jokin sagarzazu
ANALISIA

«Terroristak» libre

2016ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Horra paradoxa: zigorrak onartu dituzte auzipetuek eta beren gain hartu akusazioak: «talde terrorista» bateko—akusazioak irakurrita, legez kanporatutako Batasunako— kide izatea edo hari laguntza ematea. Baina libre geratu dira denak, bi urte azpiko zigorrekin ez dituztelako espetxeratuko. Halakoak gertatzen dira zuzenbide estatuetan, baita «terrorismoaren» aurka Europan legedia gogorrenetako bat duen Espainian ere. Alegia, «terroristak» aske gera daitezkeela, geratu direnez. Baina hori, kasu honetan, gertatu da auzipetuek ez dutelako «ekintza terroristarik» egin, beste zer edo zer egin dutelako —funtsean, politika—. Eta hori fiskaltzak aitortu du: estatuak. Auzipetuek soilik ez, haiek ere onartu dutelako akordioa, bestela arrazoitu arren.

Iaz aldatu zuen Rajoyren gobernuak Zigor Kodea; terrorismo delituen definizioa zabaldu zuen, bizi osoko espetxe zigorra onartu, zaintzapeko askatasuna deiturikoa asmatu... Baina erreforma horretan muga batzuk sartu zituzten —legelariek behartuta, ziurrenik—, terrorismoarekin loturiko zigorrak ezartzerako orduan aukera emanez horiek murrizteko. Dena ezin baita zaku berean sartu, edo berdin zigortu, nazioartetik hainbatean Espainiari ohartarazi dioten moduan.

Zehazki, Zigor Kode berrituaren 579.bis artikuluak dio beti erabili behar dela proportzionaltasun printzipioa zigorrak ezartzerako orduan, eta adierazten du horretarako kontuan hartu behar direla ustezko delitua egiteko eta helburuak betetzeko erabilitako bitartekoak eta eragindako kalteak. Horiek «larritasun txikikoak» badira, delitu horri dagokion zigorra —talde terroristako kide izatea edo laguntzea: 6-12 urte—bi gradu murritz daitekeela dio, auzipetuen askatasuna ia ziurtatuz. Eta hala gertatu da Segurako 35en kasuan: fiskaltzak eta akusazioek auzipetuei leporatzen dizkieten bitartekoak —lan politikoa eta publikoa egitea— eta ustez eragindako kalteak ezer ez baitute terroristatik. Eta hori ere onartu du fiskaltzak, eta baita akusazio partikularrak ere.

Ez da lehenengo aldia, dena den, Zigor Kodean eginiko aldaketa hori aintzat hartzen dena. Iazko azaroan, Auzitegi Gorenak absolbitu egin zituen Segirekin lotuta zigortutako zazpi gazteetatik bost, eta beste biei zigorra gutxitu zieten bi gradu, espetxetik irtenda. Orain, ikusteko dago legedian eginiko aldaketa horrek nola eragingo duen epaiaren zain dauden beste «auzi politikoetan» —Askapenaren aurkakoan, kasurako—, epaiketarako bidean diren besteetan — Ekin, Herrira, abokatuak, Segurakoarekin loturik asteon berriz ireki duten ezker abertzaleko beste 27 kideren aurkakoan—, edota terrorismoa goratzeaz akusatuta daudenengan: 100ndik gora lagun, denera.

Bitartean, terrorismoaren definizioa neurriz kanpokoa izango da aurrerantzean ere. «Terroristen» kopurua ez da gutxituko Euskal Herrian; ez behintzat disidentziari terrorismo deitzen zaion bitartean. Baina fiskaltzak eta Auzitegi Nazionalak (eta Gorenak, bereziki) aitortzeak akusazioen larritasuna neurriz kanpokoa dela, eta funtsean auzi horien oinarria politikoa dela, izan daiteke urrats bat euskal gatazkarekin loturik eraiki den egitura juridikoa desmuntatzen hasteko.

Auzipetuak Madrilera joan ziren estatuaren kontraesanak agerian uztera, eta utzi dituzte. Horra paradoxa: akusazioak onartuta bueltatu dira. Libre.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.