Hamaika egun besterik ez da falta LTDaren itzalaldirako

Otsailaren 11n hasiko da itzalaldia Hego Euskal Herrian. Teknikariek esan dute antenak «lehenbailehen» egokitu behar direla

JESUS DIGES / EFE.
Mikel O. Iribar.
2020ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Orain dela hamar urte telebista analogikoaren itzalaldia jazo eta gero, lurreko telebista digitalak (LTD) aldaketa teknologiko handienari aurre egingo dio. «Bigarren dibidendu digitala» deitu diotenaren testuinguruan aldatu behar dira frekuentziak, telefono mugikorrean 5G sarea zabaldu ahal izateko. Kate pribatu eta publikoek ekainaren 30erako aldatu beharko dituzte euren ohiko frekuentziak. Aurretik, ordea, Hego Euskal Herriko LTDko frekuentzien itzalaldia otsailaren 11n hasiko da.

LTDaren aldaketa teknologikoa Europako Batasunak aginduta iritsi da, eta EBko kide diren herrialde guztietan jarri dute legea martxan. Aldaketa horren helburua da LTDak orain arte zuen 694 eta 790 arteko megahertzeko banda askatzea, 5G sareak ordezkatzeko eta emisioak zehaztasun handiagoz egiteko.

LTDko kateak lehen bezala ikusteko, telebistako antenak gainean jarria duen anplifikatzailea egokitu beharko da. Prozesu horrek ez du eragingo ohiko telebista katerik desagertzea edota berririk agertzea: soilik kateen frekuentziak tokiz aldatuko dira, eta horrek 49tik 59ra dauden kanalak desagertzea ekarriko du. Euskal Telebistako lau kateenkasuan —ETB1, ETB2, ETB3 eta ETB4—, 50. katetik 48.era igaroko da frekuentzia; lehen, Espainiako TVE kate publikoarena zen.

Antenak egokitu ezean, epe jakin batetik aurrera telebistaren pantaila beltzean jarriko da. Hego Euskal Herrian, adibidez, Jaizkibelgo (Gipuzkoa) antenatik seinalea jasotzen duten Gipuzkoako eta Nafarroa iparraldeko 26 udalerrietan LTDko frekuentzien itzalaldia otsailaren 11n jazoko da; Nafarroako gainerako herrietan, berriz, hilaren 17an; Oiz (Bizkaia) menditik emisioa jasotzen duten Gipuzkoako herrietan, Bizkaian eta Araban, ostera, martxoaren 3an itzaliko da frekuentzia.

5G teknologiaren zabalpenaren eta emisio formatu berriaren ondorioz, telebista kanal guztiek bereizmen handian emitituko dute. Hala, telebista kontsumitzen duten erabiltzaileek LTDko dekodetzaile zaharrak 2023ra arte erabili ahalko dituzte; hortik aurrera, bereizmen handian emititzeko gai ez diren gailuak ez dira erabilgarriak izango.

Jose Miguel Iruretagoiena Aditegi Gipuzkoako antena instalatzaileen elkarteko idazkariak azaldu duenez, etxebizitza komunitateetako antenen egokitzapena egiteko, eraikineko arduradunak antenen instalazio lanaz arduratzen denenpresarekin jarri behar du harremanetan. «Instalazio motaren arabera, antenak jarria duen anplifikatzailea berriz konfiguratzea edota berri bat jartzea ekarriko du, frekuentzia berrietara egokitzeko».

Etxe partikularrean bizi denak, berriz, instalazio propioa badu, ez du antena egokitzeko beharrik izango. Soilik erabiltzaile bakoitzak kanalak berriro sintonizatu beharko ditu. Horretarako, LTDaren doikuntzetara jo eta kanalak bilatu atalera joan beharko du. Erabiltzaileak frekuentzia berriak bilatzeko arazoak baditu, Red.es entitate publikoak ohartarazi duenez, erabiltzaileak «ahalik eta lasterren» jarri beharko du harremanetan antenak aldatzen dituen langilearekin, antena frekuentzia berrietara «lehenbailehen» egokitu dezan. Halere, Iruretagoienak esan du antenen egokitzapen lanak «aurreratuak» daudela, eta, ondo bidean, aldaketa guztiak itzalaldia baino lehenago egingo direla.

Kanalen aldaketak dakartzan kostuei aurre egiteko, Espainiako Ministroen Kontseiluak 145 milioi euroko diru laguntza emango du. Erabiltzaileak antenen instalazioa eskatutako epearen barruan egina badu, laguntza horiek eskatu ditzake —104 eta 678 euro artekoak dira—, Red.es webgunean eskaera eginda.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.