Albistea entzun

Anari Alberdi. Musikaria

«Ez dakit hau zerbaiten aurrekaria izango den; nahiko nuke»

Anarik kontraste handiko single batean bildu ditu bi kantu: Nacho Vegasen 'Vinu, cantares y amor'-en bertsio bat, «himnotzat» duena, eta, 'Efemerideak', kontzertuetan jotzen duena baina grabatu gabea zuena.

JAGOBA MANTEROLA / @FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ane Eslava -

2021eko abenduak 1

Garaiei egokitutako pizgarri bat eskaini nahian eman zuen Anari Alberdik (Azkoitia, Gipuzkoa, 1970) Vinu cantares y amor irailaren lehenean, eta harrera beroa izan zuen. Anarirekin ia hamar urte daramatzan Efemerideak sareratu zuen gero, eta biekin osatutako Orain entzungo duzun hau... (Bidehuts) singlea jendaurrean aurkezten ari da orain. Oraingoz, ezin du esan beste zerbaiten prologoa denik, baina bilaketa etengabean jarraitzen duela berretsi du.

 

Irailaren lehen egunean zabaldu zenuen lehen kantua, Vinu, cantares y amor. Irailak behar zuen baikortasun ukitua izan zen?

Bai. Irailak baino gehiago, garaiak, nik uste. Kantuak kolpe ezberdinak izan ditu: lehena izan zen ekainean. Bi kontzertu jo genituen Donostian, Antzoki Zaharrean, eta jendeak pozez hartu zituen. Sentitu nuen eskatzen zuela garaiak animo altxagarri bat, eta saiatu nintzen kantu bat idazten, propio, egoerari; baina ez nuen lortu. Eta Nacho Vegasen abesti hori entzun, eta esan nuen: «Hau himno bat da».Erriberrin [Nafarroa] probatu genuen, eta gero jo genuen Donostian, eta sentitu genuen grabatu behar genuela. Gero etorri zen bideoa, eta, uztailean grabatu arren, irailean botatzea erabaki genuen. Irailaren 1a da denboraren hasiera horietako bat.

Iraultzak maitasuna, gozamena eta zalantza behar dituela dio kantuak. Lagunak izan dituzu ondoan, emakumeak, koruan. Hala behar zuen abesti honek?

Originalak badu korua, eta, korua egiten hasita, polita da horrekin jolastea. Hor dauden denak nire inguruko pertsonak dira, baina bideoan oso indartsua da. Eta emakumeak izateak, seguru asko, ematen dio subjektuari beste aire bat. Hitzekin dudak nituen, originalak direlako: «Que si nun hai vinu, cantares y amor, non, esta nun ye la mío revolución».Baina zera esan nuen: behingoz egongo da euskaraz naturalki inpregnatua «kantatu, maitatu eta dantza ezin bada, hau ez da gure iraultza»? Eta erabili nuen, espiritu bera delako. Espirituaren alde egin nuen, eta ez literaltasunaren alde. Esaten duena da denontzat balio ez badu, inorentzat ez duela balio iraultzak. Zalantzarena izan zen Eider Rodriguezen ekarpena, eta oso ondo geratu da.

Kafe Antzokian Bilboko bost emakume igo ziren zurekin abestera. Kontzertuetan korua tokian tokiko lagunekin osatzen jarraitzeko asmoa duzu?

Bilbon praktikan jarri nuen hasieratik nire ideia izan dena: herri bakoitzean hango koru batekin kantatzea. Eta benetan ederra izan zen. Beti ez da erraza izango, baina kontzertu konkretutan egingo dugu; adibidez, Durangon, Ahotsenean kantatuko dugu, eta egin dut fitxaketa bat.

Bideoklipa Zarauzko (Gipuzkoa) Putzuzulon grabatu zenuten. Zer garrantzi dute zuretzat gune autogestionatuek?

Topiko bat erabiliz, uste dut Anariren DNAn dagoela gaztetxeen zirkuitua. Gure jarduteko era hor egin da; gure izaera markatu du. Generazio aldaketak ikusteko aukera ere izan dugu hor; hori ederra da. Eta gu bezalako taldeontzat izan da kontzertuak guk antolatu eta autogestionatzeko aukera baita ere. Sekulako zirkuitua dago, gaztetxe asko daude, oso ekipo txukunekin, eta jendea lanean ari da kontzertuak izan daitezen. Nik imajinatzen dut astearte gau batean jendea asanbladan, zure kontzertua antolatzen, astebururako... Hori ederra da, eta kanpotik etortzen denak pila bat estimatzen du. Guk, seguru asko, ez dugu merezi adina baloratzen.

Efemerideak grabatu gabea zenuen, baina bidea egin du zurekin, eta istorio berezia du, ez?

Bai. Gora Japon taldearen enkargua izan zen, kontzertu tematiko baterako, 2012an. Kontzeptua efemeridea zen. Oso sujerentea da zer-nolako istorio antonimoak dauden lotuta egun berari. Egin nuen abesti bat, eta greba orokorra izan zen kontzertuaren egunean; beraz, atzeratu zen, eta abesti horrek ez zuen balio. Desegin nuen, eta egin nuen abesti generiko bat, efemerideei buruzkoa. Oso sinplea idatzi nuen, baina abestia, grabatu gabe ere, ahoz aho, bideoz bideo, zabaldu egin da. Beti aurkeztu izan dut tristuraren industriari izkin egin dion abesti moduan. Kariñoa diot, eta beldurra neukan, jendearentzat hain sartua den abesti hori nola jantzi.

Joseba B. Lenoirrekin grabatu duzu. Zer ekarpen egin dio?

Asko gustatzen zait nola produzitzen duen Joseba Baleztenak, eta erabaki nuen egitea produkzio oso ezberdin bat lehenengo abestiaren aldean; kontrastea izatea gauza denetan: bi estudiotan grabatu genuen, bi soinu ezberdinekin, eta bideoan ere hori lortu nahi izan nuen. Eta oso gustura geratu nintzen.

Kantua ez da malenkoniatsua, baina gordina da; nahiko biluzik dago, baina elektrikoa ere bada. Anariren ezaugarriak dituen kantu bat dela esan liteke?

Uste dut baietz. Ez dut esango sekulako espektro sonoroa daukadanik, baina uste dut, bai akustika, biola eta teklatuak, bai distortsioa eta saturazioak, biak direla nire parte, eta horietan moldatu ditudala abestiak denbora honetan. Beraz, hau ez da arrotza.

Zure aurrekari penalak argitaratu zenuenean esan zenuen uste zenuela aurkitua zenuela idazkeran bilatzen ari zinen aldaketa. Epilogo bat eman zenuen gero, aurrekoarekin lotua. Nola ikusten dituzu distantziarekin?

Askotan, disko batean egin nahi duzuna hurrengoan biribiltzea lortzen duzu. Niri hori gertatu zait beti. Disko batean intuizioa dena hurrengoan konbikzioa da. Beraz, nik badaukat sentsazio hori: Epilogo bat-eko abestien hitzetan lortu nuen Zure aurrekari penalak-en egiten saiatu nintzena. Eta perspektibarekin, ondo ikusten ditut. Zure aurrekari penalak disko zaila izan zen grabatzeko, eta, atzera begiratuta, disko denak aldatuko nituzke, baina horri beste patxada batekin begiratzen diot. Maite dut disko hori.

Epilogo bat-en ostean, esan zenuen orain nahiago zenuela disko laburrak egin, maizago. Horretan jarraituko duzu?

Single hau atera, eta gogorarazi didate bost urte direla azken diskotik. Baina gero eta gehiago eskatzen dizu abesti bakoitza desberdina izatea. Seguru asko, jendeak esango du: hori nola esan dezake bere abesti denak igualak badira? [barreak] Gauza hauek norberarenak dira; besteek ez dute asko nabaritzen. Orduan, Epilogo bat egin nuenean, esan nuen: hobeto da abesti gutxiko gauzak egitea. Gero igual disko doble bat egingo dut egun batean... Auskalo!

Diskotik diskorako bidea zuretzat ihesa dela diozu. Orain ere horretan ari zara?

Bai. Disko bakoitzean saiatzen naiz beste buelta bat ematen. Sonoritate aldetik ez nau hainbeste obsesionatzen horrek momentu honetan; oso gustura nago sonoritatean, osatuta bezala. Gehienbat, hitzetan nago bilaketan.

Single hau beste zerbaiten aurrekaria da?

Ez dakit aurrekaria izango den; nahi nuke, baina ez naiz pentsatzen ari data jakin batean diskoa ateratzea. Oso garai arraroa da, eta ni idazten nabilena beste denbora batean dago. Gainera, pandemiari buruz ja idatzi dut, ze hor dago «zaindu segurtasun tartea», edo «gehiegi luzatzen diren salbuespen egoerak». Orain bonbilla profetikoa jarri beharko dut.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Arte eszenikoen dFeria jaialdiaren antolatzaileak eta sustatzaileak, atzo, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian egindako aurkezpenean. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Oreka izango du ardatz aurtengo dFeria jaialdiak

Alex Uriarte Atxikallende

Arte eszenikoen jaialdia martxoaren 14tik 17ra bitartean egingo dute, Donostiako hainbat agertokitan. Festibala hasi baino bi egun lehenago, ‘pre-feria’ izeneko egitarau berezia izango da.
Leire Vargas, Aner Peritz, Haizea Arana eta Oihana Arana, <em>Erre</em> emanaldiaren sortzaileak. ©LANKU

Kategoriak arrakalatzera

Ane Eslava

Leire Vargasek, Aner Peritzek, Oihana Aranak eta Haizea Haranak 'Erre' saioa estreinatuko dute otsailaren 5ean. Lankuk ekoitzi du
Lautan Hiru jaialdiaren antolatzaileak, gaur, Bilbon. ©Marisol Ramirez / Foku

Lautan Hiru antzerki jaialdia egingo dute laugarrenez Bilboko Zazpikaleetan

Olatz Enzunza Mallona

Euskaltzaindiak, Cafe Bar Bilbaok, Zazpi Katu gaztetxeak eta Bira kulturguneak antolatu dute egitaraua, elkarlanean, eta otsailaren 3an abiatuko da.

Antso Jakituna erregea eta Benjamin Tuterakoa bidaiaria elkarrizketan, Tuterako gazteluko ganberan. ©IÑAKET

Mundua Tuteratik zeharkatzea

Iñigo Astiz

Mikel Begoña gidoigileak eta Iñaki Martinez 'Iñaket' marrazkilariak XII. mendeko Nafarroa multikulturala irudikatu dute 'Benjamin Tuterakoaren bidaia aparta' komiki liburuxkan

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.