Olivier Barucq. Brasserie du Pays Basqueko zuzendaria

«Garagardogileentzat goren puntua da sariketa hau»

La Brasserie du Pays Basque garagardotegiaren Eguzki gorrantzak eskuratu berri du munduko garagardo hoberenaren saria, vienna lager kategorian. Barucquek xehatu du sariketa ezagupenik hoberena dela.

PATXI BELTZAIZ.
Ainize Madariaga
2022ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Munduko garagardorik hoberenaren saria jaso berri dute La Brasserie du Pays Basqueko garagardogileek, vienna lager kategorian: Eguzki gorrantzak. Baina lager kategorian ere Oldarki Extra Pale ez da urrun ibili. Olivier Barucq zuzendariak (Baiona, 1967) azpimarratu du jarraikitasuna dela garrantzitsuena.

Eguzki gorrantzak jaso du saria baina Oldarkik ere bai, ezta?

Urtero parte hartzen dugu Londresko lehiaketan. Oldarki Extra Pale hautatua izan da Frantziako garagardo hoberena lager kategorian; Eguzki gorrantza, berriz, Frantziako garagardo hoberena ere hautatu dute, baina vienna lager kategorian. Behin hori kausiturik, gainerako estatuekin lehiatzen gara munduko garagardorik hoberenaren titulua eskuratzeko. Honetan dute Eguzki gorrantza hautatu munduko garagardo hoberena, betiere vienna lager kategorian.

Zenbat parte hartzaile zen?

Zaila da ematea kopuru xuxen bat, baina garagardoa ekoizten duten estatu gehienek parte hartzen dute, berdin garagardogile artisauek nola izen handiko nazioarteko garagardotegi handiek, Kronenbourg eta Heinekenek, konparazione. Epaileak garagardogileak dira, edota zitologoak, kazetari berezituak; garagardo ezagule handiak, hots. Eta begiak estalirik egiten dute dastaketa.

Zer dakarkizue sariak?

Hiru gauza: ezagupena garagardogileentzat, ospea guretzat eta salmenta. Saria jasoz geroztik galdea igan baita arrunt.

Galdeari erantzun behar zaio orain.

Bai, eta batez ere bi garagardo hauek goi mailan mantendu behar ditugu.

Zergatik duzue deliberatu Oldarki Extra Pale eta Eguzki gorrantza aurkeztea?

Ez dira hauek aurkeztu ditugun bakarrak. Eguzki garagardo horiak, adibidez, zilarrezko medaila bildu baitzuen. Hautatu ditugu aspalditik lantzen baitituzte garagardogileek, eta urte batetik bertzerat hobetzen. Eguzki gorrantza 2016az geroztik lantzen ari dira, eta erabat bukatua eta bikaina zegoen 2022an. Bistan da, hasmentatik izugarri ona zen, baina lehengaien emankortasunari egokitu behar zaizkie, urte batetik bertzerat ez baitira berak. Brasserie du Pays Basqueko garagardogileendako goren puntua da sariketa hau. Munduko Futbol Koparen edo errugbiko Brennusen eskudoaren edota munduko pilota txapeldunaren tituluaren heinekoa da, kur-kur-kur.

Noiz duzue mozkina prest ukan?

Hiru irizpideren arabera. Alde batetik, kontsumitzaileek diotena. Urteak baitira izugarri ontsa saltzen dugula nahiz eta kategoria hori, berez, ez den hain dinamikoa: zerbait berezia duenaren marka da. Bestetik, gure bortz garagardogileak zinez gaitasun handikoak dira. Horiek dakite prozesu aldetik bururatua den edo ez. Eta, azkenik, jiten zaizkigunen artean nahiago dute garagardo hau.

Zer du Eguzki gorrantzak bertze gorrantzek ez daukatena?

Umila izan behar da, zeren eta gustua biziki subjektiboa den gauza bat baita. Eguzki gorrantzak badu doi bat dasta txigortua, zeina malta txokolateak ekartzen baitu. Atsegina da ahoan, eta finezia du berezitasuna, ez baita astuna garagardo gorrantz bat izan daitekeen bezala. Aski aisita da edateko, irisgarria mota honen zaleak ez direnendako ere. Malta mota hau txigortuagoa da, eta horrek doi bat bixkotxaren gustua ematen dio. Badu itzala: gehiagorako gogoa pizten duela!

Zuk duzu hautu hori egin?

Ez, garagardogileek. Kontsigna bakarra dute hemen: ahal bezainbat loriatzea irudika ditzaketen errezeta guzietan, eta gustaraztea kontsumitzaileari. Erabateko libertatea dute sorkuntzan. Merezimendua ez dut nehondik ere nik, talde osoak baizik. Garagardogileak usu dupen artean dabiltza eta ez dute bakanetan baizik paradarik neurtzeko egiten duten ekoizpena. Bai; jendea datorrelarik garagardotegirat: «Egiten duzuena bikaina da». Baina manerarik hoberena da lehiaketen bidez, eta hau da gorena!

Oldarki ere estatuko hoberena hautatu dute bere kategorian.

Garagardo hori extra pale da, alkohol guti du, 5,2 gradu; lager kategorian da, erran nahi baitu gehien edaten den kategoria gaur egun estatuan.

Hainbertze kategoriek mozkor lezakete nehor: pale ale, ape...

Aski da garagardotegirat jitea! Bisita-dastaketa eginaraziko dugu eta garagarnoaren oinarrizko aurkezpena eginen.

Bisita euskaraz egin daitekea?

Aitzinetik erreserbatuz, bai.

Nondik partitu zen Brasserie du Pays Basque?

Aski berria da, 2016koa. Baina Gurutze izeneko garagardotegiaren segida da, zeina ingeles batek baitzeraman. Baiona eta Donibane Lohizuneko ostalari batzuek berrartu zuten eta Eki bilakatu zen. Erabaki zuten ekoizpena berriz Euskal Herrian kokatzea. Oraingo egunean familia hori ez da gehiago garagardotegiaren kide. Oraingo jabeak bi familia korsikar dira. Euskal Herria eta Korsika, a zer pare ederra!

Hainbertze artisau garagardoren artean, nola egin norberak bere tokia atzematzeko?

Uste dut dozena bat garagardotegi dagoela Ipar Euskal Herrian, eta bertze horrenbertze Hego Euskal Herrian. Behar da ukan ekoizpen bat zeinak baduen gustu bera urtarriletik abendua arte. Eskualdeko garagardo guziak onak dira. Bada gustu guziendako: garratza edo ez, fruituduna edo ez, biziki alkoholduna edo ez... beraz, bertzeengandik bereizteko beharrezkoa da kalitateraren jarraikortasuna. Berritzailea izan behar da ere. Adibidez, guk uda honetan hibiscus lorearekin egin dugu bat, bertze bat primaderan jenjibreduna...

Baduzuea bio ekoizpenik?

Bai, hamahiru errezetatik badugu bat glutenik gabekoa eta ekologikoa: Eguzki Hoppy Lager. Eta badugu ere xantza Eguzki horiaren kasuan, Herrikoa sailarekin lan egitekoa, garagardogile bakarra gara gaur egun Euskal Herriko gariarekin egin ahal izatea, arto gehiago baita garia baino.

Tokiaren gainean denda ere badugu.

Bertze non atzeman daitezke zuen mozkinak?

Beran [Nafarroa] badugu banatzaile bat, estatu frantsesean denean barrena banatzen dugu: Parisen euskal diasporan... Erran nezake ostalaritzan presenteen den garagardoa dela Euskal Herrian.

Non dago artisautza eta industrialararen arteko muga?

Gu artisauak gara, bortz garagardogileak sortzaileak baitira. Hori bai, teknikoki oso lehiakorrak gara. Erraten da 200.000 hektolitro baino gutiago egiten duena artisaua dela. Egia da aski korapilatsua dela, berdin artisaua baita bere garajean garagardoa egiten duena edo gure garagardogileak. Autodidaktak dira gureak; berdin, hemengoa finiturik, etxeko garajean ere ariko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.