David Perez Sañudo. 'Alardea' telesailaren zuzendaria

«Fikziozko herri batean gertatzen da istorioa»

ETB1ek bihar estreinatuko du 'Alardea' telesaila (22:20); lau atalak asteazkenetan ikusi ahalko dira. Sañudok ohartarazi du fikzioa dela, baina uste du hausnarketarako baliatu daitekeela.

GORKA RUBIO / FOKU.
urtzi urkizu
2020ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Zuzendu duen aurreneko filmak, Ane-k, harrera beroa izan du Donostiako Zinemaldian, eta Irizar saria jaso du —hilaren 16an estreinatuko dute Hego Euskal Herriko aretoetan—. Urte berezia izaten ari da David Perez Sañudorentzat (Bilbo, 1987).

Iritsi da Alardea ETBn estreinatzeko momentua. Urduri al zaude?

Errespetu handiz egindako telesaila baino ez dela pentsatu nahiko nuke; baina argi dago gure arreta guztia estreinaldian jarrita dagoela, ondo irtengo delakoan.

ETBk iragarri du alardearen gatazkan libreki oinarrituta dagoela telesaila. Zer esan nahi du zehazki horrek?

Fikzioa dela, istorioa fikziozko herri batean gertatzen dela: Virginia Yaguek berezko errealitatea sortu du. Lehenengo atalean zera esaten da: «Hau ez da Hondarribia, hau ez da Irun. Hau Uriola da». Argi dago gaia konplexua dela, eta helburua errespetuz jokatzea izan da.

Grabaketei dagokienez, martxoan arazoak egon ziren zenbait taldekide koronabirusarekin kutsatu zirelako. Nolako kolpea izan zen hori?

Oso gogorra izan zen. Martxoan informazio falta handia genuen; grabazioak etetea ez da sekula komenigarria izaten.

Uztail bukaeran lortu zenuten grabaketak amaitzea. Nola joan ziren gainontzean grabaketak?

Grabaketak udan ere oso gogorrak izan ziren. Erritmoa frenetikoa izan zen, eta baldintzak ere ez ziren errazak izan. Folletoi baten erritmoan grabatu behar izan genuen; hau da, atal bat aste bakoitzeko.

Itziar Ituño izar bat da nazioartean. ETB1eko ikus-entzuleak kateatzeko osagai garrantzitsu bat da Ituñoren parte hartzea?

Bai, dudarik gabe, Itziarrek produkzioa aldatu du: beste maila batean jarri gaitu. Aukera itzela da telesaila bultzatzeko.

Alardearen gaiari dagokionez, auzia konpontzearen aldeko ekarpenik egin dezake zuzendu duzun telesailak?

Gure helburua euskarazko telesail bat egitea izan da. Halere, egia da hausnartzeko aukera ematen duela, eta ikusleek hori aprobetxatzea gustatuko litzaidake.

ETBn estreinatzeaz gain, beste plataforma batzuetara iritsiko al da Alardea?

Zaila da hori jakitea. Beste plataformaren bati saltzeko muntatzea aldatu egin beharko litzateke, gaur egun ikusten dugunarekin bat egin dezan. Hau da, beste erritmo batekin eta narratiba ulertzeko beste modu batean muntatua. Baina hori beste batzuen esku dago, eta eurek erabaki behar dute. Errealizadore gisa, nire lana grabazioaren kargu egitea izan da, teknikoki sinesgarria den eta interpretazio aipagarriak izango dituen telesaila egin ahal izateko. Muntatzearekin asko ikasi dut. Azken batean, telebista kateak hartzen ditu erabakiak eta balioztatzen du dena, eta nik errealitate hori onartu behar izan dut. Lehenengo aldia izan dut telebistako fikzioan.

Euskarazko zenbait telesail martxan daude. Euskarazko fikzioaren berpizte bat dagoela esan daiteke?

Oraingoa momentu berezia da. Asko gustatzen zait Koldo Almandozek egiten duena, eta ziur naiz telesail oso indartsua egin duela. Asier Urbietaren lana ere oso interesgarria da [Altsasuko auziari buruzkoa da]. Lehenengo urratsak dira, baina Euskal Herrian fikzioa ezinbestekoa izango da. Gainera, ETBk fikzioa ekoizten ez badu, ez da aktore, gidoilari edo zuzendari berririk izango. Gure herriko telebistak ezarri behar du tempoa.

Ane euskarazko filmarekin Irizar saria irabazi duzu Zinemaldian. Bi proiektu hauen ostean, zein izango da hurrengoa?

Nire helburua lan egitea da, edozein formatutan. Bi proiektu ari naiz idazten: Contador (txirrindulariari buruzko film bat) eta Erasmus belaunaldiaren inguruko gidoi bat. Bestetik, Joanes Urkixok eta Asier Gerrikaetxeberriak idatzitako gidoi bat aurkeztu diogu ETBri: Sacamantecas. Arabako istorio bat da, indartsua, eta beldurrezko generokoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.