BERRIArentzat etxetik urrun

BERRIAko hiru andrek berriemaile lanak egin dituzte egunotan: Amagoia Mujikak, Polonian, Ukrainako mugan; Idurre Lazkanok, Eslovakian, eta Maddi Ane Txoperenak, Kongon.

Amagoia Mujikak Polonian idatzi ditu kronikak, Ukrainako mugatik gertu. BERRIA.
urtzi urkizu
2022ko martxoaren 8a
00:00
Entzun

Euskal Herritik kanpoko zenbait errealitate kontatzen emakume begiz, emakume ahotsez. Horretan aritu dira azkeneko egunetan BERRIAko Amagoia Mujika Tolaretxipi zuzendariordea, Idurre Lazkano Zubizarreta Edizio arduraduna eta Maddi Ane Txoperena Iribarren Euskal Herria saileko erredaktorea. Polonian izan da lehena, Ukrainako mugan; Eslovakian bigarrena, Ukrainako beste muga batetik gertu, eta Kongoko Errepublika Demokratikoko Kivu eskualdean hirugarrena. Hirurak berriemaile, euskaraz, munduari kontatzeko emakume begiz mundua.

Lazkanok azaldu du BERRIAn ez direla egunero gertatzen halakoak. «Gure tamainako hedabide bateko hiru langilek halako aukera izatea sekulako erronka iruditzen zait. Hirurok emakumeak gara, hirurok gogotsu; euskal gizarteari ekarpena egiten diogu gure txikitasun horretan». Bakoitza berea jartzen ari dela dio. «Gure muga guztiak apurtzen ari gara egunotan», gaineratu du.

Mujika, berriz, Poloniak Ukrainarekin mugan dituen guneetako batzuetan ibili da, martxoko lehen egunetan. Gaur gauean itzuliko da Euskal Herrira. Esker oneko agertu da BERRIArekin, izan duen aukeragatik. «Eskertzekoa da gertatzen ari dena bertatik bertara ikustea». Baina aitortu du, aldi berean, «intentsoa» izan dela; «gogorra ere bai, drama bat bizitzen ari garelako». Milaka pertsona ikusi ditu muga zeharkatzen: dena utzi, eta beren herrialdetik ihes egin behar izan dute. «Iheslarien aurpegia emakumezkoa da, iheslariak emakumeak eta haurrak baitira. Andrez josita ikusten duzu muga».

Azken bi asteetan, bakarrik ibili da Mujika. Eta, zenbaitetan, «mespretxua» sentitu du gizonen aldetik. Zer-eta emakume bat bakarrik dabilelako. «Galdetzen didate ea zer egiten dudan bakarrik, nonbait oso arraroa balitz bezala emakume bat bakarrik ibiltzea». 2022an, Europan. «Tratu zakarra jaso dut». Emakume kazetari gutxi topatu ditu bidean. Iheslariekin izan du harreman handiagoa.

Bestalde, BERRIAko kazetariak azaldu du beste herrialde batzuetako jendea iritsi dela Poloniara, iheslariei laguntzeko, eta mugak ondo antolatuta daudela. Gauza bera nabarmendu du Lazkanok, Eslovakiako mugaz hitz egitean: «Sekulako elkartasun uholdea ikusi dugu. Oso antolatuta ari dira: gazte mordoa ari da lanean, goizean goizetik». Nergroup enpresako boluntarioekin joan da Lazkano: 26 iheslari ukrainar Euskal Herrira ekartzeko egitasmoan parte hartu dute. Edizio arduraduna bidaiaren berri ematen aritu da sare sozialetan.

Irudiaren deskribapena
 

Lazkanoren irudipena da ez duela erraz ahaztuko egunotan bizitakoa: «Emozioz betetako esperientzia izaten ari da. Gaurkoa [atzo], Euskal Herrira etorriko diren ukrainarrak ezagutu ditugun unea, oso hunkigarria izan da». Kosice hirian (Eslovakia) jaso dituzte.

Kongoko emakumeak

Txoperenak bestelako errealitate bat ezagutu du bertatik bertara, Kongoko Errepublika Demokratikoan. Alboan gobernuz kanpoko erakundeak antolatutako bidaia batean joan da Kivu eskualdera, Euskal Herriko beste kazetari batzuekin. «Helburua zen migrazio prozesuetan emakumeek jasaten dituzten bortizkeriak ikusaraztea. Kontuan hartu migrazio prozesuak ez direla soilik Europara iriste horretan hasten eta bukatzen, baizik eta Kongon barne migrazio handia dagoela». Iaz, 28 andre hil zituzten, sorgin izateaz akusatuta.

Txoperenak dio «pribilegio bat» izan dela hara joan ahal izatea, lekukotzak bertatik bertara jasotzea. «Ikusi dugu hango emakumeek nolako egitasmoak sortzen dituzten. Oso aberasgarria izan da indarkeriari aurre egiteko garatzen duten erresilientzia hori ikustea. Sekulako gaitasuna dute aurrera egiteko».

Irudiaren deskribapena
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.