Diego San Jose. Gidoilaria

«Orain egiten ari naizen guztia 'Vaya semanita' saiotik dator»

Mediapro ekoizpen etxeak San Jose fitxatu du, eta telebistan soilik harentzat egin ahalko du lan. 'Vota Juan' telesailaren (TNT) bigarren denboraldirako gidoiak idazten hasi da jada.
MEDIAPRO

Urtzi Urkizu -

2019ko martxoak 13
Diego San Jose (Irun, Gipuzkoa, 1978) ETB2ko Vaya semanita saioaren lehen etapako gidoilaria izan zen. Bost urte baino gehiago daramatza Madrilen bizitzen; besteak beste, El Intermedio, La noche de Jose Mota eta El Ministerio del Tiempo saioetan aritu da. Ocho apellidos vascos, Fe de etarras eta Superlópez filmetako gidoilaria ere izan da.

Mediaproko eduki zuzendari Javier Mendezek esan du ikus-entzunezko sektoreko komediako sortzaile garrantzitsuena zarela.

Bueno, talde batek futbolari bat fitxatzen duenean ere hori gertatzen da: futbolaren munduko promesa handia dela esaten dute beti. Zentzuzkoena da Mendezen hitz horiek aintzat ez hartzea.

Juan Cavestanyrekin batera, Vota Juan telesaila sortu duzu, Mediaprorekin, eta TNT kateak eman du. Zer moduz joan da?

Oso-oso pozik gaude. Mediaprorekin dudan kontratua ere Vota Juan telesaila estreinatu dugulako sortu da neurri batean. Telesail horrekin nahi genuen guztia bete ahal izan dugu: ordainpeko kateek aukeran ematen dituzten eduki narratiboak eta tonuak baliatzea. TNT katearekin ere lan egin dugu azkenaldian, oso gustura.

Politika mundua umorearekin lantzea bide arrakastatsua izan daiteke telesailentzat?

Ez dakit, ez dut argi. Vota Juan telesailean, gutxien inporta zitzaiguna zen politika. Politikaren arloa aukeratu genuen, baina beste edozein mundu har genezakeen. Telesailean ez gara sartu politikarekin lotutako ideologietan edo auzi moraletan. Bizitzan porrot egin duten lau pertsonaiatan sakontzen saiatu gara bereziki. Espainiako politika gaur egun oso esperpentikoa da, ezusteko handiak daude, eta zaila da errealitate hori deformatzea.

ETBrako Aupa Josu telesailaren atal bakar bat egin zenuten. Zergatik ez zuen jarraitu?

Ez dakit zer gertatu zen. Baina nik gehien maite ditudan proiektuetako bat da. Asko hustu ginen atal pilotu hartan, eta film txiki baten moduan bizi izan genuen. Politikari batzuen erdipurdikokerian sakontzen zuen, eta nolabaiteko hazia izan zen Vota Juan-entzat. Orain egiten ari naizen guztia Vaya semanita-tik dator. ETBn egin nuen etapa gero etorri den guztiaren hasiera da.

ETBn gaur egun ez dago umorezko saiorik. Ez al da tristea?

Erabateko desastrea iruditzen zait, porrot handi bat. Umoreak derrigorrezko diskurtsoa izan behar du, modu bakarra da gertatzen zaizkigun gauza batzuk interpretatzeko. Umorea tresna osasuntsu eta aberasgarria da. Publiko anglosaxoiarentzat, funtsezkoa da umorea, intelektualki bide bat du egina. Gure inguruan, berriz, ematen du berehala baztertu daitekeela. Askok uste dute barreak ez duela inteligentziarik behar. Ez nago ados. Vaya semanita-ren hasieran, umoreak zuen esplorazio maila oso garrantzitsua izan zen euskal herritarrontzat. Umoreak beti egon beharko luke euskal ikus-entzunezkoak dekoratzen.

ETB1en egin zen azkeneko umore saioa Euskalduna naiz, eta zu? izan zen. Sekulako zalaparta sortu zen ustez Espainia iraintzen zen atal bategatik. Nola ikusi zenuen hura?

Ezin izan nuen atala osorik ikusi, beste askok bezala. Eduki osoak ematen du testuingurua, eta hori komedian funtsezkoa da.

Gorka Otxoak esana du hasierako Vaya semanita orain egingo bazenute, justiziarekin arazoak izango zenituzketela. Ados?

Justiziarekin izan daiteke, agian. Baina argi dut askoz zailagoa izango litzatekeela aurrera egitea sare sozialetako iritzi emaileekin. Zentsura ofizialarekin baino, jendaila anonimoarekin izango genituzke arazo gehiago.

Superlópez euskaldun bat nolakoa litzateke?

Gure filmeko pertsonaia espainiar tipikoa zen. Euskaldun tipikoa balitz, Bizkaitik saiatuko lirateke Bilbokoa izan zedin.

AEBetan gidoilariak goraipatzen dituzte. Hemen kostatzen ari da hori gertatzea, ezta?

Bai, ondo esan duzu; duela bost urte, esango zenuke ez zegoela halakorik. Egun, eman dira pausoak. Plataforma berriak garrantzitsuak izango dira gidoilariok izen bat izan dezagun, eta zenbaitek izen hori gure lanekin identifika dezaten. Ordainpeko kateak sistema amerikarra kopiatzen ari dira, eta gidoilarien izena afixan jartzen hasiak dira.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna