Eguerdiko magazina zuzenean emango dute Hamaika telebistan

Kateak eguerdietako albistegiak indartuko ditu. Erremonte partidak ematen hasiko dira

Ainara Ruiz eta Beñat Zarrabeitia kazetariak Hamaika telebistaren Bilboko platoan. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
2020ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Hamaika telebistak aktualitatean ahalegin berri bat eginda hasiko du denboraldi berria astelehenean. Beñat Zarrabeitia kazetariak gidatuko du eguerdietan Gurean gaur albistegi zerbitzua, eta zuzenean emango dute astelehenetik ostegunera. Azken orduari ez ezik, sareetako aktualitateari ere helduko dio 12:30etik aurrera. Saioak egunero elkarrizketari tarte bat egingo dio 13:00etan, Hamaika telebistak ohar bidez jakinarazi duenez: «Ehun ekonomiko, politiko, instituzional eta gizarte zibileko ordezkari esanguratsuak izango ditugu Bilboko platoan». Lehen elkarrizketatuen artean egongo dira Itsaso Atutxa EAJko Bizkai Buru Batzarreko presidentea, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia eta Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusia.

Horrez gain, esparru ugaritako adituekin analisirako tartea ere izango du eguerdietako magazinak. «Telematikoki ariko gara hainbat esparrutako adituekin, eta analisirako tartea izango dugu platotik pasako diren kolaboratzaileen ekarpenari esker; nabarmentzekoa, adituen eta partaideen genero parekidetasunari begiratu diogula bereziki». 14:00etan Ainara Ruiz kazetariak helduko dio Zarrabeitiak abiatutako saioari, eta albistegia aurkeztuko du Ruizek.

Arratsaldeetan Bilboko, Iruñeko eta Donostiako erredakzioetako lantaldeek albistegi zerbitzuak eguneratzen jarraituko dute, eta 20:00etan Oihan Larrañagak egunak utzitako ardatz nagusiak landuko ditu Gakoak saioan.

Nafarroako berri

Euskal Herriko albisteen berri emango dute Hamaika telebistan, baina asteartero 21:30ean Nafarroako aktualitateari eta analisiari eskainitako saioa eskainiko dute Iruñeko platotik. Horrez gain, denboraldi berrian Nafarroan ekoiztutako beste programa bat izango da berritasuna: Txapela buruan. Anabel Arraiza aurkezleak euskara ikastera animatu diren nafarrak bildu ditu programan, eta horien bizimodua kontatuko dute. Asteazkenetan eta ostiraletan ikusi ahal izango da saio hori.

Euskal musika eszenaren erakusleiho den Musika zuzenean saioa ere itzuliko da ostegunetan (21:30ean), eta Kolpez kolpe saioa laster abiatuko da berriz ere. Kulturari eskainitako Arte kale saioa ere itzuliko da, eta, kirolari dagokionez, Hamaika telebista Hernaniko (Gipuzkoa) Galarreta frontoiko erremonte partidak ematen hasiko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.