Ander Edo eta Eneko Sanchez. Youtubeko 'Gaur gurian' saioko aurkezleak

«Inolako loturarik ez izatea da gure gakoa»

Astero 'Gaur gurian' umorezko saioko atal bat igotzen dute Youtubeko kanalera. Prestakuntza guztiaz Edo arduratzen da, eta argi dute Sanchez dela «izarra». Sutan Bang kolektiboan sartu berri dute programa.

BERRIA.
urtzi urkizu
2020ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Okindegi handi baten mantentze lanetan egiten du lan Eneko Sanchezek (Donostia, 1987), eta irakaskuntzan aritzen da Ander Edo (Donostia, 1980). Sanchezek egurra lantzen du etxean. Edok Bartolin Rubia zinegotziaren rola jokatu zuen Napardeath filmean. Iazko Korrikan, BekAEKarioak egin zuten Hamaikarentzat.

Edo, azken atalean aitortu duzu bikote xelebrea zaretela.

ANDER EDO: Bai, hala da. Auzo berean bizi ginen, eta bere garaian aisialdi talde bat sortu genuen. Elkar ezagutu genuenean, jakin genuen Enekoren aita eta nire ama Extremadurako herri berekoak direla. Uda batzuk pasatu genituen herri berean, eta ez genuen elkar ezagutzen. Baina geroztik, anaiak bezalakoak gara.

Nor da zirikatzaileagoa?

ENEKO SANCHEZ: Normalean,nik zirikatzen dut gehiago bera. Hobby bat bezala bihurtu da niretzat: gustuko dut leku publikoetan Anderren lotsak ateratzea.

A.E.: Hasieran desarmatuago uzten ninduen, baina ikasi egiten da, eta erantzuten ere ikasi dut. Bikote xelebrea gara, gure artean oreka dagoelako: ni naiz prestakuntza, gauzak pentsatzea, eta politikoki zuzenagoa. Eneko kontrakoa da: inprobisazioa.

Gaur gurian saioan hainbat atal daude. Baina bakoitza ez al da laburregia?

A.E.: Gure asmoa zen zerbait arina egitea. Ez genuen nahi saioa oso luzea izatea.

E.S.: Egia da ezagutzen gaituztenentzat agian motza egiten zaiela, baina, jende berriarengana iriste aldera, esketx laburragoak eraginkorragoak dira. Edonola ere, beti diru bera kobratzen dugunez...

Bai, baina banku batek diru asko jarri omen du zuen saioan, ezta?

E.S.: Diru asko, baina lotsa gutxi. Kontua da BBVAren webgunean euskarari egin zaizkion eraso xelebreenetakoak topa daitezkeela. Hain da itzulpena txarra, pentsatu genuen hori salatzeko bankuak guri publizitatea ordainduko baligu bezala jardutea. Bertan dauden astakeria batzuk irakurri genituen saioan.

A.E.: Google Translate-k ez du hain gaizki itzultzen. Beste maila bat da BBVArena, gaztelania euskararekin nahastuz.

Azkeneko atalean, igeriketa sinkronizatua egiten azaldu zarete. 2021eko Tokioko Olinpiar Jokoei begira, beste babesleren bat izan dezakezue…

A.E.: Enekok badu pentsuen enpresa batekin harremana, eta ikusiko dugu.

E.S.: Kontua da guk ezin dugula errendimendu altuko zentro horietara joan.

Konfinamendu garaian sortu duzue Gaur gurian. Konfinamendua arintzeko zein fasetan utziko duzue? Ala luze irauteko proiektua izan daiteke?

A.E.: Donejakue bidea egiten aritu ginenean hasi ginen bideo esketx batzuekin, eta nire Facebook-ean jartzen genituen. Gero, Youtubeko kanal bat sortu genuen. Comunity managerra den lagun batek esan zigun maiztasun zehatza zuen zerbait egin behar genuela. Argi genuen ondo pasatzeko eta gure komunitate txikian partekatzeko kontu bat zela hau. Konfinamendu sasoian, Interneteko saio hau aitzakia bat izaten ari da gu elkartzeko. Etorkizunean ez dakigu nondik joko dugun, jarraituko dugun ala ez.

E.S.: Inolako loturarik ez izatea da gure gakoa. Sekulako kontratua bagenu, ez genuke iraungo ordubete.

Telebista txiro edo aberats batek saioa emateko proposamena egiten baldin badizue, zer?

E.S.: Txiroa edo aberatsa, bati ala besteari, harrera desberdina egingo genioke. Orain, serio: eskuak zikinak dauzkat une honetan, eta hori ez da artista munduko lanagatik. Ordaintzen baldin badigute, lana uzteko moduan, Ander zer egingo genuke?

A.E.: Enekok baserria erosiko luke. Plana egina daukagu...

Ander, zuk saio bat egin zenuen Hamaikan haurrentzat. Zein da publiko errazagoa, haurrak ala helduak?

A.E.: Haurrena errazago egiten zait. Behin ekitaldi politiko batean hitz batzuk egin behar nituen aurkezle moduan, eta Enekok esan zidan ematen zuela umeekin ari nintzela hitz egiten.

E.S.: Beste bat okerrago badaukazu... manifestazio batean...

[Barre algarak].
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.