KSIgune sortu dute, kultur eta sormen industriak bultzatzeko

Eusko Jaurlaritzak sortu du klusterra, eta sektoreko enpresa, erakunde eta ikastegiak batuko ditu. Prestakuntzako gabeziei erantzun nahi die

Bingen Zupiria eta Jokin Bildarratz sailburuak, atzo, Donostian. JON URBE / FOKU.
aitor biain
2021eko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak KSIgune klusterra eratu du: kultur eta sormen industrien unibertsitate kluster bat da, sektoreko enpresen, erakundeen eta goi mailako ikasketa zentroen arteko topagune izan nahi duena. Katalizatzaile lana egin nahi du, hau da, kultur eta sormen industrien sektorean prestakuntzaren, ikerketaren, eta berrikuntzaren alorrean egon daitezkeen gabeziak identifikatzea eta horiei erantzutea du xede.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Hezkuntza Sailak sustatu dute ekimena, eta kultur eta sormen industriak bultzatzeko Jaurlaritzaren estrategiaren barruan sartu dute. Hiru eginkizun izango ditu klusterrak, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak azaldu duenez: kultura eta sormen industrietako goi mailako hezkuntzaren gaitasunen mapa aldian-aldian eguneratzea, sektoreko enpresek erronkak planteatzea eta ikasleek erronka horiek ebaztea, eta sektorearen beharretara konektatutako prestakuntza programa bat bultzatzea.

Bingen Zupiria Kultura sailburuaren hitzetan, horri esker Ā«zubi berriakĀ» eraiki ahal izango dira unibertsitateen eta kultura eta sormen industrien artean. Izan ere, horiei lotutako 16.000 enpresa daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 48.000 lanpostu baino gehiago dituzte, Kulturaren Euskal Behatokiak 2019an egindako ikerketaren arabera.

Denera, hamabost sektore hartzen dituzte: kultur ondarea, ikusizko arteak, musika, edizioa eta inprimatutako bitartekoak, arte eszenikoak, ikus entzunezkoak, artisautza, arkitektura, publizitatea eta marketina, bideo jokoak, eduki digitalak, diseinua, moda, hizkuntzaren industriak eta gastronomia. Horien inguruko 111 gradu, master eta doktoretza programa eskaintzen dira egun, eta beste 44 ikerketa talde eta bost institutu eta katedra ere badaude.

KSIgune klusterra Jaurlaritzak zuzenduko du, baina Euskampus Fundazioa arduratuko da kudeatzeaz eta dinamizatzeaz. BDCC Euskadiko Kultura eta Sormen barruti sortu berrian integratuko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.