Datorren urterako aurrekontua %20 gutxitu du Bilboko Guggenheimek

Museoak iazko bisitarien laurdena hartu du aurten. Fundazioaren patronatuak 24 milioi euroko aurrekontua onartu du 2021. urterako

Museoaren patronatuko kideak, atzoko bilkuran. GUGGENHEIM MUSEOA.
Inigo Astiz
2020ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Iaz baino lau aldiz jende gutxiago izan da aurten Bilboko Guggenheim museoan. Guztira, 279.476 bisitari jaso ditu urte hasieratik azaroaren 30era bitarte; iaz epealdi berean hartutakoen %26, zehazki. Hain zuzen ere, koronabirusaren eraginez, turismoak eta kulturak bizi duten egoera «zaila» izan da museoaren fundazioaren patronatuko bileran landutako gaietako bat. Atzo egin zuten bilkura museoko arduradunek eta Eusko Jaurlaritzako, Bizkaiko Foru Aldundiko eta Bilboko Udaleko ordezkariek, eta zailtasun horien xehetasunak eman zituen bilkura hasieran Juan Ignacio Bidarte museoko zuzendariak.

Bisitari kopurua nabarmen jaitsi dela aitortu zuen bilkuran, baina museoak uztailean eta abuztuan izandako bisitari multzoa ere nabarmendu zuen, zeren eta, neurri handi batean, udako bisita horiek eragotzi baitute zenbakia are txikiagoa izatea. Azken hilabeteotan Bilboko eta mugakide diren herrietako bisitariak bakarrik har ditzaketela ere ekarri zuten gogora. Edonola ere, sare sozialetan izan duten jarraitzaile kopuruak gora egin duela eta Museoaren Lagunak kanpainarekin bat egiten dutenak gero eta gehiago direla ere oroitarazi zuten.

2021. urterako aurrekontua eta kultur programa ere onartu zituzten bilkuran. Ohar bidez azaldu dutenez, pandemia eta haren ondoriozko krisia kontuan hartuta osatu dute aurreikuspena, eta, urteak aurrera egin ahala, turismo eta kultur arloetan egoerak hobera egingo duela espero dute. Hala, 23.936.932 euroko aurrekontua onartu dute, iazkoa baino %20,2 murritzagoa, txarteldegiko irabaziak gutxitu direla-eta. Hori neurri batean konpentsatu du «euste neurriei esker» lortutako gastuen murrizketa «esanguratsuak», arduradunen esanetan. Hain zuzen ere, museoak zerbitzu osagarrietako langileen lanaldia murrizteko espediente bat onartu duela salatu zuten atzo ELAk eta LABek, elkarretaratze batean.

Programazioari dagokionez, datorren urtean ikusgai izango dira, besteak beste, XIX. mende amaierako eta XX. mende hasierako euskal artisten margolanen erakusketa bat, 1920ko hamarkadako planteamendu artistikoen inguruko bat, emakume artistek abstrakzioari egindako ekarpena jasotzen duen beste erakusketa bat eta Alice Neel margolariaren erretratu multzo bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.