Ontzi beltzak, bonba atomikoen aitzinetik

AEBek 1853an Japoniara bidalitako ontziei deitu ohi zaie 'kurofune' edo 'ontzi beltza'. Bi mende baino gehiagoko bakartze politika uztera behartu zuten Japonia, eta erabat aldatu zuten haren bilakaera.

AEBetako eta Japoniako banderak, atzo, Hiroshimako Bakearen plazan. KIYOSHI OTA / EFE.
mikel rodriguez
2016ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Japoniarrek lehenbizikoz karabela portugesei deitu zieten kurofune XVI. mendean, artxipelagoko kostan agertu zirenean. Ontzi beltza erran nahi du kurofune-k, eta hala deitu zieten kroskoaren kolorearengatik. Hurrengo mendeetan, Europako ontzi guztiei deitu zieten hala, baina 1853az geroztik kurofune izena Matthew Perry AEBetako komodoroaren flotari buruz mintzatzeko erabili ohi da. Ipar Amerikako errepublika gazte hark bidalitako ontzi beltzek aldaketa erabakigarria eragin zuten Japoniaren historian.

Tokugawatarren shogunerriak portu zehatz batzuetara eta kontrol zorrotzarekin murriztua zuen atzerriarekiko harremana 200 urte baino gehiagoan, baina 1853ko uztailaren 8an Edo (egungo Tokio) ondoko Uraga hirira agertu zen Perry, eta ultimatum bat eman zien agintariei: herrialdea atzerriko merkataritzara ireki, edo eraso eginen zien. Urtebeteko epea eman zien, eta 1854an itzuli zen. Shogunaren ordezkariek, gatazka saihestu, eta baldintzak onartu zituzten: Kanagawako hitzarmena sinatu zuten, eta, horrela, Japoniaren bakartze politika desagertu zen praktikan. Bakartze politika desagertzeak sortu zituen Japonia moderno eta inperiala sortzeko oinarriak.

Hurrengo urteetan, Txina estutzen ari ziren Europako potentzia kolonialek batak bertzearen gibeletik sinatu zituzten antzeko hitzarmenak Japoniarekin, eta europarren interes hori baliatu zuten AEBek Japonia merkataritza itun bat sinatzera behartzeko, 1858an. Harris ituna izenarekin ezagutzen da hori, Townsend Harris AEBen mandatariarengatik. Erresuma Batuak eta Frantziak Txinarekin zuten jarrera ikusita, Harrisek shogunaren ordezkariak konbentzitu zituen AEBek eskainitako tratua onar zezaten, europarrak bidegabeagoak izanen zirela erranda. Garai hartako potentzia globala Erresuma Batua zen, ez AEBak. Baina potentzia global izan gabe ere, herrialde oso baten bilakaera baldintzatzeko gai izan ziren.

1860an bidali zuen Japoniak bakartzea hautsi ondorengo lehenbiziko diplomazia espedizioa, eta, huraxe, AEBetara joan zen. 1868an, Meiji enperadoreak, boterea hartu, eta shogunerria desegin zuen, baina azken urteetako bidea are gehiago azkartu zuen: Mendebaldeari ireki, garapen industriala eta militarra lortzeko; hain zuzen, herrialde horiek bezain boteretsu izateko. 1905ean erakutsi zuen horretarako gaitasuna zuela, Errusiako Inperioari gerra bat irabazita. Bakartuta eta teknologikoki koska batzuk behera zegoen herrialde hark, mende erdi eskasean, Europako armada kolonial bat azpiratzeko gaitasuna lortu zuen.

Talka inperiala ozeanoan

Agudo sartu zen Japonia Mendebaldearen joko inperialean, eta hurbileneko bizilagunak izan ziren haren zabalkundearen lehenbiziko biktimak: Ryukyu (Okinawa), Korea eta Txina. I. Mundu Gerran Erresuma Batuaren, Frantziaren eta AEBen aliantzaren parte izan zen Japonia, baina ordurako Washington mesfidantzaz begiratzen hasia zitzaion Tokiori, Ozeano Barea estuegi ikusten baitzuen bi inperioren artean banatzeko. II. Mundu Gerran ailegatu zen talka, eta Japoniak galdu zuen, Hiroshimako eta Nagasakiko bonba atomikoen ondoren. Washingtonek hiru baldintza nagusi ezarri zizkion Japoniari: desmilitarizazioa, inperioa desegitea eta sistema parlamentario bat ezartzea. Mende bat ere ez zen igaro Perryren kurofune-en eta bonba atomikoen artean. Mende eta erdian Japoniak izan dituenbi birfundatzeak eragin zituzten gertakari haiek, eta, bietan,AEBak izan ziren eragileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.