Bi ertzain inputatu dituzte, atxilotu bati ziegetan eraso egiteagatik

Getxoko ertzain etxeko kamarek grabatu zuten. Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi du egoera argitzen laguntzen ari dela

Jon Rejado.
2019ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Getxoko Instrukzioko 4. Epaitegia (Bizkaia) bi ertzain ikertzen ari da, atxilo zegoen emakume bati egindako erasoa dela eta. 2018an gertatu zen, maiatzaren 26an, baina atzo arte ez zuten horren berririk eman. El Correo egunkariak atera zuen albistea, eta erasoaren grabaketako irudiak ere bai. Hain zuzen, erasoa Getxoko ertzain etxeko ziegen korridorean gertatu zen, eta bertako kamera batek grabatu zuen guztia.

Ertzainek eta emakumezkoak jarri dituzte salaketak, gertakariaren harira. Lehenik eta behin, poliziek jarri zuten: lesioak eragitea leporatu zioten emakumezkoari, eta autoritatearen kontrako atentatua. Emakumezkoak gerora jarri zuen salaketa, leporatzen zizkioten erasoak argi zitezen. Horrekin lotuta, kameren grabazioak eskatu zituen.

Emakumezkoak jakinarazitakoaren arabera, bi ertzainek eraman zuten ziegara: gizon batek eta emakume batek. Emakumezko poliziak atxilotuaren diru zorroa zeraman. Ziegan sartu aurretik, atxilotua diru zorroa eskuratzen saiatu zen, «diru asko» zuelako bertan, eta beldur zelako lapurtuko ote zioten. Gizonezko poliziak azaldu du kidearen segurtasuna «kolokan» ikusi zuela, eta horregatik egin zuela eraso. Zorroa zuenak, berriz, azaldu du ez zuela ezer ikusi.

Emakumea ertzain etxean zegoen aurretik beste ertzainen jokabidea kritikatzeagatik, aipatutako hedabideak jasotakoaren arabera. Merkataritza gune bateko atarian zegoela, bi ertzain agertu ziren, eta identifikatzeko eskatu zioten bertan eskatzen ari zen pertsona bati. Eskalea zuzen tratatu ez izana aurpegiratu zien emakumeak; tirabira batzuen ostean, polizia horiek inguruan zeuden beste kide batzuei hots egin zieten, emakumea ertzain etxera eraman zezaten. Azken horiek dira, bada, ikertuta daudenak.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi du laguntzen ari dela gertatutakoa argitzeko. Besteak beste, azaldu du Segurtasun Sailak berak bidali zuela Getxoko ertzain etxeko bideoa epaitegira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.