Musika Banden Federazioa sortu dute, jardunari ekin eta banden lana sustatzeko

Musika banden artean elkarlana landu, egungo egoera «desblokeatu» eta banden esanguraz ohartarazi nahi dute. Hogei taldek abiatu dute

Pello Leiñena, Aritz Labrado eta Aitziber Atorrasagasti, atzo, Donostian. MUSIKA BANDEN EUSKAL FEDERAZIOA.
itziar ugarte irizar
Donostia
2021eko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Egon dira saiakerak lehendik ere, «baita [36ko] gerra aurretik ere», baina gaur artean ez da lortu han-hemengo musika bandak aterki berean bilduko zituen erakunde bat sortzerik. Orain arte. Eman berri dute pausoa, pandemiak herriko musika banden eremuan izan duen eraginaz kezkaturik eta egoera urrats berriak egiteko akuilutzat hartuta. Musika Banden Euskal Federazioa jarri diote izena, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hogei bandekin jarri dute martxan oraingoz, Eusko Jaurlaritzaren, Musikeneren eta Eresbilen laguntzarekin. Aritz Labrado federazioaren lehendakariak aurreratu duenez, bi egiteko nagusi izango dituzte: luze gabe, pandemiak banden eremuan utzitako egoera «desblokeatzea», eta, luzera begira, sor daitezkeen proiektuetan eragitea, «musika banden lana sustatu, duindu eta haien lanak duen ekarpen sozial, kultural eta pedagogikoa aitortzeko».

Izan ere, Labradoren esanetan, «inork ez du zaindu» musika banden eremua pandemia abiatu zenetik honako denboran. Gogora ekarri du lehen hiletan «kultura, oro har, mapatik desagertuta» egon zela, eta aipatu du apurka zenbait talde jardunera itzultzen hasi baziren ere musika bandek zaila izan dutela: «Badira martxotik itzuli ez direnak, eta azarotik berriz etenda daude asko». Azaldu du oro har banda gehienak herritarrez osaturiko taldeak direla eta «amateurren» izendapena egokitu izan zaiela, eta izendapen horrek azken hiletan ezinezko egin diela jardunera itzultzea— amateurrek euren jarduera «debekatuta» baitute azarotik—.

Labradoren esanetan, ordea, musika bandek badute «instituzionalizazio maila bat», beste talde amateur batzuetatik bereizteko —«udalekin elkarlanean aritzen dira; askotan udalaren lokaletan entseatzen dute; zuzendarienak lanpostuak izan daitezke...» —, eta, hala, aurreratu du eurentzat propio diseinatutako protokolo bat landu dutela, Jaurlaritzari aurkeztu diotena, «semiprofesional» gisako izendapen bat eskuratu eta jardunera lehenbailehen itzultzen saiatzeko.

Ez baita huskeria musika bandek Euskal Herriaren historian izan duten lekua, Labradoren ustetan. Haien esangura azpimarratzeko, hainbat datu eman ditu federazioaren aurkezpenean: Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 46 taldek eta 300 kidek baino gehiagok osatzen dute banden ehuna, eta, 2019an soilik, 600 saio egin zituzten, eta milioi bat euro mugitu. Batik bat, banden antzinatasunean eta elkargune izaeran jarri du arreta: «Oro har, XVIII. mendearen amaieran eta XIX. mendean sortutako elkarteak dira. Izaera intergenerazionala izan dute beti; herrietako musikariak bildu izan dituzte, eta denboran zehar jende berria sartzen eta irteten joan da ordutik». Alde horretatik, «kohesio soziala bermatzen duten elkarteak» direla defendatu du Labradok: «Demokratizazioaren sinbolo ere badira bandak: herria bildu egiten da musikaren inguruan, kulturaren inguruan, herri izaera hori ere bermatzeko».

Orain arte hauek egin dute bat federazioarekin: Araiako, Laguardiako, Labastidako eta Laudioko bandek, Araban; Azpeitiako, Bergarako, Elgoibarko, Hernaniko, Legazpiko, Mutrikuko, Ordiziako, Urretxuko, Zumaiako eta Zumarragako bandek, Gipuzkoan, eta Areatzako, Getxoko, Leioako, Santurtziko eta Zornotzako bandek, Bizkaian. Haien jarduera zabaltzea, haien lana «duintzea» eta instituzioekin bitartekari lana egitea ere izango du helburu federazio sortu berriak.

Azkenari lotuta, Aitziber Atorrasagasti Eusko Jaurlaritzako Kultura sustatzeko zuzendaria bat etorri da Labradoren esanekin, eta hiru hitz nabarmendu ditu: izaera, interlokuzioa eta ondarea. «Zer garen herri moduan eta zer den gure kultura: hor gure bandek ere badute zer esana».

Ondarearen alde

Asmo nagusien artean jarri dute, halaber, musika bandek urteetan eratu duten ondarea berreskuratu eta babestea. Eresbil Musikaren Euskal Artxiboarekin elkarlanean ari dira horretarako, eta Pello Leiñena artxiboko zuzendariak aurreratu du datu base bat nahiko garatuta dutela. «Bandena herri bakoitzeko musika kultura bizia da, eta horrek balio oso handia dauka», nabarmendu du. Labradok aipatu dutenez, partiturak, doinuak, dokumentazioa eta beste soilik ez, «ondare immateriala» berreskuratzea ere lehentasun izango dute: desagertuz joan diren bandak berriz martxan jartzea, esaterako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.