Koronabirusa

Birusean aritu, baina ez aditu

Ikastetxeetan COVID-19aren arduradunak ezarri dituzte kasuak kudeatzeko. Neurriak funtzionatzen ari direla dirudi, eta ari direla tamaina hartzen egoera berriari.

Garbizaileak Donostiako ikastetxe bat garbitzen, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2020ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Gurasoen dei bat: «Umeak positibo eman du». Eta protokolo guztia martxan: osasun agintariei deia, kontaktu estuen azterketa, testak, konfinamenduak... Hezkuntzan ez ezik, osasunean ere aritu dira azkenaldian ikastetxeak. Eragileek, familiek eta ikastetxeetako langileek errezeloz begiratzen zioten ikasturte hasierari, ikasgelak kutsatze gune bihurtuko zirelakoan. Baina badirudi ez dela hala izan, ez behintzat BERRIAk galdetutako ikastetxeetan.

Datuek erakusten dute zenbateraino sartu den birusa ikasgeletan. Nafarroakoak dira zehatzenak. Hezkuntza Departamentuaren arabera, 3.810 ikaslek eman dute positibo ikasturte hasieratik; hau da, hezkuntza sistemako 105.445ikasleen %3,6k. Irakasleei ere eragin die gaitzak: 376 positibo izan dituzte, itunpeko sareko eta sare publikoko11.445 irakasleen %3,3. Positibo horien ondorioz, 622 ikasgela itxi behar izan dituzte Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako 148 ikastetxetan; hau da, Nafarroako hezkuntza sisteman dauden 5.759 ikasgelen % 10,9 itxi behar izan dituzte. Zehazki, 12.734 ikasle konfinatu dituzte;hau da, Nafarroan dauden 105.445 ikasleetatik %12,1. Baina Nafarroako Gobernuak datu positibo bat azpimarratu du: ikastetxeen %40tan baino gehiagotan ez dute ikasgelarik konfinatu, eta eskola bat ere ez dute osorik itxi. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 0 eta 18 urte arteko 7.439 haurrek eta nerabek eman dute positibo irailaren 7an ikasturtea hasi zenetik. Ignacio Garitano Zaintza eta Kontrolerako Programaren koordinatzaileak beste datu batzuk ere eman zituen asteleheneko agerraldian: 3 urtetik 16ra arteko 1.451 kasu aktibo daude, eta 2.083 haur eta nerabe daude bakartuta.

COVID-19aren arduradunen esku geratu da positibo horienkudeaketa. Eskola bakoitza mundu bat da. Maite Santosi 50 positibo inguru kudeatzea tokatu zaio Gasteizko Armentia ikastolan. Mikel Sasiain, berriz, Segurako (Gipuzkoa) herri eskolako zuzendaria da, eta bi positibo izan dituzte: irakasle bat eta ikasle bat. Berako (Nafarroa) institutuan, hiru irakasle eta zuzendaritza taldea aritzen dira COVID-19arekin lotutako gaietan, eta horietako bat da Josu Erkizia. Hiru ikaslek eman dute positibo. Aiako (Gipuzkoa) eskolan, berriz, oraindik ez dute positiborik izan. Guztiek bat egin dute kontu batean: ez dute Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren formakuntzarik jaso. Santosek soilik izan du aukera: «Ikastolen Elkartetik jaso genuen formakuntza bat».

Beraz, birusarekin egunero aritu behar dute horretan aditu izan gabe. Familien dei batekin hasten da prozesua. Elkarrizketatuek azaldu dutenez, gurasoek jakinarazten diete haurrak positibo eman duela, eta ikastetxea jartzen da harremanetan Osakidetzarekin edo Osasunbidearekin. «Mezu bat bidaltzen diegu esanez ikasle bat positibo dela, eta zer taldetan dagoen; ikasgelaren planoa, jakiteko ikaslea non esertzen den eta zein diren kontaktu estuak; jantokia edo autobusa erabiltzen badu, non eserita dagoen...», azaldu du Santosek.

Aldaketak irailetik

Eta kasu bat dagoela jakindakoan, zer?Protokoloa martxan jartzen da. Jarraibideak «oso argiak» direla nabarmendu du Sasiainek. Kontaktu estuak nor izan diren identifikatu behar dira. «HHn positibo bat izanda, gela osoa bidaltzen dute etxera. Gero, PCRa egiten diete ikasle guztiei eta irakasleari», adierazi du Santosek. LHn eta DBHn, ordea, bestela jokatzen dute: «Hasieran, esan ziguten baietz, gela osoa bidaliko zutela etxera, baina guk horrelako kasurik ez dugu izan LHn. Berehala esan zuten ez zutela aurreikusten gela osoa bidaltzea». Sasiainek ere ikusi du aldaketa: «Ematen du poliki-poliki bagoazela neurria hartzen». Beran, berriz, oraindik ez diete ikasgelarik itxi: «Printzipioz, ikasleak maskararekin daudenez eta segurtasun neurriak bermatuta, ikasgela ez da konfinatuko. Ikasgela bateko bi edo hiru balira —zorionez,oraindik ez duguhorrelako kasurik eduki—, ikasgela hori jarriko litzateke berrogeialdian». Positiboak egon badira ere, hartutako neurriek eragina izan dutela dirudi. Izan ere, elkarrizketatutako ikastetxeei ez zaie tokatu ikasgeletan ikasle batek beste inor kutsatzea.

COVID-19 gelak dira beste berrikuntzetako bat. Protokoloan zehaztuta dagoenez, ikasleren bat sintomekin hasten bada, gela horretara eraman behar dute. «Egia da nabaritzen dela gela horretan ikasle asko sartzen ditugula. Aurten, buruko mina eta tripako mina, berehala sartzen dugu gelan, eta gurasoei deitzen diegu badaezpada. Egia esan, horietatik inork ez du positibo eman orain arte», azaldu du Santosek.

Oraindik zalantzan

Ibilian egiten da bidea, eta hala ari dira eskoletan ere. Oraindik hutsuneak ikusten dituzte, ordea. Santosen esperientziaren arabera, moteltasuna da bat: «Gaur [ostegunean], adibidez, kasu bat komunikatu dugu, eta, grebarekin, telefonoa ere ez digute hartu. Mezu elektroniko bat bidali diegu goizean goiz, eta, azkenean, guk hartu dugu erabakia. Ez dakigu noiz jarriko diren harremanetan familiekin». Aiako ikastetxean ere, antzera: «Gure zalantza izaten da telefono horretara deitzen dugun momentuan ea norbaitek telefonoa hartuko duen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.