Gorka Azkarate.
Bertsolari Txapelketa Nagusia Finalaurrekoak. IRITZIA

Koxka bat gorago

2017ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Izaten dira egunak, urte mordoxka igaro eta «ni bertan izan nintzen» esanaz gogoratu ohi direnak lagunarteko hitz aspertuetan. Atzokoa egun horietako bat izan zen. Arrazoi asko aipa nitzake horren harira, hala nola Irungo Artaleku kiroldegian bildutako jendetza edo saioaren joanean entzundako bertsoaldi gogoangarri bat baino gehiago. Baina gauza guztien gainetik, Maialen Lujanbiok osatu zuen bakarkako lana geratuko da bertsozaleon iruditeria kolektiboan iltzatuta, bere momentuan berak egindako beste bertsoaldi batzuk geratu ziren modu beretsuan. Airean arnas zitekeen, 2009an txapeldun izandako Lujanbio tartean izanda, orain arte «entzun gabeko zerbait» entzungo ote genuen sentipena Irunen, eta aurreikuspenak txiki utzi zituen hernaniarraren lanak. Orain ez urte asko pentsaezina zatekeen horrelako diskurtso bat bertsotan entzutea, baina bertsolaritza aldatuz doa gizartea aldatzen joatearekin batera. Eta Maialen Lujanbio bezalako bertsolariek bultzatzen dute bertsolaritza bide horretan, bertsoaren abangoardia eurak baitira, azken finean.

Bakarren bati entzun nion, kartzelako gaia helduleku gutxi xamar iradoki zezakeen horietakoa zela, hots, logela-ohea-sexua zela helduleku (ia) bakarra. Baina ez zen hori oztopo izan bertsolari guztiek egindako kartzelako lanekin goza genezan. Lurtarren artean Aitor Sarriegi izan zen nagusi, ziur aski beste saioetako irabazleek aterako dituzten puntu kopuruarekin, 700en bueltan, esan nahi da. Ofizioetan fresko eta bakarkakoan ikaragarri, unerik zailenean kantatu behar izanda gainera: Maialen Lujanbioren ostean! Koxka bat beherago sailkatu zen Unai Agirre, bere ohiko bertsokera bizi eta zirtolariarekin publikoa behin eta berriz poltsikoan sartuz. Aimar Karrikarekin 8ko txikian osaturiko ofizioa bere soiltasunean ederra izan zen, adibidez. Alaia Martinek ez zuen bere egunik onena izan. Finaleko borrokan jotzen genuen askok, eta saio osoan zehar bere onena eman nahian aritu bazen ere, horretarako eguna baitzen beretzat, bertsoaldi askotan gaiaren muinari heldu ezinda bezala sumatu genuen. Izango dira aukera gehiago. Maddalen Artzallus kantuan entzutea gozamena da, eta saioko onenengandik koxka bat beherago aritu bazen ere, txapelketa honetan egiten ari den lanarekin pozik egoteko moduan da hendaiarra. Aimar Karrikari dagokionez, lotsagabe kantatu zuen egokitu zitzaion aukera guztietan, eta horrek irristada teknikoren bat edo beste egitera eraman bazuen ere tarteka, ez zen giroarekin kikildu, eta saioko une eder batzuetan protagonista izatera heldu zen gainera. Atzo bizitakoaren ostean, Maule-Lextarrera joateko irrikitan gaude!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.