Mahler Ganbera Orkestra, lehena Hamabostaldiko kontzertu sinfonikoetan

Jacob Hrusaren batutapean arituko da, abuztuaren 1ean, Kursaalen. Ainhoa Arteta Madama Butterfly izango da abuztuaren 13an eta 15ean

Mahler Ganbera Orkestra —irudian— Seong-Jin Cho piano jolearekin arituko da inaugurazio kontzertuan. HAMABOSTALDIA.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2019ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Abuztuaren 1a eta 31 bitartean izango da 80. Musika Hamabostaldia. Ekitaldiaren antolatzaileek martxoaren 21ean aurreratu zituzten aurtengo egitarauko hainbat datu, eta atzo xehetasun gehiago eman zituzten; 90etik gora proposamen daudela egitarauan, esaterako, eta Mahler Ganbera Orkestrak emango diola hasiera Kursaal Auditoriumeko kontzertu sinfonikoen zikloari, abuztuaren 1ean, Jacob Hrusa zuzendari txekiarraren batutapean —Bambergeko Orkestra Sinfonikoko zuzendari titular izendatu berri dute—. Inaugurazio kontzertu horretan, Seong-Jin Cho piano jole korear gaztea izango dute lagun —Chopin Piano Lehiaketa irabazi zuen 2015ean—. Biharamunean, berriz, Antonin Dvoraken Te Deum-a eta Robert Schumannen 2. sinfonia interpretatuko ditu Mahler orkestrak, Donostiako Orfeoiarekin.

Arteta, Puccinirekin

Atzo jakinarazi zuten, halaber, dagoeneko iragarrita zegoen Giacomo Pucciniren Madama Butterfly operako rol nagusia, Cio-Cio San, Ainhoa Arteta sopranoak jokatuko duela, Giuseppe Finzik gidatutako Euskadiko Orkestra Sinfonikoa eta Easo Ahots Mistoen Abesbatza lagun. Artetarekin arituko dira kantuan, besteak beste, Marcelo Puente (Pinkertonen rolean), Gabriel Bermudez (Sharpless), Cristina Faus (Suzuki), Paco Vas (Goro) eta Isaac Galan (Yamadori printzea). Abuztuaren 13an eta 15ean eskainiko dute opera hori.

Abuztuaren 17an eta 18an, Victor Ullate Balletak ohikoa bihurtua den Kursaal Auditoriumeko dantza ikuskizuna eskainiko du: Antigona. Ekoizpen berria da, eta Lucia Lakarrak jokatuko du rol nagusia, Ullatek sortutako koreografiarekin.

Hala ere, Kursaalekoa ez da izango aurtengo Musika Hamabostaldiko dantza ikuskizun bakarra. Ballet Flamenco de Andalucia konpainiak Naturalmente flamenco emango du Viktoria Eugenia antzokian.

Hala ere, Hamabostaldiko egitarauan, Viktoria Eugeniako lehen emanaldia Katia Buniatixvili piano jolearena izango da, abuztuaren 5ekoa. Franz Schubert, Franz Liszt eta Igor Stravinskiren obrak interpretatuko ditu.

Abuztuaren 20an, Parisko Orkestrak Hector Berliozen Harold Italian eta Ludwig van Beethovenen 6. sinfonia interpretatuko ditu, eta, 21ean, Benjamin Brittenen Gerrako Requiema joko du, hiru bakarlarik, ganbera orkestra batek, Donostiako Orfeoiak eta Orfeoi Txikiak lagunduta.

Abuztuaren 24an, eta Robert Treviñoren batutapean eta Andra Mari Abesbatzarekin batera, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Bela Bartoken Bizarrurdinen gaztelua operako pieza nagusia joko du, kontzertu bertsioan. Hiru egun geroago, Bremengo Ganbera Filarmonia Alemanak Bachen biolinerako kontzertuak interpretatuko ditu, konpositore horren obrak hainbatetan grabatu dituen Hillary Hann birtuosoa bakarlari dela.

Hamabostaldiaren azken egunetan, abuztuaren 30ean eta 31n, Londresko Orkestra Filarmonikoak Beethovenen pianorako zikloa emango du bi jardunalditan, Juanjo Mena zuzendari eta Javier Perianes pianoan direla.

Azkenik, San Telmo Museoan erakusketa antolatuko dute, Musika Hamabostaldiaren 80. urteurrena ospatu eta jaialdiaren ibilbidea hasieratik gaur egunera arte errepasatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.