Frantziako bandera ikasgela guzietan jartzearen alde agertu da ministroa

Asanblea Nazionalean «konfiantzaren eskola» egiteko legea eztabaidatzen ari dira; printzipio modura onartu dute bandera ezartzeko eskaria

Blanquer ministroa eta Macron Frantziako presidentea. PHILIPPE WOJAZER / EFE.
Ekhi Erremundegi Beloki.
2019ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Lehen eta bigarren mailako ikasgeletan Frantziako eta Europako banderak jartzeko printzipioa onartu zuen atzo goizaldean Frantziako Asanblea Nazionalak. Marseillaise-ren hitzak geletan jartzea ere onartu dute. Eric Ciotti Errepublikanoetako diputatuak egin zuen proposamena. «Konfiantzaren eskola baten aldeko» legea eztabaidatzen ari dira, eta zuzenketa gisa egin zuen eskaria. Legea aurrera aterako balitz, Ipar Euskal Herriko ikastetxe guzietan aplikatuko litzateke: publikoetan, pribatuetan eta kontratupekoetan. Asanblea Nazionaletik Senatura joanen da lege proiektua han azter dezaten, eta, ondotik, azken bozka bat izanen da Asanblean. Ondorioz, oraindik aldaketa franko izan ditzake.

Ciottiren hitzetan, Frantziako Errepublikaren balioen eta sinboloen defentsan eta hedapenean «ekintza nagusia» da onartutako zuzenketa, eta beharrezkotzat jo du balio eta sinbolo horiek haurrek txikitatik «berenganatzea». Jean Michel Blanquer Frantziako Hezkuntza ministroak ere babestu du erabakia, eta garrantzitsutzat jo du «oposizioaren proposamenak» ere kontuan hartuz «eztabaida parlamentarioa irekitzea». Neurria aplikatzea biziki sinplea litzatekeela gaineratu du: «Bi banderak eta ereserkia erakutsiko lituzkeen afixa baten bidez egin liteke».

Ezkerra, haserre

Ezkerreko oposizioak gogor kritikatu du gertatutakoa. Elsa Faucillon PCF alderdi komunistako diputatuak salatu duenez, goizaldeko oren batean bozkatzeaz gain, ezkerreko talde politikoei ez zieten hitza hartzeko aukerarik utzi, eta bozketaren momentuko «nahasketa» deitoratu du. Deliberoa berriz har dadila eskatu du. Michel Larive Frantzia Intsumisoko diputatuak salatu du «berdintasunetik identitatera» igaro nahi dutela proposamen horren bitartez. «Ez dugu inolako lezio patriotikoren beharrik; lerratze nazionalista baten beldur naiz».

Neurria bere horretan ezarriko balute azkenean, eragina izanen luke Ipar Euskal Herriko ikastetxeetan ere. Kasu horretan Seaskako ikastoletan hartuko luketen jarreraz galdetuta, federazioko arduradunek adierazi dute ez dutela iritzirik emango legea osoki onartua izan arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.