Ordenagailu bat bihotzean

Bihotz-biriketako geldialdi bat izan eta zortzi hilabetera, Christian Eriksen goi mailako futbolera itzuli da. Bihotzari lotuta desfibriladore automatiko bat dauka jarrita.

Ordenagailu bat bihotzean.
Iñaki Berastegi.
2022ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Tarte batez, Christian Eriksen (Middflefart, Danimarka, 1992) futbolaria hilda egon zen 2021eko ekainaren 12an. Kopenhageko Parken zelaian gertatu zen, Danimarka eta Finlandia Eurokopako partida bat jokatzen ari zirenean. Erdilaria zerraldo erori zen lurrera, bihotz-biriketako geldialdi baten ondorioz. Zorionez, osasun protokoloak bikain funtzionatu zuen, eta jokalaria suspertu zuten, ospitalera eraman aurretik. Zortzi hilabete geroago, aurtengo otsailaren 26an, Eriksenek goi mailako futbol partida bat jokatu zuen, Premier Leagueko Brentford taldearekin.

Milango Interreko jokalari zenari azterketa mediko ugari egin zizkioten, ezbeharra zerk eragin zuen jakiteko. Mediku azterketaren txostena argitaratu ez zenez, ez dago erabat argi zein izan zen bihotza gelditzearen arrazoia. Pedro Azkarate (Bilbo, 1976) kirol kardiologoak dio badirudiela bihotzaren arritmia txar batek eragindako kardiopatia iskemiko bat izan zela.

Erikseni DAE desfibriladore automatiko ezargarri bat jarri zioten. «Bihotz-biriketako geldialdi bat pairatzen duen ia orori jarri ohi zaio, prebentzioagatik». Sistemak nola funtzionatzen duen azaldu du Azkaratek: «Desfibriladore honek bihotz frekuentzia monitorizatzen du, eta aipatutako arritmia txar horietako bat detektatzen badu, ohiko prozesuari aurrea hartu, eta txoke elektriko bat ematen du, bihotza gelditu ez dadin». Taupada markagailu baten antzekoa da, baina funtzio ezberdinak ditu. «Bihotz frekuentzia baxua dutenek erabili ohi dute taupada markagailua. Ez zorabiatzeko, markagailuak frekuentzia edo sistema elektriko hori ordezkatzen du».

DAEaren kasuan, antzekoak diren bi desfibriladore mota daude: «Azalaren azpian jartzen dira biak ala biak, eta kirolarien kasuan, besapetik gertu, kolpeak ekiditeko. Lehenengoaren kasuan, gailuaren kableak bihotz barrura doaz. Bigarrenari dagokionez, kableak kanpoaldean daude, gorputzaren barruan baina bihotzaren kanpotik, ohiko desfibriladoreen antzera». Azkaratek uste du Erikseni lehenengo motakoa jarri diotela, daniarrarentzat «eraginkorragoa» izan daitekeelako. Algoritmo batzuekin programatzen dira «ordenagailu txiki» horiek: «Pertsona bakoitzera egokituta daude. Bi arazo izan ditzake Eriksenek: Eurokopan gertatutakoa berriro errepikatzea, arriskua beti dagoelako, eta gailuak tokiz kanpoko txoke bat bidaltzea, neurketa oker bat egin eta gero».

Eriksenek futbolean jokatu nahi zuen berriro. Italian, ordea, legeak debekatu egiten du DAE sistema daraman futbolari bat ligan aritzea. Hala, Interrekin kontratua eten, eta Ajaxekin entrenatu ostean, neguko fitxaketen merkatuan Brentfordekin sei hilabeteko kontratua sinatu zuen. «Beste herrialde gehienetan ez dago horrelako legerik. Hori bai, horrelako kasuetan, klubaren, medikuaren eta jokalariaren onespena beharko litzateke. Ziur nago antzeko beste zerbait gertatuko balitz Eriksenek medikua eta kluba erantzukizunetik libre utziko dituela».

Medikuntza «irekiagoa»

Bihotzeko gaixotasunen bat izan eta kirola egitea ez dira bateraezinak. «Medikuntza geroz eta irekiagoa da kasu hauetan. Dena den, Eriksenen kasua berezia da, eta estrapolatzea arriskutsua litzateke. DAE sistema batekin ezin da mundu guztia, nahi duen erara, kirola egitera itzuli», azaldu du kirol kardiologoak. «Uler dezaket heriotzatik gertu dagoen esperientzia bat bizi eta gero, Eriksenek berriro futbolean jokatu nahi duela, bere aurreko bizitza berreskuratzeko pauso baten gisa. Errespetagarria da».

Zernahi ere, jokalariak hartu duen arriskuaz ere ohartarazi du: «Pentsatu nahi dut arazoa konpondu dutela, eta ez dela modu zentzugabe batean itzuli. Neurtutako arrisku txiki batekin ariko da jokatzen agian. Baina, nire ustez, goizegi itzuli da, horrelako arazo baten ostean urtebete behar delako ondo osatzeko». Kardiologo gisa ez ezik, bere iritzi pertsonala ere plazaratu nahi izan du Azkaratek: «Nire ustez, hainbeste alternatiba ditugu egungo gizartean, bere ibilbidearen azken zatian dagoen kirolari bat horrelako gertakari baten ostean goi mailako lehiara itzultzea ez dela gomendagarriena. Baina, diodan moduan, uler dezaket».

Agerikoa da futbol profesionala horrelako egoerei aurre egiteko prestatutako tokia izatea «lagungarri» izan zaiola lehiara itzuli ahal izateko: «Bihotzarekin lotura duten gertaerei dagokienez, futbola eremu babestua da. Txirrindulari edo triatleta bat horrelako sistema batekin itzultzea ia pentsaezina litzateke. Izan ere, pentsa mendate batean behera edo igerian horrelako zerbait gertatzen zaiela».

«Berezia den aro baten hasiera», idatzi zuen Eriksenek debut egunean. Ezin da mezu okerra bidali, baina futbolaren zein medikuntzaren mundua pozten dira Eriksen zelan dagoen ikusteaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.