Finalaurrekoetan sartuko da Gipuzkoako bertso txapelketa

Arrasateko Uarkape pilotalekuan jokatuko da, igandean, lehenengo saioa. Oiartzunen eta Tolosan egingo dira hurrengo bi saioak

Hemezortzi bertsolari izango dira finalaurrekoetan. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
mikel lizarralde
Donostia
2019ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa azken fasean sartuko da asteburuan. Igandean jokatuko da, Arrasaten, hiru finalaurrekoetan lehenengoa, eta han nagusitzen den bertsolaria zuzenean pasatuko da abenduaren 14an Donostiako Illunben jokatuko den finalera. Eñaut Martikorena Lizasok, Agin Laburu Rezolak, Nerea Elustondo Plazaolak, Unai Mendizabal Jauregik, Iñaki Apalategi Astigarragak eta Unai Gaztelumendi Arandiak kantatuko dute aurreneko finalaurrekoan. Saioa Uarkape pilotalekuan egingo da, eta, gainerakoak bezala, 17:00etan hasiko da.

Finalaurrekoetako hiru saioetan bertsolariek bosna ariketa egin beharko dituzte: binaka, gaia emanda, hamarreko handian hiruna bertso; binaka, gaia emanda, zortziko txikian hiruna bertso; binaka, gaia emanda, sei puntuko motzean hiruna bertso; binaka, gaia emanda, zortziko txikian, puntutan, zortzi bertso osatu arte; eta kartzelan, bakarka, gaia emanda, nahi den doinu eta neurrian, hiruna bertso.

Aurkezle lanak Iker Iriarte Iribarrek egingo ditu, eta epaimahaiko kideak honako hauek izango dira: Aitor Gereñu Agirre, Eneritz Azkue Basurko, Leire Beloki Lizarralde, Mikel Lersundi Aiestaran eta Mikel Urteaga Azkue.

Oiartzunen eta Tolosan

Hurrengo bi finalaurrekoak Oiartzunen (azaroaren 24an) eta Tolosan (abenduaren 1ean) jokatukodira. Oiartzunen Alaia Martin Etxebeste, Amaia Iturriotz Etxaniz, Ane Labaka Mayoz, Asier Azpiroz Iztueta, Beñat Gaztelumendi Arandia eta Iñigo Mantzizidor Larrañaga ariko dira; eta Tolosan, berriz, Beñat Lizaso Alberdi, Haritz Mujika Lasa, Iban Urdangarin Lardizabal, Jokin Uranga Isuskiza, Jon Maia Soria eta Oihana Iguaran Barandiaran.

Igandeko saiorako nahiz gainerako finalaurrekoetarako eta finalerako sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian daude eskuragarri. Aurrez amaitzen ez badira, txarteldegian ere eskuratu ahal izango dira saioaren egunean bertan, 16:00etan hasita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.