«Herri justua» eratzeko deia

Martxa bat egingo du Sortuk bihar, Donostian. Larrañagaren eta Urruzmendiren arabera, euskal errepublikaren alde iritziak pilatzea eta gizartea aktibatzea da xedea.
Aratz Urruzmendi eta Arritxu Larrañaga, biharko manifestazioa iragartzeko prestatutako kartelak eskuan dituztela.
Aratz Urruzmendi eta Arritxu Larrañaga, biharko manifestazioa iragartzeko prestatutako kartelak eskuan dituztela. JON URBE / FOKU

Jon O. Urain -

2018ko abuztuak 10
Alderdi Ederreko kanoikadak eta Piraten txupinazoaz gain, beste bi ekitaldik ezaugarritzen dute Donostiako Aste Nagusiaren abiapuntua: zezenketen aurkako manifestazioak eta ezker abertzaleak urtero-urtero antolatzen duen martxak. Bihar hasiko dute jaia Gipuzkoako hiriburuan, eta, hori horrela, manifestaziora deitu du Sortuk 17:00etarako. Artzain Onaren plazatik abiatuko da.

Urterokoa izanagatik, badu berritasunik aurtengoak, Aratz Urruzmendi (Igeldo, Gipuzkoa, 1990) eta Arritxu Larrañaga (Donostia, 1988) Sortuko kideen arabera: «Ez da manifestazio soil batean gelditzen, kanpaina oso baten baitan kokatzen dugu». Apiriletik ari dira euskal errepublika eratzearen aldeko kanpaina egiten, helburu nagusitzat hartuta haren beharra azpimarratzeko arrazoietan sakontzea: «Ikusten genuen gure eguneroko oinarrizko beharrak ezin ditugula bete Espainiako eta Frantziako estatuetan: ezin dugula eraiki bizitza duin bat eta herri justu bat, eta euskal errepublika behar dugula». Dena erabakitzeko, euskal errepublika leloa erabili dute kanpainan zehar, eta horixe izango da biharko mobilizazioaren aldarrikapena ere. «Erabakitzeko markoak zenbat eta gertuago egon, orduan eta errazagoa izango da bermatzea herritarra dela erabakien parte eta herritarren interesak errespetatzen direla», Larrañagak dioenez.

Bi epetan banatu dute kanpaina. Pentsioen eta prekaritatearen gaiak jorratu zituzten kanpainaren lehen fasean, pentsiodunekin eta baldintza prekarioetan daudenekin eurekin adostuta gaia bera nola landu eta zabaldu: «Ariketa interesgarria izan zen, eta berritzailea». Urruzmendik uste du bi ezaugarriok «oso ongi» adierazten dutela «euskal errepublika osatzearen beharra»; bat dator Larrañaga, eta aparteko garrantzia ematen dio sektore eta arlo anitzetako herritarrekin elkarlanean aritzeari: «Subjektua bera ez bada parte sentitzen, alferrik da». Alde horretatik, lankidetza horien bidez «beste konfiantza bat eraikitzen» dela azpimarratu du Urruzmendik, eta gertutasun horrek aukera ematen duela herritar gehiago euskal errepublikaren aldeko iritzi ildora batzeko: «Gero konbentzituko dituzu edo ez, baina herritarrak saretzen dituzu, beste itxura bat ematen duzu...».

Udan, bigarren faseari ekin diote, herritarren aktibazioa lan ildo nagusi izanik: «Arrazoietan sakondu ondoren, jendea kalera atera nahi dugu; horri erantzuten dio manifestazioak».

Apirilean abiatutako bidearen amaieratzat dute martxa, baina eman nahi diote jarraipena. Datorren urte politikoan, euskal errepublikaren aldeko hautua ikuspegi feministatik aztertu nahi dute, nahiz eta zehazteke dagoen lantzeko era. Gainera, Gure Esku Dago estatus politikoari buruzko galdeketa egitekoa da azaroaren 18an, eta hitzordua baliatzeko asmoa dute, euskal estatu bat onesteko argudioak plazaratzen jarraitzeko; «pedagogia» egiteko.

Zalantzatiak jomugan

Koiuntura politikoa aldekoa dela ziurtzat du Urruzmendik: «Arloz arlo, mobilizazio izugarriak egon dira; herri honek erakutsi du gaitasun handia dagoela zentzu horretan. Baina falta da, arloz arlokoez harago, horiek burujabetzaren bidean kokatzea; ikusten da arloz arloko aldarrikapen horiek gauzatzeko tresnak behar ditugula; alegia, euskal estatua beharrezkoa dugula». Jada euskal estatuaren aldekoak direnak mobilizatzeaz aparte, mezua hartzaile berriengana helaraztea izan dute xede: «Kanpaina martxan jarri genuenean, ez alde ez aurka ez dagoen jende batengana iritsi nahi genuen. Ipar Hegoak egindako azterketa baten arabera, herritarren ehuneko bat ez legoke euskal estatuaren ez alde eta ez kontra, baina, estatu horrek bermatuko balitu oinarrizko eskubideak, alde jarriko lirateke». Jende multzo horrengana iritsi nahi zuten, baina aitortu dute «zailtasunak» dituztela.

Nola erakarri jende gehiago euskal errepublikaren aldeko proiektura, ordea? Galdera horri erantzuteko edo, behinik behin, pista batzuk emateko, mahai inguru bat egin zuten uztailaren 11n Donostiako Easo plazan, Unai Apaolaza, Jone Etxeberria eta Beñat Irasuegi hizlari zirela. Urruzmendik gogoratu duenez, «herrigintza» izan zen mahai-inguruan aipatutako giltzarrietako bat: «Aipatutako arlo guztietatik, abaniko zabal bat dugu irabazteko eta jende pila konbentzitzeko. Arrazoi sozialak dira egunerokoan eragiten digutenak, eta hortik konbentzitu behar da jendea».

Esparruz esparruko aldarrikapenak manifestazioan irudikatuko direla azaldu du Urruzmendik, eta Espainiako Estatua «deriba» batean dagoela salatu: «Ikusten da ezin dugula garatu bizitza duin bat, arlo ezberdinetan: erabakitzen dute gure lan baldintzen inguruan, pentsioen inguruan, kartzelara joan behar dugun… horretarako gure estatua behar dugu».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna