Artisten sorgune eta topaleku

Tabakalerako Sortzaileen Gunean askotariko artistek lantzen dituzte beren proiektuak. Haien lanak eta espazioa bera ezagutzeko, ateak irekiko dituzte gaur.

Asteotan Donostiako Tabakalerako Sortzaileen Gunean lanean ari diren hainbat artista eta gunearen arduradunak, atzo, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2018ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Pintura eta eskultura lantzen ditu, batez ere, Natalia Suarezek. Argazkilaritza izaten du adierazpide nagusi Joaquin Gomezek. Gasteiztarra da Suarez, eta Murtziakoa (Espainia) Gomez. Unibertsitatean ezagutu zuten elkar, baina ez zuten inoiz elkarrekin lan egin. Asteotan, ordea, estudio berean ari dira Donostiako Tabakalerako hirugarren solairuan, artistei beren proiektuak lantzen laguntzeko xedea duen Sortzaileen Gunean. «Topatutako irudiak eta objektuak» abiapuntu dituen egitasmo bat ari dira garatzen, eta hiru hilabeteko egonaldia amaitzear dira. «Elkar kutsatu» dira asteotan; argazkiaren mundura hurbildu da Suarez, eta eskulturaren lengoaia baliatu du Gomezek bere argazkien osagarri.

Alboko estudioan, beste bi artista batera ari dira lanean: Gasteiztik heldu da Angela Millano, eta Meridatik (Espainia) Julian Pacomio. Dantzaren eta performancearen esparruetatik datoz biak, eta, nahiz eta aurrez elkar ezagutu, ez zuten inoiz batera lan egin. Haiek ere hiru hilabeteko egonaldia egiten ari dira Sortzaileen Gunean, Asleep Images proiektua garatzeko. Hainbat film «desglosatu», irudiak aztertu, eta horiek «gorputzarekin espazioan jartzeko» moduak esperimentatzen ari dira, irudi berriak, «ekintza eszenikoak» sortzeko. Beren lanaren lagin bat performance formatuan jendaurrean erakutsiko dute gaur arratsaldean, egonaldietan diren beste sortzaileek bezala.

Izan ere, eskuarki itxita egoten dira artisten lantegiak, baina urtean bitan Sortzaileen Gunearen ateak herritar guztientzat zabaltzen dituzte. Batetik, gunea bera ezagutzera emateko. Eta, bestetik, bertan dabiltzan artistei eta beren proiektuei ikusgarritasuna emateko. Gaur egongo dira ateak irekita, 16:00etatik 21:00etara.

Ila Firouzabadi artista irandarraren egitasmoa ezagutzeko aukera ere izango du gunera sartzen denak. Montreal eta Teheran artean bizi da, eta Tabakaleraren eta Teherango Kooshk zentroaren arteko elkarlanaren harira ari da Donostian egonaldia egiten —joan den urrian, Irango zentro horretan izan zen Ana Rakel Ruiz de Sabando eskultore gasteiztarra—. Amaitzean Bruselara joango dela azaldu du, beste egonaldi bat egitera. Iturrien inguruko proiektu batean dabil lanean artista; bisitatzen dituen hirietako iturriak aztertu ostean instalazio bat sortzeko ideia duela adierazi du, hiri bakoitzaren historia soziopolitikoaz gogoeta pizteko asmoz. Marrazketa lanetan dabil oraingoz.

Oso bestelakoa da Cristina Mejiasen asmoa. Baita lantoki duen gunea ere. Izan ere, gela arruntak, zabalak dira estudioetako batzuk —aurrez aipatutako artisten aterpe direnak gaur egun—, baina badira egurrezko etxolen itxura duten beste batzuk ere. Horietako batean ari da Jerez de la Fronteran (Espainia) sortutako artista. Irudia eta instalazioa landu ohi ditu Mejiasek, eta Greziako arkeologo eta performance egile batekin harremanetan dabil bere proiektua garatzen. «Orain arte pieza eskultorikoagoak egin ditut, baina haiek bideoekin josten ari naiz orain».

Espazioen lagapena

Egonaldiak egiten ari diren artisten proiektuak ez ezik, espazioen lagapeneko modalitatean ari direnen sorkuntzak ere ezagutzeko aukera izango da gaur, ateak irekitzean. Alicia Martinek, Imanol Salaberriak, Francisco Bouzasek, Carla Fernandezek, Elba Martinezek eta Ion Munduatek garatu dituzten proiektuak aurkeztuko dituzte. Eta horretarako baliatu dituzten espazioak ere ezagutu ahal izango ditu bisitariak. Hain zuzen ere, egonaldietan daudenentzako hamar estudioez gain, bestelako baliabideak biltzen ditu guneak: irudia lantzeko hiru kabina, soinua lantzeko beste bi, argazkiakerrebelatzeko laborategi bat, eta arte eszenikoetarako nahiz plato modura erabili daitekeen espazio bat. Horiek, egonaldietan daudenek ez ezik, horretarako eskaera egiten duten tokiko artistek balia ditzakete, gutxienez bi astez eta gehienez sei hilabetez, urte osoan zabalik dagoen deialdi baten bidez. Eskaerak jaso ahala kudeatzen dituzte espazioak, eta 23 sortzaile igaro dira aurten horietatik.

2015eko irailean sartu ziren lehen artistak Sortzaileen Gunera, eta ordutik 65 igaro dira bertatik —aurten 34—. Guztira, 539 eskaera jaso ditu aurten guneak, eta datorren urteari begira, beste 713.

Aipatutakoez gain, komunak, sukaldea eta denek erabiltzeko moduko espazioak biltzen ditu Sortzaileen Guneak. Sormena laguntzeko eta sustatzeko espazioa izatekoa ez ezik artisten topaleku izateko xedea ere baduelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.