Reala nagusi izan da Alavesen aurka, eta Eibarrek galdu egin du Valentzian

Natalia Arroyoren taldea 0-4 gailendu da Ibaian. Emaitzen bolada txarra irauli ezinik segitzen dute eibartarrek, eta 2-0 galdu dute

Realeko eta Alaveseko jokalariak lehian, atzo. RAUL BOGAJO / FOKU.
ainara arratibel gascon
2021eko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Realak amaiera biribila jarri zion atzo lehen itzuli biribilari. Natalia Arroyoren taldeak nagusitasunez irabazi zion Alavesi Ibaian (0-4), eta hala bigarren postuan amaitu du ligaren lehen zatia. Bi partida baino ez dituzte galdu txuri urdinek, Levanteren eta Bartzelonaren kontra, eta bat berdindu, Sporting Huelvaren aurka. Gainontzeko partidetan hiru puntuak zakuratzea lortu dute. Arabarren kasuan, ez zuten urtea nahi bezala bukatu, baina meritua du lortu dutenak. Izan ere, talde igo berria izanda, atzo galdu zuten denboraldiko lehen partida etxean, eta zazpigarren tokian amaitu du lehen itzulia.

Lehen zatian Alavesek ondo eutsi zion Realari, eta parekatuaizan zen neurketa. Amaiurrek izan zuen lehen aukera garbia. Baina haren errematea zutoinera joan zen. Bazirudien lehen zatia hasi bezala amaituko zela. Baina zazpi minutu falta zirenean Emma Ramirezek gola sartu zuen, area ertzetik egindako jaurtiketa ikusgarri batekin.

Bigarren zatiko lehen aukera garbia baliatu zuen Realak bigarrena egiteko. Korner batean izan izan zen, eta Gaby Garciak egin zuen buruz. Ordu erdi luze falta zen oraindik, baina Mikel Cresporen jokalariek ordaindu egin zuten lehen zatian egindako ahalegina. Hala, Reala eroso aritu zen hortik aurrera, eta beste bi gol sartu zituen: Amaiur Sarriegik 63. minutuan, eta Gabyk 71.ean, Iraia Iparragirrek urrutitik egindako pase ikusgarri bat baliatuz.

Eibarrek, berriz, ezinean segitzen du, eta jokatzen dituen minutu onak emaitzetan islatu ezinik. Ana Junyenten taldeak 0-2 galdu zuen Valentziaren zelaian. Eibartarrek azken zazpi partidetatik sei galdu dituzte, eta oso gertu dituzte jaitsiera postuak, bost puntura, hain zuzen. Sasoiko 11.porrota izan zen.

Atzoko porrota are mingarriagoa izan zen, azken txanpan izan baitzen. Beste behin gertu izan zuten puntu bat urratzeko aukera, baina, Bea Beltranek 83. minutuan eta Altuvek 90.ean sartutako golei esker, etxekoak izan ziren nagusi.

Athletic ere atzo zen jokatzekoa, baina ez zuen jokatu Atletico Madrilen izandako COVID-19 kasuengatik. Iraia Iturregirenek atzo egin zuten urteko azken entrenamendua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.