Iñigo Etxarri. Naiz irratiko 'Bigarren kafea' saioko esataria

«Hiruroi interesgarria egingo zitzaigun saio bat egin nahi genuen»

Naiz irratiko 'Bigarren kafea' magazina gidatzen dute Iñigo Asensiok, Arrate Hernandezek eta Etxarrik. Hasi zirenean, nor bere etxetik aritzen zen, baina, orain, Tolosako estudio batean aritzen dira hirurak, arratsaldero.

JON URBE / FOKU.
urtzi urkizu
2020ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Zuzeu Podcast-eko gaizkileen seriean egin zuen lan Iñigo Etxarrik (Pasaia, Gipuzkoa, 1989). Baina Naiz irratikoa izaten ari da haren lehen esperientzia mikrofono aurrean. Orain arte, soinu-ingeniari lanak bete izan ditu, bikoizketan bereziki. Liher musika taldeko gitarra jotzailea ere bada Etxarri.

Nola sortu zaizu Bigarren kafea-n lan egiteko aukera?

Xabi Alkiza Bieuse elkarteko ordezkariak esan zidan Zuzeu-n euskal gaizkileen serie bat egin behar zutela. Podcast saio horretan, Arrate Hernandezekin lanean hasi nintzen. Gero, Hernandezek otsailean Iñigo Asensiorenproposamena jaso zuen Naiz irratian saio bat egiteko. Hiruren artean saio bat egitea nahi zutela komentatu zidaten, eta harritu ninduen, ez bainaiz orain arte mikro aurrean aritu.

Ari zara neurria hartzen, ezta?

Ez daukat besterik: oso bizkor ikasi behar izan dut. Asensiok eta Hernandezek urteak daramatzate komunikatzen, eta egokituz joan naiz. Teknikariaren mahaian egotetik erakusleiho horretara pasatzea egokitu zait.

Konfinamendu garaian estreinatu zen saioa, eta bakoitza bere etxetik hasi zineten. Bazenuten azpiegitura nahikoa?

Bai, nik estudioa daukat etxean. Behar genuena zen konexio duina izatea, soinu txartel bat, eta mikrofono eta aurikular batzuk. Gaur egun, horrekin badaukazu komunikatzea. Okerrena zen bakoitza herri batean geundela, eta soinua atzeratu egiten zitzaigun.

Lehen egunetik Facebook bidez ikusi ahal izan da zuen irudia, hau da, bideo bidez nola ari zareten saioa egiten. Irrati modernoaren moldeak dira?

Bai, ni ere ikusten den irratiaren formatuaren kontsumitzailea izan naiz. Une batzuetan gertatu zait pentsatzea mundu guztia ari dela streaming bidez ikusten. Arratek atzetik azaldu behar izan dit entzule soilak ere badaudela, eta hitzekin aurkeztu behar deladena. Kontrolatzen dugu egunero Facebooken zenbat jende ari den irratsaioa ikusten, baina ez uhinen bestaldean zenbat entzule dauden.

Kolaboratzaile sare handia duzue programan. Aniztasun handia dago lantzen dituzuen gaien artean. Zer nabarmenduko zenuke kolaboratzaile sareaz?

Denok ezagutzen ditugun irrati kateak eta saioak daude, baita kolaboratzaileak ere. Nahi genuen hortik aldendu, eta hiruroi interesgarria egingo zitzaigun saio bat egin nahi genuen. Gure apustua izan da horren ezagunak ez diren ideiak proposatzea. Baita musika taldeak ere; joan den astean, adibidez, Occhi di Farfala taldea izan genuen estudioan.

Musika gaiekin erosoago al zabiltza?

Bai, musikaren bueltan pasatzen ditut egunak: entzuten, bilatzen, irakurtzen eta jotzen. Musika gaiekin lasai nabil, gidoiari begiratu gabe ia. Beste gai batzuekin, aldiz, berdeago nabil.

Tolosako estudioan hiruren artean gero eta konplizitate handiagoa duzuela esango zenuke?

Saioa hasi aurretik, bilera bat egin genuen elkar ezagutzeko, Donostian. Baina ez dugu denborarik izan konplizitate puntu hori bilatzeko, duela gutxi arte Internet bidez egin dugulako saioa. Hasieran, komunikazio guztia sarean genuen. Baina Tolosan egun osoa elkarrekin pasatzen dugu, eta konplizitatea berez ari da ateratzen. Naturalagoa egiten da dena.

Maite dut atalarekin hasten duzue saioa. Modu horretan, zuen gustuak partekatzeko aukera duzue. Horrek zuena ere bilakatzen du programa?

Bai, gure tarte bakarra da komentatzen duguna zer kontsumitzen dugun. Saiatzen gara ez jakiten bakoitzak zer kontatuko duen,unea iritsi arte. Hor sortzen den elkarrizketak funtzionatzen du.

Gitarra jotzaile gisa, Naiz-eko ordainpeko kontzertuen inguruan zer iritzi duzu?

Batetik, ondo iruditzen zait taldeak finantzatzeko moduak egotea. Guk [Liher taldea] ere jo genuen Vital fundazioaren Kulturunea-n. Baina irakurri izan ditut kritikak, arrazoiarekin, beharra ez duten taldeak nagusitzen ari direla. Hain handiak ez diren taldeak eta musikariak aintzat hartzekoak dira, eta zaindu egin behar dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.