«Azken ukituak» falta dira Franco Erorien Haranetik ateratzeko

Sanchezek Kongresuan adierazi du «irmoa» dela gorpuzkiak ateratzeko erabakia. Diktaduraren biktimak omenduko dituzte gaur Gasteizen

Pedro Sanchez, Espainiako Diputatuen Kongresuan, atzo. KIKO HUESCA / EFE.
Iosu Alberdi.
2018ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek atzo azaldu zuen Francisco Franco diktadorearen gorpuzkiak Erorien Haranetik ateratzeko erabakia «irmoa» dela, eta laster egingo dela: «Posible egingo duen instrumentuari azken ukituak ematea falta da; laster gauzatuko da, epe oso laburrean». Harana, ordea, ez zen Sanchezek Espainiako Kongresuan aipatutako gai bakarra izan.

1936ko estatu kolpearen 82. urteurrena da gaur, eta, hainbeste denbora igaro ostean, Sanchezek adierazi zuen «zauriek irekita denbora gehiegi» daramatela: «Ixteko garaia iritsi da». Horregatik, azpimarratu zuen herritarrak «batuko» dituzten sinboloak behar direla, eta ez «bananduko» dituztenak. Era horretan, Francoren gorpuzkiak lehenbailehen ateratzeko asmoa adierazi zuen.

Azken egunetan bisitek gora egin dute Erorien Haranean, eta baliteke gaur, estatu kolpearen urteurrena baliatuta, igandeko irudien antzekoak ikustea. Orduan, diktaduraren jarraitzaile ugari bildu ziren han, bandera frankistak astinduz, Harana ez ukitu lelopean. Franco familiak ere bat egin du ehorzketaren aurkako deiarekin, eta hala adierazi dio Erorien Haraneko abadeari. Francisco Franco Fundazioak ere esan du diktadorea lurperatuta dagoen eremua «bortxaezina» dela Espainiako Estatuaren eta Elizaren arteko hitzarmenen arabera.

Gobernuko presidenteak, ordea, ez du atzera egiteko asmorik adierazi, eta Espainiako Konstituzioaren hastapenak gogoratu zituen, estatuak azken 40 urteetan izaniko aldaketak «gizarteak bultzatu» dituela azpimarratzeko.

Bestalde, Frankismoaren Aurkako Euskal Plataformak diktaduraren biktimei omenaldia egingo die gaur, Gasteizen: «Inpunitate frankistak 40 urte darama Espainiako instituzioetan txertatuta». 1976ko martxoaren 3ko biktimen kasua ere gogoratu du plataformak, gaia Europako Parlamentura iritsi ostean. Poliziak bost langile hil zituen Gasteizen, bilduta zeuden grebalariei tiro eginda. Plataformak Europako erakundearen jarrera txalotu zuen, baina zuhurtziaz jokatu behar dela gehituta.

Alokairuan berrikuntzak

Frankismoarena, ordea, ez zen Espainiako presidenteak atzo hizpide hartutako gai bakarra izan. Besteak beste, etxe turistikoak izan zituen hizpide, eta horiek Hiriguneetako Alokairuen Legetik ateratzeko asmoa duela esan zuen. Horretarako, gobernuak «denboraldiko alokairuen definizioa» berrituko du, adierazi zuenez. Horrez gain, gehitu zuen alokairuen nahitaezko luzapena hiru urtetik bostera luzatuko duela, eta fidantza gehigarriak mugatuko dituela, errentariak babesteko. Sanchezek azaldu zuen «benetako etxebizitza politika bat herritarren zerbitzura jartzeko» hartuko dituela erabaki horiek, eta etxebizitza publikora eta alokairura bideratuko duela 2018-2021 Etxebizitzako Estatu Plana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.