Katalunia

Prestatzeko denbora emanez

Puigdemonten defentsak denbora eskatu du alegazioetarako, eta Belgikako Justiziak abenduaren 4ra atzeratu du deklarazioa. ERCk Madrili leporatu dio Katalunian «odola isurtzeko» asmoa zuela

Paul Bekaert eta Christophe Marchand abokatuak kazetariei azalpenak ematen, atzo, Bruselako Kontseiluaren Ganberan. STEPHANIE LECOCQ / EFE.
Igor Susaeta.
2017ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Azken asteotan, horretarako aukera izan duen bakoitzean nabarmendu du Carles Puigdemontek ez dela fio Espainiako justizia sistemaz, pentsatzen baitu ez duela bermerik eskaintzen. Horixe izan zen Generalitateko lau kontseilarirekin batera urriaren 30ean Belgikara erbesteratzeko motiboetako bat. Eta handik ikusi du nola kartzelatu dituzten Kataluniako Gobernuko zortzi kide; nola Auzitegi Nazionalak ez zien jaramonik egin horien abokatuei, defentsa prestatzeko denbora gehiago eskatu zutenean. Belgikako Justizia bestelakoa iruditzen zaio Kataluniako presidenteari, eta oraingoz bestela jokatzen ari da. Bruselako Kontseiluaren Ganberan zen deklaratzekoa atzo, Antoni Comin, Lluis Puig, Clara Ponsati eta Meritxell Serret kontseilariekin batera, baina epaitegi horretako lehen auzialdiko epaileak abenduaren 4ra atzeratu du galdeketa. Defentsak denbora gehiago eskatu zion alegazioak prestatzeko, eta epaileak ontzat eman du eskaera. Abendu erdialdera bitartean, beraz, ez du erabakirik hartuko, deklarazioaren ondoren zortzi-hamar eguneko epea edukiko baitu horretarako.

Matxinada, sedizioa, diru publikoaren erabilera okerra eta desobedientzia egotzita, Espainiako Auzitegi Nazionalak Espainiara estraditatu ditzatela eskatu dio Belgikako Fiskaltzari. Hain zuzen, fiskala izan zen atzoko saioan mintzatu zen bakarra —ordubete iraun zuen, eta present izan ziren auzipetuak, haien abokatuak eta epailea—, eta estradizio eskaera betetzeko prest dago; ñabardurekin, hori bai. Izan ere, delituetako bat baztertu du: diru publikoaren erabilera okerrarena. Gainera, Jaume Alonso Cuevillas Puigdemonten defentsako kideak saioa bukatu ondoren adierazi zuenez, fiskalak aztertu nahi du ea ekintzak «inkriminatzaileak» diren Belgikako legedia aintzat hartuta. Eta, era berean, frogatu asmo du matxinada eta sedizioa «funtzionarioen arteko konspirazio delitu» gisa kontsideratu daitezkeen ala ez. Delitu horren arabera, hainbat kargudun publikok aliantza bat egiten dute legediaren kontra jotzeko.

Defentsak alegazioetan esplikatuko du kontseilariak eta presidentea beren ideiengatik ari direla «jazarriak» izaten. «Espainiak ez du azaldu gure bezeroek zein ekintza egin dituzten delitu horiek leporatzeko», azpimarratu du, asteon, Alonso Cuevillasek. Abokatuek argudiatuko dute Espainiako Estatuak ez dituela betetzen gutxienekoak giza eskubideei dagokienez, eta prozedurak han irregularrak direla.

Puigdemontek eta kontseilariek beren kabuz deklaratu zuten, joan den azaroaren 5ean, Bruselako komisaria batean, eta instrukzio epaileak kautela neurri batzuk ezarri zizkien. Ezin dira Belgikatik atera, beren bizilekuaren berri eman beharra daukate, eta exijitzen zaienean epaitegira aurkeztu beharko dute.

Abenduaren 4an joan beharko dute hara. Ondoren, epailearen ebazpena haien interesen kontrakoa bada, helegitea jar dezakete hurrengo hamabost egunetan. Paul Bekaert Puigdemonten defentsako abokatuak azaro hasieran argitu zuenez, prozesua bi hilabete eta erdiz luza daiteke. Bitartean, Belgikan jarraitu ahal izango lukete presidenteak eta kontseilariek.

Hain zuzen ere, Belgikako lehen ministro Charles Michel eta Espainiako presidente Mariano Rajoy bakarka bildu ziren atzo, Goteborgen (Suedia), EB Europako Batasuneko estatuburuen goi bilera baten barruan. Belgikaren eta Espainiaren arteko harreman diplomatikoak mikaztu egin dira azken asteotan, Michelek berak Espainiako Poliziak urriaren 1eko erreferendumean edukitako jarrera bortitza gaitzetsi zuenetik. Michelek bileraren ondoren adierazi zuenez, Kataluniako auzia ez zegoen «gai zerrendan». Ez zuen, hortaz, horri buruzko adierazpenik egin, eta Puigdemonten eta kontseilarien kontrako euroagindua «kontu judizial bat» zela esatera mugatu zen. Rajoy, berriz, prest dago Belgikako Justiziak hartutako erabakiak onartzeko. «Epaileek bere lana egin behar dute, eta politikariek, berea». Bi estatuen arteko tentsio diplomatikoaz galdetuta, gorabehera horiek «erabat» gaindituta daudela erantzun zuen.

Tirabira, Marta Rovirak Espainiako Gobernuarekin atzo edukitakoa. ERC Esquerra Republicanako idazkari nagusiak zera jakinarazi zuen RAC 1 irratian egindako elkarrizketa batean: «Kalean hildakoak egongo zirela ohartarazi ziguten». Generalitatean bazekiten Katalunian «odola isuriko zela» errepublika gauzatzen jarraitu izan balute. «Hori jakinarazi zigutenak iturri fidagarriak ziren». Haren esanetan, Kataluniako Gobernua ez zegoen prest «muturreko indarkeriako» egoera bat onartzeko, «kalean hildakoak» eragingo zituen egoera bat. Iñigo Mendez de Vigo Espainiako Gobernuko bozeramaileak erantzun zion «gezur baldarra» dela hori, eta «agintari sezesionistek» joera dutela «sistematikoki» gezurretan aritzeko.

Lau kontseilari, bozetara

Junts Per Catalunyako iturriek jakinarazi zuen, atzo, Jordi Turull, Josep Rull, Clara Ponsati eta Lluis Puig beren hautagai izango direla abenduaren 21eko bozetan. Lehen biak espetxean daude, eta beste biak, Bruselan. ANC Biltzar Nazional Katalaneko zuzendaritzako lau kide ere batuko zaizkie. Jordi Sanchez presidenteak herenegun adierazi zuen Junts Per Catalunyaren hautagaia izango dela. Atzo gauean ziren ixtekoak bozetara aurkeztuko diren alderdien zerrendak. Kanpaina datorren abenduaren 4an hasiko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.