Koronabirusa

Izurria kudeatzeko lege egitasmo bat erregistratu dute PSEk eta EAJk

Jaurlaritzak neurriak «berme juridikoz» hartu ahal izateko tresna ahaltsua izango dela esan dute. Lehenbailehen onartzea nahi dute

Urkullu, izurriaren gaineko neurriez azalpenak ematen, asteon. DAVID AGUILAR / EFE.
Edurne Begiristain.
2021eko martxoaren 27a
00:00
Entzun
EAJk eta PSEk, atzo goizean, COVID-19aren pandemia kudeatzeko neurrien lege proposamena aurkeztu zuten Eusko Legebiltzarrean. Lege horren bidez, Eusko Jaurlaritzak «berme juridiko osoarekin» hartu ahal izango ditu birusa geldiarazteko egokitzat jotzen dituen erabakiak, talde proposatzaileek jakinarazi zutenez. Haien arabera, autogobernuari «ahalik eta etekinik handiena» ateratzeko tresna izango da, eta izurriaren aurka jarduteko «lege mekanismoak» eskura jartzen dizkio Eusko Jaurlaritzari. «Arau hau idazteak oso argi uzten du ez gaudela edozein epidemia egoeratan aplikatu beharreko lege orokor baten aurrean. Pandemia honen premiazko beharrei erantzuten die, bereziki», nabarmendu zuten EAJk eta PSE-EEko ordezkariek.

Luis Javier Telleriak (EAJ) eta Ekain Ricok (PSE-EE) sinatu zuten lege proposamena, eta presaz tramitatzeko eskaera egin zuten bi taldeek. Ondorioz, ohiko prozedurarako ezarritako denborak erdira murriztuko dira. Jeltzaleen eta sozialisten asmoa da ekinbidea Eusko Legebiltzarreko jarduna amaitu aurretik onartzea, hau da, ekainaren 24a baino lehen. Horretarako, ezarritako epe guztiak erdira murriztu beharko dira.

Sei titulu

Lege egitasmoak sei titulu ditu, eta horietan aurreikusita daude bost jokaleku, sei adierazle epidemiologiko, eta arrisku maila bakoitzari egokitutako osasun eta prebentzio neurriak. Eusko Jaurlaritzaren Bizi Berri Plana lege egitasmoan txertatuta dago, eta helburuen artean ezarri da 100.000 biztanleko intzidentzia tasa 60 kasutik behera kokatzea. Hain justu, helburu hori nabarmentzen dute usu Eusko Jaurlaritzako agintariek prebentzio neurriak samurtzen hasteko eta izurriaren kudeaketan fase lasaiago batean murgiltzeko mugarritzat.

Helburu hori lortzeko pausoen eta COVID-19aren bilakaeraren berri hamabost egunean behin eman beharko dio Eusko Jaurlaritzak Eusko Legebiltzarrari, lege proposamenak jasotzen duenez. Halaber, arauak ezartzen du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan krisia kudeatzeko laguntza teknikoko talde bat eratuko dela, lehendakariak izendatuta eta gidatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.