Albistea entzun

Inauteriak

Euskaraz eginen du eztanda

Musika, dantza, bertsoak eta herri antzerkia uztartuko ditu 'Iruinkokoa' libertimenduak. Iruñeko inauteri euskalduna bihar eginen dute jendaurrean.
Joan den igandean libertimendua plazaratu zuten Donapaleun. Irudian, zirtzilak herri antzerkia jokatzen.
Joan den igandean libertimendua plazaratu zuten Donapaleun. Irudian, zirtzilak herri antzerkia jokatzen. BOB EDME Tamaina handiagoan ikusi

Iker Tubia -

2019ko martxoak 2 - Iruñea

Libertitzeko egunak dira inauterietakoak. Mozorro izurriteena, kritika satiriko eta zorrotzena, botere harremanak iraultzekoak. Ezaugarri horiek, besteak beste, ageri dira Nafarroa Beherean egiten diren libertimenduetan. Inauteri tradizio hori Donibane Garazin berpiztu zen duela hamalau urte, eta, azken urteetan, han-hemen loratu dira libertimendu gehiago. Urrutira ailegatu da hazia, bihar loratuko baita Iruñekoa: Iruinkokoa. Emanaldi nagusia Santa Ana plazan izanen da, 13:00etan. Aurretik, kalejira eginen dute Alde Zaharreko kaleetan barna.

Duguna, Karrikiri, Zaldiko Maldiko eta Euskaldunon Biltoki elkarteek elkarlanean bultzatu dute Iruinkokoa, eta, orotara, 70 lagunek parte hartu dute prestaketa lanetan. Dantza, musika, herri antzerkia eta bertsoa plazaratuko ditu inauteri euskaldunak, eta, horretarako, zuzendari lanetan aritu dira Aritz Ibañez, Ihitz Iriart, Oier Zuñiga eta Ion Celestino. Libertimenduaren moldea jarraituko du Iruinkoko-ak, baina Iruñeko maneran emanen dute.

Nafarroan ez dira arrotzak herri antzerkia eta dantza uztartzen dituzten ekitaldiak. Hegoaldean makil dantzak, Nafarroa Beherean, libertimenduak. Iruñean, baina, gutxitan ikusi dira azken hamarkadetan horrelakoak. Iruñeko inauteriei ekarpena egin nahi izan diotela azaldu du Iriartek: «Nahi bat genuen antzerkiaren sartzeko, eta antzerkiaren bidez, hizkuntzaren garrantzia, euskarak halako plaza bat izan dezan». Inauteri euskalduna baita, euskaratik eta euskaraz sortutakoa, eta horrek garrantzi handia du antolatzaileentzat.

Antzerkiaren afera izan daiteke iruindarrentzat bereziena. Zuñigak azaldu duenez, hori izan da erronka nagusia: «Herri antzerki bat plazaratzea, libertimendu batek dauzkan aldagaiekin —kritika zorrotza, urte osoan gertatutakoaren hausnarketa, autokritika...—, erronka handia izan da. Baina beharrezkoa». Izan ere, Zuñigak uste du euskalgintzari eta «herrigintzari» umorea falta izan zaiola askotan, eta horretarako tresna egokitzat jo du libertimendua. «Antzerki forma du, baina inauteri bat da, beraz, kalea okupatzen du, eta hortxe eztanda eginen du, euskaraz. Horrek izugarrizko indarra du gaur egun Iruñean». Kokobeltzek emanen dute antzerkia, eta atal hori, ikusleentzat ez ezik, parte hartzaile gazteentzat ere erakargarri delakoan dago Ibañez: «Lehenengo gauza ongi pasatzea da, baina horrekin batera, gauza batzuk kontatu behar dira. Ez da entretenimentu hutsa, badu zentzua eta funtzioa». Politika ere bada.

Sanfermin usaina

Antzezpenen artean, dantza eta bertsoak izanen dira. «Harremana dago dantzaren eta antzerkiaren artean, baina balio du ere pausatzeko. Oreka hori sortzen da, antzerkia bakarrik balitz jende jakin bat etorriko litzatekeelako», dio Iriartek. Dantza berriak izanen dira, inauterietarako propio sortutakoak. Horretarako, iparraldetik eta hegoaldetik heldu diren dantzakerak nahasi dituzte: jauziak eta makil dantzak. «Jolasten saiatu gara», esan du Ibañezek.

Musika ere, berezia. Celestino arduratu da, eta ez da ohikoa libertimenduetan: Jazz kutsua dute doinuek, baina badute diana ukitu bat. «Iruñean bizi den musikari bati jauzietarako musika egiteko eskatu diogu. Iruñean entzuten den giro bat entzuten da berriro dantzetan», dio Iriartek. Txaranga moduko taldeak sanferminak ekar ditzake gogora. Baita beste elementu batzuk ere. Ez da kasualitatea: «Badu sanferminetatik zerbait. Askotan, neguko festek bere ispilua dute udako festan», azaldu du Ibañezek. Kaosa eta bat-batekotasuna, inauteriena ez ezik, badelako ere sanferminetako ezaugarri, Zuñigaren arabera: «Aukera polita izanen da Iruñean dugun izaera bat-bateko horri bide emateko».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

«Consonni kreatura mutante bat da»

Amaia Igartua Aristondo

Consonnik 25 urte bete berri ditu. 2012tik argitaletxea ere bada, eta Murrek dio horrek «autonomia» eman diela. Andrazko idazle euskaldunak eta zientzia fikzio feminista itzuli dituzte, besteak beste.
 ©BERRIA / HISTOLABET

Gizakiak, txerri organoak amets

Jakes Goikoetxea

David Bennettek astebete baino gehiago darama bizirik txerri baten bihotzarekin. Transplante hori mugarria izan da, baina ikerketa asko falta da prozedura orokortzeko.

Jokin Unamuno eta Adur Ramirez de Alda dira <em>Pressumptes culpables. Els altres Altsasu</em> dokumentaleko gidariak. ©TV3

Errepresioari pultsua TV3en

Urtzi Urkizu

'Pressumtes culpables. Els altres Altsasu' dokumentala 345.000 herritarrek ikusi dute TV3en. 'Altsasu auziko' bi gaztek Kataluniako errepresio kasuak ezagutzen dituzte hartan.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.