Gerra ez baita bukatu oraindik

EI garaitu dute YPGk, YPJk, eta SDFk, nazioarteko koalizioaren laguntzarekin. Ez dago argi zer gertatuko den gudulari atxilotuekin, ezta non epaituko dituzten ere.

Rojavako Ikerketa Estrategikoen Zentroak antolatuta, hainbat aditu eta ekintzaile elkartu ziren Qamixlin (Siriako Kurdistanen), ekainean. SARA DE CEANO-VIVAS NUÑEZ.
Sara de Ceano-Vivas Nuñez
2019ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Estatu Islamikoari buruzko Nazioarteko Foroa egin zuten ekainaren 6an, 7an eta 8an, Rojavako Ikasketa Estrategikoen Zentroak antolaturik, Qamixli kantonamenduan (Rojava). YPGk, YPJk eta Siriako Indar Demokratikoek (SDF) garaitu egin dute Estatu Islamikoa (EI) fronte militarrean, nazioarteko koalizioaren laguntzarekin, AEBak buru. Bost gerra urte hauetan, 11.000 boluntario hil dira borrokan, eta beste milaka zauritu dituzte. EIk ofizialki galdu du Sirian eta Iraken kontrolatzen zuen lurralde guztia, baina, Polat Can SDFko bozeramaileak adierazi duenez, «Daex, guztiaren gainetik, erakunde ideologiko bat da. Baghuzen egindako operazioaren bitartez, kalifaldia bertan behera uztea lortu dugu, baina badakigu badaudela beste zelula lokartu batzuk, zenbaitek haien ideologiari jarraitzen diotela oraindik ere, eta herritarren artean EIko zenbait kide daudela ezkutatuta. Horregatik, Daexen aurkako borroka batik bat ideologikoa, mediatikoa eta soziala da. Daex, ideologia gisa, ez da bukatu oraindik. Daexen mehatxua existitzen den bitartean, borrokan jarraituko dugu».

Milaka atxilotu

Siriako Ipar eta Ekialdeko Autoadministrazioaren helburua hauxe da: nazioarteko komunitateak hitzematea laguntza emango duela EI guztiz ezabatzeko. Rojavako Informazio Zentroaren arabera (RIC), gaur egun, autoadministrazioak 11.000 gudulari inguru ditu atxilotuta, baita EIko afiliatuak diren 74.000 emakume eta haur inguru ere; haietatik gehienak Al-Holeko errefuxiatuen eremu jendetsuan bizi dira, Haseke kantonamenduan. Al-Holeko eremua mantentzea egunean 700.000 dolar kostatzen zaio autoadministrazioari, eta hori gastu handia da gerrak txikitutako lurralde batentzat.

Atxilotu gehienak Irak eta Siriakoak dira, baina, RICen arabera, 4.500 inguru atzerritarrak dira, gutxienez 54 herrialdetakoak. Herrialde bakoitzak bere politika du sorterriratzeari eta EIko gudulariak eta haien familiak auzipetzeari dagokionez. Egun, Sudanek, Kosovok, Marokok eta Malaysiak bakarrik hartu dute beren herritar guztiak sorterrira itzultzeko konpromisoa, eta Kazakhstan da itzulera prozesua martxan jarria duen bakarra, gudularien eta zibilen artean bereizketarik egin gabe.

Erresuma Batuak, Herbehereek, Alemaniak eta gisako potentzia ekonomiko eta politikoek dute jarrerarik zorrotzena arrisku handiko profila duten gudulari eta zibilak sorterriratzearen kontra. Herrialde batzuek adierazi dute agian pasaportea kenduko dietela EIrekin bat egin zuten eta bigarren nazionalitatea duten herritarrei. Jean-Charles Brisard nazioarteko aholkulari frantziar eta terrorismoan adituak dio Frantziako Gobernuak erabaki zuela bertan behera uztea EIko herritar frantziarrak sorterriratzeko erabakia: «Hasieran, prest geunden gure jihadistak sorterrira ekartzeko eta haiek epaitzeko, eta, bat-batean, iritzia aldatu genuen. Europako herrialde gehienek bezala, iritzi publikoari aurre egin behar izan genion. Gizarteari beldurra ematen dio jihadista horiek itzultzeak; hortaz, orain erabaki behar da haiek non epaitu: Iraken edo Sirian».

Nazioarteko auzitegiak

Martxoaren 25ean, EIren aurkako gerra bukatu zela adierazi zen egunean, Siriako Ipar eta Ekialdeko Autoadministrazioak eskari formal bat egin zion Nazioarteko Koalizioari: nazioarteko auzitegi bat ezartzea, EIko kideak tokian bertan epaitzeko. Mizgin Ehmed autoadministrazioko zuzendaritza taldeko kideak hau esan du: «Herrialde guztiak bat datoz EIk epaitua izan behar duela, baina haietako inork ez du esan non izan behar duen epaitua. Lurralde honen seme-alabak izan dira martiriak, eta hemen galdu dituzte familiek etxea eta zeukaten guztia. Daexek hemen egin ditu krimenak, eta, beraz, hemen izan behar du epaitua».

Nazioarteko auzitegiak EIko kide atzerritarrak eta bertakoak epaitu ahal izango lituzke, ez haien jatorrian oinarrituta, baizik eta gerra krimenak, gizateriaren aurkako krimenak eta genozidioa egitearen errudun diren kontuan hartuta. Tokian bertan nazioarteko auzitegi bat sortzeak krimenen ikerketa erraztuko luke, baita biktimekiko harreman zuzena ere. Hala, atzerriko herritarren beldurretako batzuk uxatuko lirateke, kezkatuta baitaude EIko kideak sorlekura itzultzean froga nahikorik izango ote den haiek epaitzeko eta, horrenbestez, ez ote dituzten aske utziko.

Sortu izan dira nazioarteko auzitegiak propio gerrako krimenak eta gizateriaren aurkakoak epaitzeko; esaterako, Ruandakoa eta Jugoslaviakoa, biak NBEko Segurtasun Kontseiluak onartuak. Hala ere, Estatu Islamikoaren mehatxu globala guztiz ezabatzeko, beharrezkoa da nazioarteko komunitateak eta, batez ere, EIren aurkako borrokaren nazioarteko koalizioak laguntzea eta erabaki irmoak hartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.