Asier Larrinaga. EITBko Euskara Zerbitzuaren burua

«Gaur, ikusleek ez diote inolako leialtasunik ez hizkuntzari, ez ezeri»

Irrati telebista publikoak euskararen normalizazioari eginiko ekarpena aztertu du Larrinagak, tesi batean. Fikzioak lagunarteko euskara batuan duen garrantziaz eta euskalkiei egin beharreko lekuaz mintzatu da.

EITB.
Edu Lartzanguren.
2019ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Euskal Telebistaren sorrera, garapena eta funtzioa euskararen normalizazioaren testuinguruan. Horrela du izenburu Asier Larrinagak (Bilbo, 1965) berriki aurkezturiko tesiak. Hizkuntzalaria da Larrinaga, eta 1991. urtetik dabil telebista publikoan. 1998an, Euskara Saileko arduradun hasi zen.

ETBren lanari buruzko ikerketa bat barneko batek egiteak ez al du arriskurik?

Niretzat ere hori izan da zailena, jarrera apur bat eskizofrenikoa hartu behar izan dudalako. Tartean, neronek harturiko erabakiak aztertu behar izan ditut, baina,ikerlari gisa, pasio, grina eta sentimenduetatik urrunduta. Lana eduki dut horretan, baina tesian ez da ikusten neure burua edo enpresa justifikatzen ari naizenik. Sailaren arduradun egin nindutenean, nire aurreko agiri asko zeuden Iurretako [Bizkaia] egoitza hartan, eta haiek arakatzen hasi nintzen, lehen urteetan hartu ziren erabakiak eta egin ziren ikerketak ikusteko. Apurka murgiltzen hasi nintzen material hartan, eta zer ikertu bazegoela ikusi nuen.

«Euskal Telebista euskararen normalizaziorako tresna eraginkorra» izan dela adierazi duzue. Nola neurtzen da eraginkortasun hori?

Beste esaldi hau nahiago nuke nik: EITBk eginkizun garrantzitsua eduki du euskararen normalizazioan, alderdi klasiko guztietan, hau da, estatusean, corpusean eta jabekuntzan.

Esaterako, aztertu duzu EITBk lagunarteko euskara batua zabaltzen egin duen lana. Hori, batez ere, fikzioaren bidez lantzen da, eta, gaur, ETB1en ia ez dago fikziorik. Horrek esan nahi du ETBk bertan behera utzi duela erantzukizun hori?

ETBren asmoa da fikzio gehiago egitea. Kontua da zelan lor dezakegun egiten duguna alferrik ez galtzea. Hor dago Merli telesailarekin gertatu zaiguna: 2018an eskaini dugu lehen atala, eta itzelezko ahalegina egin dugu lagunarteko euskara batu hori lantzen. Baina, gaur, kontsumitzeko moduak aldatu dira: lehenengo atala eskaini genuen, eta arrakasta handia izan zuen. Zer gertatu zen gero? Ikusle potentzial guztiek ez zuten itxaron guk hurrengo igandeetan atalka eman arte; Internetera jo zuten telesail osoa berehala ikustera.

Hori ezin da konpondu lan originalak sortuta, eta norberak nahi duen bezala zabalduta?

Lan originalak, bai, baina norentzat? Ikusleak oso zatikatuta daude gaur. Familia osoarentzako produktuek ez dute funtzionatzen, familia ez delako elkarrekin esertzen telebistaren aurrean. Gaur, ikusleek ez diote inolako leialtasunik ez hizkuntzari, ez ezeri. Gustukoa bilatzen dute, eta, topatutakoan, ikusi egiten dute, beste barik. Zer eskain daiteke euskaraz, ikusle kopuru minimo bat ziurtzatzeko moduan? Buelta bat eman behar diogu horri.

Ingeles onaren erreferentzia BBC da Erresuma Batuan. Betetzen al du EITBk pareko eginkizuna Euskal Herrian?

Euskararen estandarraren arduraduna Euskaltzaindia da, baina EITB eredu horren lanketaren parte inportantea izan da, esaterako euskara batuaren ahoskera zehazteko orduan. Gure erronka ez da estandarra, hori finkatuta dagoelako. Orain, batuari zer leku dagokion zehaztea da kontua. ETB sortu zenean, estandarra edozertarako erabiltzen zen. Orain, beste ikuspegi bat dago: albistegietan, batua erabili behar da, baina bestelako saioetan euskalkiak erabil daitezke. Umorezko esketxekin hasi ginen. Gonbidatuekin eta elkarrizketatuekin ere zabaldu genien atea tokiko hizkerei.

Non dago hor muga?

Ondo identifikatu behar ditugu batuari dagozkion lekuak. Esaterako, EITBren izenean berba egiten dutenek batuaz egin behar dute, eta Gure Kasa-n ikusten da hori: aurkezle nagusi biak batuaz ari dira. Beste erronka ulergarritasuna da: onartuko ditugu euskalkiak eta tokiko hizkerak, baina noraino? Ikusle gehienek ulertu egin behar dute. Lagunarteko euskara batua Madrilgo cheli-aren aldaera bihurtu behar dugu, edo euskaratik beretik sortuko dugu? Hor badugu beste erronka bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.