'Marie-Antoinette' obra emango dute EOSek eta Biarrizko Malandain Balletak

Gaur eta bihar Donostian izango dira; hilaren 19an, Iruñean, eta 21ean, Bilbon. Versaillesko jauregian egingo dute nazioarteko estreinaldia

Erredakzioa
Donostia
2019ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Dantzak bere lekua izango du EOS Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren abonu denboraldian, Biarrizko Malandain Balletaren eskutik. Orkestrak eta konpainiak elkarlanean ekoitzi dute Marie-Antoinette obra, eta, gaurtik hilaren 21a bitarte, Croissant, Plié eta Relevé izena daraman emanaldi sortaren barruan taularatuko dute. Gaur emanaldi bat egingo dute, eta bihar beste bat, Donostiako Kursaalean; hilaren 19an, beste bat Iruñeko Baluarten, eta hilaren 21ean, azkenik, Bilboko Euskalduna jauregian. Nazioarteko estreinaldia, berriz, martxoaren 29tik 31ra izango da, Versaillesko Chateau opera aretoan (Frantzia).

Lehenago ere aritu izan dira elkarlanean EOS eta Malandain Balleta. Azken urteotan taularatu dituzten beste hainbat obra izan dira lankidetza horren lekuko: Magifique (2011), Errauskine (2013) eta Ederra eta Piztia (2015). Azken bi horiekin ere izan ziren Versaillesko jauregian, eta agertoki berera hirugarrenez itzuliko dira martxoan, Opera Royal: les grands concerts de Versailles ziklo entzutetsuan Marie-Antoinette aurkeztera. Hain zuzen, Luis Augusto delfinaren eta Maria Antonieta Austriako artxidukesaren arteko ezteiak ospatzeko 1770. urtean inauguratu zuten Versaillesko Errege Operako agertokian estreinatuko dute lana.

Haydnen lau lan oinarrian

Maria Antonietaren istorioa kontatuko du obrak, baina, haren bizitza osoa antzezteko «ezintasun materialak bultzatuta», balletaren narrazioa eta testuingurua Versaillesera mugatzea erabaki dute. Thierry Malandainek osatu du koreografia, eta Joseph Haydn konpositore austriarraren lau obra hartu dituzte musika oinarri gisa: 6., 7., eta 8. sinfonia goiztiarrak —hurrenez hurren, Goiza, Eguerdia eta Arratsaldea ere deitzen dietenak— eta 73. Sinfonia —Ehiza ere esaten zaiona—. Azken sinfoniaren aurretik, Christoph Willibald Gluck musikagile alemaniarraren Orfeo eta Euridize operako sei minutuko zati bat ere entzun ahal izango da.

Melanie Levy-Thiebaut orkestra zuzendariak gidatuko du EOS emanaldietan, errepertorio koreografiko eta zinematografikoan espezialista denak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.