Bestak Atarrabian

Euskara eta besta, karrikara

Karrikaluze euskara elkarteak botako du gaur Atarrabiako bestetako txupinazoa. Euskara normalizatzeko lana egiten du elkarteak herrian

Karrikaluze elkartearen 20. urteurreneko lipdub grabaketa. KARRIKALUZE.
Iker Tubia.
2019ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Euskara ikusgarri, edo ikusgarriago nahi du Atarrabiako Karrikaluze elkarteak (Nafarroa). Ikusgarri izateko, noski, euskara ahoz aho erabili behar izaten da; beraz, hizkuntzaren erabilera bultzatzeko lan egiten du elkarteak urte osoan. Euskararen normalizazioa du bere helburua. Gaur, ikusgarriago izanen da Karrikaluze euskara taldea, herriko udaletxeko balkoira aterako baitira txupinazoa botatzera. Izan ere, bestak ospatuko dituzte Atarrabian heldu den igandera arte.

Herritarrek erabaki dute suziria nork botako duen, boto bidez. Horregatik, kontent agertu da Joana Akaiturri Etxebarria euskara elkarteko kidea: «Oso pozik gaude, gure lanari balioa eman diotelako herritarrek». Iaz ere hautagai izan zen Karrikaluze, baina Beti Onak emakumeen eskubaloi taldea aukeratu zuten, «merezimendu osoz», Akaiturriren aburuz. Iaz, hain zuzen ere, hogei urte bete zituen Karrikaluze elkarteak. Aurten, urteurrenaren bestondo goxoa pasatu gaberik, «ezustean» egokitu zaie suziriabotatzea.

Euskararen normalizazioa erdiesteko, zenbait alor jorratzen ditu Karrikaluze elkarteak: kultur jarduerak, aisialdi programak, komunikazioa eta lan poltsa. Kultur ekitaldietan euskararen erabilera da helburua: «Kultur jarduerak antolatzen ditugu euskal hiztunak batzeko, euskaraz egin dezaten eta euskara kontsumi dezaten». Egitasmo horiek ikuskizunak eta tailerrak izan ohi dira. Tartean da urtero antolatzen duten EuskaldunON besta.

Erabilera bultzatuz

Aisialdi jarduerak haur eta nerabeentzat dira: «Atarrabian guraso asko erdaldunak dira, eta haurrek eskolan ikasi dute euskara. Eskolaz kanpo espazio gutxi izaten dituzte euskara praktikatzeko, eta hori da eskaintzen duguna: euskaraz mintzatzeko espazioa eta, gainera, gozamenari lotuta». Euskararekin batera, bestelako balioak ere lantzen dituzte, gainera.

Elkartearen hirugarren hanka lan poltsa da: euskal langileak behar dituztenak lan bila dauden euskaldunekin harremanetan jartzeko bulegoa. Laugarren adarra komunikazioarena da: urtean behin aldizkari bat argitaratzen dute, eta, azken boladan, Youtubeko kanal bat ireki dute. Horretan jarri dute arreta, nagusiki: «Ikus-entzunezkoen alde egin dugu, gazteek batez ere hori kontsumitzen dutelako».

Lan hori 21 urteko ibilbidearen ondorio izan da. Zortzi lagunen artean sortutako elkarteak 160 bazkide baino gehiago ditu gaur egun. Ribed parkean dute bulegoa, baina karrika da haien ingurune naturala. Orain, eztabaida estrategikoari heldu diote, hemendik aurrerako helburuak zehazteko. Betiere, euskara ipar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.