «14 eta 60 urte arteko emakumeak gara, Bigarren Hezkuntzako ikasleak, unibertsitatekoak, langileak...».

Martxoaren 8ko indarra

Bi astez behin biltzea eta barne hausnarketa egitea zen asanblada feministaren asmoa, Zapirainek azaldu duenez. Ordea, ohartzerako heldu zitzaien Emakumeen Nazioarteko Eguna. Pozik dira herrian izan zuen erantzunarekin: «Kaleko lehenengo ekintza izan zen Martxoaren 8a. Gure sorpresarako, jende asko eta oso plurala bildu zen. Euskal Herrikoaren isla izan zen Andoainen ere. Bultzada handia izan da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.