Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Kultura «Hemen ez dago agertokirik»

Publizitatea

Kultura

«Hemen ez dago agertokirik»

Ehunka pertsona eta sortzaile batu dira asteburuan Eako Poesia Egunetan; arteak garrantzi berezia izan du aurtengo programan, eta sortzaile eta ikusleen arteko gertutasuna nabarmendu dute bisitariek.
Uxue Alberdik, Iñaki Zabaletak eta Txakur Gorria kolektiboak egindako errezitala izan zen atzo goizeko ekitaldi nagusietariko bat.
Argazkia: ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS

2017-07-16 / Iñigo Astiz

Ama, titie, aitte, plasta-plasta, parkie, kua-kua, guau-guau, lepun, sala, karakola, jolas eta jolas». 2 urteko alabaren bidez, ia ahaztua omen zeukan hitzaren balioa ikasi du berriz Xabier Gantzarain arte kritikari eta Dinamo sorgintza guneko koordinatzaileak, eta horregatik irakurri zuen alabaren lehen hitzen zerrenda Eako Poesia Egunetan eskainitako hitzaldian. «Hari esker berriz ikasi dut gauzei izena ematea dela ikusten dugun munduari heltzeko modurik onena». Ostiralean hasi zen jaialdia, eta Gantzarainek abiatu zuen atzoko eguna Egunak ihesi doaz basazaldiak bezala mendiez gaindi hitzaldiarekin. Irudiari eta arteari arreta berezia jarri diote aurtengoan antolatzaileek, eta horregatik bota zioten Gantzaraini artearen eta literatura zerk lotzen eta zerk bereizten dituen azaltzeko erronka. Eta lehen-lehen hitzek eta lehen-lehen irudiek pizten duten lilura gogora ekarriz erantzun zuen.

Ekaingo kobazuloko duela 14.000 urte inguruko zaldien irudiarekin abiatu zuen bere azalpena Gantzarainek, eta artearen historiako hamaika zaldiren irudikapenen bidez egin zuen gaur egunerainoko bidea; lehen lilura horretatik hasi, eta liluraren ezeztatzera helduz. Trostan kasik, artistaz artista. Historiaurreko lehen margolari anonimo haiekin abiatu, eta beti aurrera: Paolo Uccello, Alberto Durero, Pieter Brueghel, Francisco Goya, Peter Paul Rubens, Diego Velazquez, Theodore Gericault, Joaquin Sorolla, Paul Gauguin, Vasili Kandinski, Rene Magritte, Pablo Picasso, Janis Kunelis, Joseph Beuys, Nan Goldin... Zaldiak irudikatzen artista guztiak: bere manera propioarekin bakoitza, eta, halere, guztiak zaldi beraren ehizan. Gantzarain: «Guztiok sentitu dugu lilura bizitza primitiboarekiko. Basazaldiak bezala mendiez gaindi doazen egunak bezatzen saiatzen gara, eta denboraren joanak bere altzoan goxo hartzen gaituela sentitzen dugu. Auskalo noiztik datorren jario horren parte garela. Baduela zentzua bizitzak eta baduela zentzua historiak, jario hori logikoa dela-edo uste izateraino».

Lilurarekin batera, deslilura ere aipatu zuen Gantzarainek, ordea, eta Anari musikariaren Autodefinitua abestian aipatzen den zaldia jarri zuen horren adibidetzat. Izan ere, lilura piztuz aurkezten du lehenik abeslariak animalia kantuan: «Zaldi zuri batek aurreratu gintuen errepidean». Baina hurrengo lerroan bertan deuseztatzen du lilura hori. «Kotxe batek atzean tiraka zeraman erremolkean». Eta Gantzarainen ustez, balio du irudi horrek gizakiak naturarekin zeukan loturaren galera ere irudikatzeko.

Galiziarainoko zubiak

Ehunka lagun bildu ziren atzokoan jaialdiaren bigarren egunaz gozatzera, eta pozik zegoen harrera horrekin Mikele Landa. Jaialdia antolatzen duen Herrijeri Emon Arnasa elkarteko kide da bera, baita ITU Bandako kide ere. Pare bat urte daramatza antolakuntza taldean; Ituskizunak emanaldia eskaintzen izan zen iaz jaialdian lagunekin; aurkezle lanetan zebilen atzo, eta, hain zuzen ere, ikusleen eta sortzaileen arteko gertutasun hori da, haren ustez, Eako Poesia Egunak berezi egiten dituzten ezaugarri nagusietariko bat. «Hemen ez dago agertokirik: sortzaileen eta ikusleen artean sortzen den harremana baloratzen dut nik gehien».

Ados agertu ziren Landak esandakoarekin Onintza Etxebeste eta Amaia Asategi. «Lagun batzuk baditugu aurreko urteetan hemen parte hartzen izan direnak, etortzeko esaten ziguten, eta etorri gara. Oso giro polita dago. Egun batean ikusten duzun jendea hurrengo egunean ere agurtzen duzu, eta harremanak sortzea errazten du horrek».

Harremanak lantzeaz mintzo zen Isaac Xubin idazle eta itzultzailea ere atzokoan. Aurrez ere aritu izan da Galiziaren eta Euskal Herriaren arteko zubigile, eta berak itzulita heldu dira galizierara, besteak beste, Kirmen Uribe, Harkaitz Cano eta Joseba Sarrionandia. Eta, hain zuzen ere, Sarrionandiaren poemak galizieraz irakurtzen izan zen ostiralean Eako Poesia Egunetan. «Oso gustura egoten naiz beti Euskal Herrian, eta hona etortzea ere bada egiten dudan itzulpen lanari izaera fisikoa emateko modu bat».

Osasuntsu ikusten du berak bi kulturen arteko harremana egun, baina ez da beti hala izan, Xubinen hitzetan. «Lehen, joan-etorriko bide horrek ez zuen batere ongi funtzionatzen. Sarrionandiaren poemak ez nituen nik itzuli behar; nire ustez, haren belaunaldiko norbaitek itzuli behar zituen poema horiek galizierara. Sintomatikoa da: orain arte Sarrionandiaren mailako egile bat ezin izan da galizieraz irakurri. Atxagaren zerbait bazegoen, baina hori ere ez zegoen euskaratik zuzenean itzulita».

Ean espioitza industriala egiten ere bazebilela onartu zuen broma artean. «Euskaraz gehiago publikatzen da galizieraz baino, eta horrek erakusten du hizkuntza bakoitza norantz doan. Gorantz doa bata, eta beherantz bestea. Euskal literaturak eta euskal kulturak Euskal Herrian duten garrantzia handiagoa da, literatura galegoak eta kultura galegoak Galizian dutena baino. Gurean, merkatua askoz ere murritzagoa da, eta askoz ere gutxiago dira kultura kontzienteki kontsumitzen dutenak ere. Horregatik, logikoa iruditzen zait itzulpenekin gertatzen dena: euskarazko lanak errazago heltzen dira galizierara, galizierazko lanak euskarara baino».

Juanra Madariaga idazlearen eSPedizioa da Xubinek itzuli duen azken lana, eta hurrengo asteetan izango da kalean galizieraz. Bere bigarren eleberria idazten ere badabil, gainera, eta horretarako ere baliatu du Euskal Herrirako txangoa.

Poema itsaso bat

Alfonsina Storni poeta argentinarrak ere izan du bere lekua aurtengo egitarauan. Izan ere, haren poema hautaketa bat itzuli du Uxue Alberdi idazleak aurten Susa argitaletxeak kaleratzen dituen Munduko Poesia Kaierak bildumarako, eta testu horietan oinarritutako errezitala eskaini zuen atzo Eako moilan. Alberdi: «Storniren poesiaren ehuneko handi batean dago itsasoa, eta errezitala ezin zen leku hobean egin». Eta horregatik emanaldiaren titulua ere: Alfonsina eta itsasoa. Iñaki Zabaleta soinu jotzailea ere izan zuen alboan Alberdik emanaldian, eta zuzenean marrazten aritu ziren Txakur Gorria kolektiboko Malen Amenabar eta Mariñe Arbeo marrazkilariak.

Zuzeneko emanaldia izango zela kontuan hartuta egin zuen Alberdik errezitalerako poema hautaketa. «Behin entzunda harrapatzekoak diren poemak aukeratu ditut; ze, nire ustez, badaude poema batzuk irakurriak izateko direnak, eta, hau zuzenean entzuteko emanaldia denez, horren araberakoa izan da hautaketa». Publikoaren barreak ere ateratzea lortu zuen, esaterako, Karratuak eta angeluak poema irakurtzean. «Etxe lerrokatuak, etxe lerrokatuak,/ etxe lerrokatuak./ Karratuak, karratuak, karratuak,/ etxe lerrokatuak./ Jendeak karratua du ja arima,/ ideiak lerrokatuak/ eta angelua bizkarrean;/ nik neuk isuri dut/ bart malko bat:/ Jainko maitea, karratua!».

Orain hiru urte ezagutu zituen Eako Poesia Egunak Itsaso Larramendi bilbotarrak, eta ahal izan duenetan izan da geroztik. Bera zen, esaterako, atzo Alberdi entzutera joan ziren ehunka pertsonetariko bat. «Oso gustura egoten naiz beti. Pila bat gustatzen zait jendearen artean dagoen gertutasuna, oso ona izaten da programazioa eta lekua ere sekulakoa da. Oso polita da halako leku txiki batean hainbeste ekintza txiki baina berezi egotea».

Emanaldi zehatz bat ikusteko egin zuen lehenengoz bidea Eara Larramendik, baina giroa gustatu, eta dagoena ikustera joan da aurtengoan. Eta pozik mintzo zen, atzo ezagutzen ez zituen hainbat proposamen ezagutzeko aukera izan duelako.

Poesiaren aurpegi guztiak hartzea da Poesia Egunen antolatzaileen asmoa, eta, Hariak antzezlanaren emanaldiaz gainera, bi kontzertu ere izan ziren. Amaiur B. Blasco poetarekin batera izan zen oholtzan Inun musikaria bazkalostean; eta gauez aritu zen Anticontinente taldea Eskolondon.

Kerobia taldea desegin eta Anticotinente proiektua abiatu dutenetik, zuzenean egin duten hirugarren kontzertua izan zuten atzokoa nafarrek, eta pozik zegoen Xabi Bandini abeslaria gonbidapenarekin. Formatu txikian eskaini zituzten abestiak atzokoan; orain arteko emanaldietan erabilitako bideo proiekziorik gabe. Bandindik atzo azaldu zuenez, eroso zebilen taldea, Eakoa literaturari eskainitako jaialdia zela jakinik ere. «Nire ustez, hemen ere badago guretzako lekua, guk ere, azken finean, musikarekin bada ere, istorioak kontatzen ditugulako».

Publizitatea

Sortu kontua

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak