Koronabirusa

Beste 570 kasu positibo detektatu dituzte Hego Euskal Herrian

Proba egin dutenen artean positibo tasa %4,7 izan da. Aldaerak zabaltzen ari dira; aldaera britainiarreko 62 kasu atzeman dira Barakaldon

Birusa atzemateko antigeno testak Zarautzen, artxiboko irudian. G. RUBIO / FOKU.
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2021eko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Kutsatzeei buruzko datuek transmisioaren geldotzea utzi dute agerian azken bi asteetan; hilabetearen hasieratik, beheranzko joera du kutsatuen kurbak. Otsailaren 4an, azken hamalau eguneko batezbestekoa 1.254 positibo zen Hegoaldean, eta, ordutik, adierazle horrek etenik gabe egin du behera. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuakemandako azken datua oinarri, azken hamalau egunetan eguneko 691 kasu zenbatu dituzte batez beste. Herenegun 570 kasu zenbatu zituzten Hegoaldean. Proba egin dutenen artean %4,7k eman du positibo.

Lurraldez lurralde, Bizkaian atzeman zuten positibo gehien osteguneko probetan: 284. Gipuzkoan, 149; Araban, 67, eta Nafarroan 65 detektatu ziren.

Ospitaleei dagokienez, Hegoaldeko osasun agintariek atzo jakinarazi zuten oraintxe bertan 179 pertsona daudela ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan erietxeraturik; horietako 23 Nafarroakoak dira, eta 156, berriz, Araba, Bizkai edo Gipuzkoak. Gainera, guztira 480 lagun daude ospitaleetako gela arruntetan. Ostegunean 59 lagun ospitaleratu zituzten Hego Euskal Herrian.Gainera, heriotza baten berri eman du Nafarroako Gobernuak: 98 urteko gizonezko bat hil zen herenegun.

Koronabirusaren aldaerak

Hegoaldean detektatutako kasu positiboak zein aldaeratakoak diren zehaztu zuten atzo Osakidetzak eta Osasunbideak. Jaurlaritzak jakinarazi zuenez, otsailaren 8tik 14ra bitartean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan atzemandako kasuen %29,3 koronabirusaren aldaera britainiarrak eragindakoak dira, eta Osasun Sailak kezka azaldu du aldaera horren «goranzko joeraren abiadagatik». Hain zuzen ere, Barakaldoko kiroldegi batean atzemandako agerraldi baten berri eman zuen gobernuak: 62 pertsona kutsatu dira han, eta aldaera britainiarrak eragindakoak dira kasu guztiak.

Halaber, Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak ere eman zuen aldaeren goraldiaren berri. Detektatzen ari diren kasuen %32 dira aldaera britainiarrekoak. Gainera, ostegunean foru erkidegoan zenbatu ziren 65 positiboetatik hiru aldaera hegoafrikarrekoak zirela zehaztu zuen foru gobernuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.