Pastor
DAWRIN ETA GU

Adiskideak

2018ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Zenbat eta zaharragoak izan, orduan eta zailtasun handiagoak adiskide berriak egiteko. Halako ondorioak atera ditu Oxfordeko Unibertsitatearen eta Aaltoko Unibertsitatearen artean eginiko ikerketak. Erresuma Batuko eta Finlandiako adituen lanean ageri denez, 25 urte arteko gazteek etengabe egiten dituzte lagunak. Lagunak egiteko gaitasuna galdu egiten da 40, 50 edo 60 urteko gazteen artean.

Gazteak esan dut, ez helduak. Heldurik ez, gaztarorik gabeko gaztetasun betikoaren aroan. 64 urterekin gazteak ei gara oraindik. Erretiroak zahartzen gaitu ofizialki. Erretretaren adinera iritsi arte, ez gizonezkorik, ez emakumezkorik, ez bestelakorik. Denak betigazte. Badakizue: «58 urteko mutilak 60 urte arteko neskatila ezagutu nahi du Gorbeiara perretxikotan joateko». Ba, horixe.

Lagunak egiteko gero eta zailtasun gehiago ekartzen dizkigu adinak. Badoa, joan, gaztetako malgutasuna. Zailduak gaude harremanetan; zorrotzagoak gara —selektiboagoak, oraingo Manhattan hizkeran—. Lehortu da gaztetan edozer eramateko genuen dohain agorrezina —batzuetan joera masokistatik oso urrun ez dagoena—. Adin bakoitzak badu onik eta txarrik. Bidearen erdia egin duenak zerbait ikasi du biziaren olatuak surfeatzeko, marea gorabeheratsuetan ez itotzeko. Itxaronaldia eramateko. Pazientzia handiagoa du kontroletik at dauden kontuekin. Eta gogorik ez inoren pitokeriak pairatzeko. Adiskidetasunaren izenean ere ez.

Orokorrean, adiskidetasunari ez diogu behar beste garrantzirik ematen. Denborarik ez. Zenbaitetan erlazio jakin bat hozten dugu, baina hiltzen utzi gabe: komenentzia. Bestetan, beste aldera egiten dugu jauzi. Apurtu, eta estimurik ez. Eta gero, axolarik ez. Don't play it again, Sam. Michel de Montaignek azaldu zigun: ez dago adiskidetasun handirik, harremana eta elkarrekikotasuna txikiak, eskasak badira. Gure burbuilan bizi gara. Familiak, lanak, gizarteak eskatzen dituzten betebeharrei erantzuten ematen dugu denbora. Hala izan arren, adiskidetasuna sakralizatzen dugu. Maitasun harremanak baino areago, esango nuke. Nekez ulertzen dugu inork aspaldiko lagun min batekiko erlazioa haustea. Zergatik ote? Errazago justifikatzen dugu bikotekidearengandik bereiztea adiskide horrengandik baino. Latzak dira bi egoerak. Zergatik onartzen dugu aiseago dibortzioa adiskidetasuna amaitzea baino? Bikotekidea ez al genuen, ba, gure arnasa eta hauspoa, zoriontasunaren iturria, gure umeen ama edo aita? Ez al genuen mundua haren begiekin ikusten? Zergatik bereizi gara harengandik? Lagunekin ez dugu halako itxaropen edo apetarik. Alabaina, zailago ulertzen dugu adiskidetasuna etetea.

Ez da erraza adiskidetasunari eustea. Denbora eta ahalegina eskatzen ditu prozesu horrek. Izan ere, adiskidetzea borondatezko ekintza da, bi aldeek onetsia. Zu pertsona batekin maitemin zaitezke, nahiz eta hura zutaz gustatu ez. Alta, ezin zara inoren adiskidea izan berak nahi gabe.

Shasta Nelson adituaren ustez, adiskidetasun sendoak hiru zutabe ditu: positibotasuna, iraunkortasuna eta zaurgarritasuna. Adiskidetasuna landu, sakondu eta hobetzeko liburuak idatzi ditu Nelsonek. The New York Times egunkariaren kolaboratzailea da. Haren iritziz, positibotasuna aurrekoa ondo sentiaraziz lortzen da, barre, laguntza edo sentsazio onak dakarzkion edozein ekintzaren bidez. Hori ez da nahiko, baina. Erlazioak segida izan beharko du denboran, biziko bada. Azken oinarria geure burua biluztea da. Gure puntu ahulak agertzea. Gure bizitzaren alde onak eta ez hain onak azaltzea, partekatzea, agian informazio hori erabiliz inoiz minduko gaituzten arriskua badela jakin arren. Nelsonen iritziz, hiru osagai horiek ez dituen harremana ez da osasuntsua.

Casablanca filmean Humphrey Bogartek estimu gutxi egiten ote dion jakin nahi du Peter Lorre Ugarte jaunak: «Mespretxatzen nauzu, ezta?». Bogartek begirada xake-taulatik altxatu gabe erantzuten dio: «Inoiz zutaz pentsatuko banu, halaxe egingo nuke, seguruenik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.