Hungaria. Parlamenturako hauteskundeak. Matyas Benyik. Attac erakundearen burua Hungarian

«Oposizioaren elkarlanean sartzeko aukera du ezkerrak»

Benyiken ustez, ez da «batere probablea» ideologia ezberdineko indarrak Orbanen nagusitasunaren aurka egiteko ados paratzea, baina, hala ere, bide bakarra dela uste du. 2010ean «politika neoliberalei bizkar eman» zieten herritarrak erakarri beharko dituzte.

BERRIA.
mikel rodriguez
2018ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Viktor Orban boteretik at ikusi nahiko luke Matyas Benyikek (Kispest, Hungaria, 1947). «Zoritxarrez, ez dago Fideszen garaipena gelditzeko biderik». Benyik ekonomialaria eta soziologoa da, eta Attac erakundearen Hungariako adarreko burua da —nazioarteko merkataritza eta finantza erakundeak kontrolatu behar direla aldarrikatzen du Attacek—. Hungariaren aro sozialistan Merkataritza Ministerioko funtzionario izan zen, eta, bertzeak bertze, Sirian eta Turkian Hungariaren merkataritza arduradun izan zen.

Hungariatik kanpo, Orban ezaguna da gehienbat EB Europako Batasuneko agintarien eta immigrazioaren aurkako erretorikarengatik. Diskurtso hori al da Hungarian duen babes handiaren arrazoi nagusia?

2006ko udaberrian, MSZP sozialistak bigarren agintaldirako hauteskundeak irabazi eta hilabetera, Ferenc Gyurcsany lehen ministroaren adierazpen bat filtratu zuten, eta Budapesten protesta jendetsuak eragin zituen, Fideszek itzalpetik antolatutakoak. Orban eta Fidesz hor hasi ziren sortzen lau urte geroagoko garaipen zabalaren oinarria. 2010aren ondoren, berehala hasi ziren lanean: konstituzio polemiko bat idatzi zuten, eta parlamentuak hedabideen lege bat onartu zuen komunikabideei isunak paratzeko ahalmena zuen gobernuaren kontrolpeko erakunde bat sortzeko. Horrekin batera, aurrekaririk gabeko kanpaina mediatiko bat hasi zen. Gobernua haren aldeko hedabide berriei funtsak ematen hasi zen, eta oposiziokoei presio ekonomikoa egiten. 2010ean Fideszen leloa zen Nazioarteko Diru Funtsari ez; 2012an, Hungaria hobeki dago; 2014an, Legez kanpoko migratzaileei ez; eta, 2015etik, Geldi dezagun Brusela.

George Soros hungariar jatorriko magnatearen aurka kanpaina gogorra egiten ari da Orban. Iraganean ez al ziren aliatuak? Zergatik etsaitu dira?

Soros plana erran zaionean dagohausturaren arrazoi nagusia. Sorosek 2015ean erran zuen EBk prest egon beharko lukeela milioika errefuxiatu hartzeko, eta Orbanen erregimena erraten hasi zen Sorosen asmoa zela Europa migratzailez betetzea. Berriki, Orbanek gogortu egin du kanpaina, Sorosek finantzatzen duen Europa Erdiko Unibertsitateari presioa eginda, eta haren gobernuz kanpoko erakundeen aurka zuzenduta dagoen lege bat onartuta. Soros eta Orban aliatuak ziren 1980ko hamarkadan, Orban liberal bat zenean. Harremana okertu da Orban anitz aldatu delako, eta demokrazia liberal bat bihurtu duelako erregimen ez-liberal antidemokratiko batean.

Orbanek Sorosi egozten dio Hungariako politikan esku hartzea. Sorosen eragina puzten ari da Orban, edo magnate horrek baditu interesak Hungarian?

Soros filantropo gisa jarduten hasi zenean, 1979an, milioika biztanle nahiko ongi bizi ziren bloke sobietarrean. Ez zegoen langabeziarik, hezkuntza, osasuna eta kultura doakoak edo hagitz merkeak ziren, eta gizarte segurantza maila handikoa zen. Ordutik, okerrera aldatu da anitz, eta Sorosen OSF Open Society Foundationek zerikusi handia izan du. OSFk saltzen du kapitalismoak aurpegi gizatiar bat eduki dezakeela. Europa erdian eta ekialdean sozialismotik kapitalismoranzko trantsizioa babestu zuen Sorosek, eta horrek pobrezia eta gabezia sozialak eragin zituen. Langileentzat kaltegarriak diren politika neoliberalak sustatzearen arduradun da. Sorosen GKEak ezkerrekotzat ikusi ohi dira, baina, errealitatean, kapitalismoaren aldeko erakunde liberalak dira, eta agenda politiko bat bultzatu nahi dute, erregimen txotxongiloak ezartzeko, eta, azken finean, oligarkia angloamerikarraren interesen alde egiteko.

Joan den otsailean Fideszek barruti bateko hauteskundeak galdu zituen, oposizioko alderdiek bat egin zutelako bertze hautagai baten alde. Gerta al daiteke halakorik maila nazionalean?

Ez da batere probablea Hodmezovasarhely barrutian gertatutakoa berris gertatzea. Oposizioko alderdien gaineko presioa handitu egin da barruti bazterrekoetan ados para daitezen hautagaiak babesteko orduan, baina zaila da bertze alderdiak Jobbikekin koalizio handi batean sartzea. Gehien jota, elkarlan isil bat egin lezakete Fideszek galtzeko arriskua duen barrutietan batzuek ala bertzeek hautagaiak erretiratzeko. Izan ere, Orbanen migrazioaren eta EBren aurkako mezuen eragina agian agortu egin da barruti batzuetan.

Duela gutxira arte, Jobbik Europako eskuin muturreko alderdirik arriskutsuenetakotzat jotzen zen. Mezua aldatu du?

Gabor Vona Jobbikeko liderrak eta haren ingurukoek 2015ean erabaki zuten posizio zentristagoetara hurbiltzea. Mugimendu logikoa zen, Orbanek Fidesz gero eta eskuinerago eraman baitzuen, bi alderdiak ia ezberdindu ezinak egin arte. Vonaren mugimenduaren ondorioz, eskuin muturrean babesa galdu du, eta litekeena da jende horrek orain Fidesz babestea. Azken bi urteotan Vona saiatu da haren alderdia ezkerreko boto emaileentzathain nazkagarri ez egiten, baina oraindik Jobbikek eta ezkerrak ideologia politiko eta interes ezberdinak dituzte. Ez du lan erraza, jende gehiegik oroitzen baititu Jobbiken eraso antisemitak, EBko banderen erretzea, Hungariako Guardiaren sorrera...

Zein egoeratan dago ezkerra?

Hungariako gizartearen dilema da ea ideologia ezberdineko alderdiak ados paratu litezkeen elkarlanerako. Hori egiten badute, soilik irabaz dezakete 2010ean gobernu sozialistaren politika neoliberalari bizkar eman eta ordutik austeritate politika babestu ez dutenak erakarrita. Ezkerrak aukera du elkarlan horretan sartzeko, eta, irabaziko ez badu ere, ezkerraren politika berritzeko, eskubide sozialak babestuko lituzkeen konstituzio bat bultzatuko duen erresistentzia demokratiko baten oinarriak paratzeko. Gergely Karacsony MSZP alderdi sozialistako buruak eta Elkarrizketa Alderdiak azken unean akordio bat egin dute elkarlan zehaztuago baterako. Horri esker, sistemarekin kritiko diren alderdiek Karacsonyrekin bertze akordio bat egin dute, eta oposizioaren elkarlana ezkerrerantz bultzatu dute, ezker berri baterako aukera sortuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.