Koronabirusa

Larriagotzen ari da kutsatzeen gorako joera: 717 kasu izan dira Hegoaldean

Egun bakarrean egindako testen %7k eman dute positibo. Labik ez du ezarri neurri berririk, baina esan du egoera «oso kezkagarria» dela

Birusa atzemateko baheketak, Zaldibarren. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2021eko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Apaldu ezinik segitzen du kutsatuen kurbak Hego Euskal Herrian. Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, herenegun 10.169 test egin ziren COVID-19a detektatzeko, eta 717 kasu positibo zenbatu zituzten horietan. Hala, egun bakarrean egindako proben gaineko positiboen ehunekoa %7koa izan zen Hegoaldean.

Hegoaldeko lurraldeen artean, Bizkaian atzeman zuten kasu gehien: 283. Gipuzkoan 170 kasu zenbatu zituzten; Araban 73 izan ziren; eta Nafarroan, berriz, 182. Hain zuen ere, positibo kopuruari dagokionez, azaroaren 14tik aitzina erregistraturiko daturik altuena izan zen Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak atzo emandakoa.

Kutsatuen eguneroko zenbaketek erakusten dituzten gorabeherez haratago, azken asteotako datuek agerian uzten dute transmisioaren bilakaeraren larriagotzea. Oraintxe bertan, azken hamalau egunetan atzemandako positibo guztien batezbestekoa 535ekoa da Hegoaldean. Azaroan eta abenduan beheranzkoa izan zen joera; urteko azken egunetan izan ziren apalenak datuak, batezbestekoa 456koa izateraino, baina nabarmen igo da ordutik, kutsatzeen ugaritzearen eraginez.

Halaber, ospitaleen egoera aztertuta, Osakidetzak eta Osasunbideak emandako datuen arabera, herenegun 53 lagun eraman zituzten ospitalera birusaren sintomak larriagotuta. Horiek aintzat harturik, 88 pertsona daude ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan erietxeratuta, eta, berriz, 386 daude gela arruntetan.

Neurri berririk ez, oraingoz

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako egoera epidemiologikoa aztertzeko beste bilera bat egin zuen atzo Labi aholku kontseiluak, eta hartan erabaki zuten oraingoz ez dutela proposatuko pandemiari kontra egiteko neurri berririk. Hala ere, batzordeko kideek adierazi dute egoera «oso kezkagarria» dela, eta, horregatik, astelehenean bilduko dira berriz ere. Diotenez, orduan erabakiko dute, «behar izanez gero», jarduerak edo mugimendua mugatzeko neurri berriak ezartzea. Adibidez, batzordeko koordinatzaile Jonan Fernandezek esan du ezin dela baztertu intzidentzia maila altuko udalerriak ixteko aukera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.