Donostiako 66. Zinemaldia. Zuzendari Berriak. Leon Siminiani. Zinema zuzendaria

«Lapurretei buruzko film onak lapurraren atzekoa erakusten du»

Leon Siminianik betidanik izan du amets lapurreten inguruko film bat egitea. Fikzioa egin beharrean, ordea, 'Apuntes para una película de atracos' pelikulan jaso du beraren eta lapur baten arteko harremana.

JON URBE / FOKU.
Maider Galardi
Donostia
2018ko irailaren 22a
00:00
Entzun
«Maite ditut lapurreten inguruko filmak», aitortu du Leon Siminiani zinema zuzendariak (Santander, Espainia, 1971). 2013an aurkitu zuen aitzakia, Vallecasko Robin Hood atxilotu zutenean. Harekin kontaktuan jarri, eta ordutik bien arteko harremanak izandako bilakaera jaso du dokumental batean. Ezizena ere jarri dio lapurrari: Flako. Donostiako 66. Zinemaldiko Zuzendari Berriak sailean aurkeztu du orain dokumentala: Apuntes para una película de atracos (Lapurretei buruzko filma egiteko oharrak).

Betidanik egin nahi izan duzu lapurreten inguruko pelikula bat, baina nola sortu zen egiaz Apuntes para una película de atracos filma egiteko ideia?

Egin nuen lehen filmean garrantzitsua izan zen lehen pertsonako narratiba osatzea. Oraingoan ere estilo subjektiboan sakondu nahi izan dut, baina ni-tik zu-ra jauzi eginez. Horretarako, pertsonaia bat behar nuen, baina ez nuen argi norengana jo. Egia da nire ametsa beti izan dela lapurreten inguruko film bat egitea, eta hitzaldi batean bota nuen ideia. Solasaldiaren ostean etorri zitzaidan kazetari bat esanaz ezagutzen zuela polizia bat lapur bat atxilotu berri zuena. Polizia horrekin jarri nintzen harremanetan, eta orduan ekin nion proiektuari.

Dokumentala egitea prozesu luzea izan da. Ia bost urte eman dituzu horretan. Aldatuko zen hasierako ideia, ezta?

Jakina, asko aldatu da, eta igartzen da pelikulan. Hasierako xedea zen nik saiakera bat egitea erakusteko nolakoa den lapurreten inguruko film bat egitea. Dokumentatu nintzen, eta horregatik jo nuen Flakorengana. Baina prozesuak aurrera jarraitu ahala, ohartu nintzen pertsonaia horrek behar zuela espazio handiagoa, eta, horrela, bira oso bat ematen du dokumentalak. Nire tresna baliotsuena eskaintzen diot Flakori: Off-eko ahotsa. Istorioaren kontaketa eskaintzen diot.

Zuen arteko harremanak ere izango zuen bilakaera.

Hasieran bagenion elkarri halako susmo txar bat. Nik ere banion beldurra, baina denbora joan ahala, halako konplizitate batean bilakatu zen, eta orain badugu adiskidetasuna. Hazi egin da gure harremana, nolabait esatearren.

Laguntasun horren prozesua ere ageri da filmean. Nolabait, humanizatu egin duzu lapurra?

Noski. Lapurreten inguruko film onak ez dira soilik lapurrez ari direnak, horien atzean dagoen pertsona azaleratzea garrantzitsua da. Jakin nahi nuen zein istorio zegoen albistegietan agertzen ziren pertsonaia horien atzean. Asko interesatzen zitzaidan beren dinamika humanoa. Are, Flakoezagutu ondoren ohartu nintzen dinamika hori uste baino aberatsagoa zela: bere aita ere lapurra zen, bera jaio berritan atxilotu zuten aita, eta Flako harrapatu zuten egunean jaio zen bere alaba...

Hain justu, hiru dira filmean gurutzatzen dituzun ardatzak: lapurraren irudi mitifikatua, zure eta bere bizitza intimoena, eta lapurreten inguruko film gogoangarriak.

Bai, nolabait ispilu joko hori egin nahi izan dut. Hasi nintzenean kartzelan bisitatzen, hiru ziren hizketagaiak: aitatasuna, lapurretak eta literatura. Aitatasuna oso presente egon da prozesuan. Nolabait, bilakaera osoaren kronika eraiki nahi izan dut.

Egunerokotik asko duen dokumentala da, baina Flakok zera dio une batean: «Oso zaila da aldi berean antzeztea eta bizitza erreala egitea». Badu fikziotik?

Kontaketa bat osatu nahi nuen, errealitatea landu fikzioaren tresnekin. Gainera, Flakorentzat kamera egote hutsa antzezteko aitzakia bat zen. Bestalde, nik nahi nuen pelikulak izan zezan zinema beltzaren kutsua. Identitate hori sortzeko jokatu dut argiekin, musikarekin, espaziorekin...

Bada tentsio bat lapurreten epika kontatzearen eta barne korapiloak azaltzearen artean.

Bai. Nik filma hasi nuenean banituen Hollywoodeko lau bat filmen erreferentziak. Flakok, berriz, beti aipatzen zidan Albert Spaggiari lapurra. Eredua zen, niretzat film horiek bezala. Beraz, nik zinema beltzaren mitologia ekarri nuen Espainiara, eta berak Spaggiariren mitologia Madrilgo Vallecas auzora eraman zuen.

Hain justu, klase sozialen auzia ere landu duzu dokumentalean.

Ez da klase borroka azaltzen duen pelikula bat, klase kontzientzia lantzen duena baizik. Hark hasieratik ikusi gintuen parean, baina nik esaten nion ez nahasteko; bakoitzak bere testuinguru soziala izan dugu, eta horrek eragina izan du gure bilakaeran. Flakok egindako bi lapurreta hartzen ditutaitzakia: bata Madrilgo Salamanca auzoan egin zuen, auzo aberats batean, eta bestea, berriz, langile auzo batean. Beraz, hasieratik nuen gogoa klase dialektika hori pelikulan agerian uzteko.

Ez al da muga estua pertsonaia humanizatzearen eta gaizkilea ulertu nahi izatearen artean?

Egia da pelikulan lapurreta handien atzeko pertsonari buruz gehiago jakiteko aukera dugula. Horrek ez du esan nahi, noski, egindako ekintza biolento guztiez salbuetsita gelditzen denik.

Baina Asunta auzia-ren inguruko telesaila egin zenuen, eta orain Alcasser kasua duzu langai. Ez duzu intentzio bera?

Zeren asmoa, baina?

Gaizkilea ulertu nahi izatekoa.

Ez dakit. Asunta auzia-rekin bi urte egon ginen bueltaka, eta oraindik ere badugu harremana Basterrarekin [Alfonso Basterrari bere alaba Asunta hiltzeagatik espetxe zigorra ezarri zioten, baita Rosario Porto amari ere]. Oraindik uste dut beren buruaren barruan dagoen misterioa ezin dela argitu. Beraz, horrek ez du amaierarik, ulertzeko ahaleginak ez duelako aurrera egin. Alcasserrekoa desberdina da. Ikuspegi asko daude, eta kontu asko sartzen dira istorio horretan: gurasoak, hedabideak... Nik uste dut ulertzeko baino gehiago, ikasteko dagoela asko. Zentzu horretan, asko ari naiz ikasten ni ere. Batetik, zergatik egiten dituen jende horrek horrelako gauzak, eta bestetik, jende arruntarengandik hain urrun ere ez daudela ohartzeko.

Filmean behintzat bada intentzio hori: pertsonaiaren atzeko pertsona ezagutzekoa, ezta?

Bai, Flakoren unibertsora hurbildu nahi izan dut, zerbait eraikitzailea egiteko, eta berak eskaini didana jasotzeko. Oraindik deskubritzen ari naiz, mantentzen baitugu lotura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.