Igorreko besarkadak

Nerea Ibarzabalek irabazi du Bizkaiko Bertsolari Txapelketako bigarren finalaurrekoa, eta finalerako sailkatu da. Enbeitak eta Abasolok egin dute bigarren eta hirugarren.
Ezkerrean, Onintza Enbeita, Nerea Ibarzabal irabazlea zoriontzen, herenegun jokatutako finalaurrekoan. Eskuinean, Beñat Ugartetxea ageri da.
Ezkerrean, Onintza Enbeita, Nerea Ibarzabal irabazlea zoriontzen, herenegun jokatutako finalaurrekoan. Eskuinean, Beñat Ugartetxea ageri da. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Iraitz Mateo -

2018ko azaroak 27
Nerea Ibarzabalek bere egin du abenduaren 15eko Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finaleko bigarren aulkia —Miren Amurizak lortu zuen lehena—, 514 punturekin, herenegun Igorren egindako saioan. Haren atzetik geratu ziren saioan, hurrenez hurren, Onintza Enbeita (497,5 puntu), Eneko Abasolo Abarkas (487,5), Malen Amenabar (474,5), Oihana Bartra (467,5) eta Beñat Ugartetxea (460,5). Besarkadek bete zuten igandeko oholtza, puntu-erantzunetako gakoa izateaz gain, bertsolariek beren arteko besarkaden irudi ederrak eskaini zituztelako. Behetik gorako saioa izan zen, entzulearengan ere nabari zen hori; saioak aurrera egin ahala, gero eta beroago baitzegoen Igorreko Udal Kiroldegia.

«Nori eman diozu/ azken besarkada?», zioen lehen puntuak, eta Amenabarrek eta Bartrak erantzun bera eman zuten: elkarri, kartzelatik ateratzerakoan. Giro polita sortu zuen bi bertsolarien aitortzak, eta entzuleak asko txalotutako kasualitatea izan zen. Txukun biribildu zituzten besteek ere puntu erantzunak.

Bakarkako gaiak, berriz, honela zioen: «Gaur arte gogor defendatu izan duzu, orain zalantza sortu zaizu». Bortxatzaileentzat kartzela zigorra eskatu izan duela azaldu zuen Ibarzabalek lehen bertsoan; bigarrenarekin biribildu zuen gaia: «Ederki dakit bere horretan/ kontraesan bat dagoena/ herri bat gara kartzelarako/ bideetan dabilena/ nola pentsatu hori izan dela/ justiziarik onena/ baina barrura heldu zitzaidan/ orduan manadarena/ baina ez dut nahi justizia bat/ bakarrik zigorrarena/ ez dut egin nahi jendearte bat/ hortan oinarritzen dena». Eta hau izan zen hirugarrenaren amaiera: «Momentuz soilik kartzela dugu/ eta egia hori da/ denon artean egin behar dugu/ horrentzat alternatiba».

Onintza Enbeitak, kartzelakoan, engainuari eta «desengantxatzeko» zailak diren harremanei kantatu zien. Zortziko txikian, berriz, bizi ibili zen Amenabarrekin. Enbeita kalean zebilen oinezko bat zen; Amenabar auto barruan zegoen; eta, inork eskatu gabe, Enbeita aparkatzeko argibideak ematen hasi da. Bost minutu daramatzate, eta Amenabarrek ez du aparkatzea lortu. Azken horrek fin ekin zion ofizioari: «Egin beharko deutzut egun baten kasu/ baina eiten deustazu orain enbarazu/ aurrera ta atzera nabil pausuz pausu/ bajauko naiz eta zuk aparka ezazu». Enbeitak bizi erantzun zion: «Aparka neike baina/ ez daukat karnetik». Nahi gabe agian, autoarekin joko ziola bota zion Amenabarrek, eta muxikarrak dotore itxi zuen ofizioa: «Zuretzako izan naz/ estorbua, mina/ neure barruan daukat/ hau mundu zikina/ eneuke ezer esango/ gizona bazina».

Ugartetxeak ere ale politak utzi zituen zortziko txikian, kontzertu amaieran txistu egin zioten abeslariaren azaletik.

Emozioen txanda

Hamarreko txikian, emozioek hartu zuten lekua. Ibarzabalen eta Bartraren arteko elkarrizketan, esate baterako. Ibarzabal Almeriako kartzelara zihoan asteburuan, lagun bat bisitatzera, eta lehenago lagunaren amarekin, Bartrarekin, gelditu da. Eguraldi txarra dela-eta bidaiarekin arduratuta dagoela esan dio Bartrak. Igandeko irabazleak ireki zuen ofizioa: «Biharko eman dute/ euri zaparrada/ tamalez hontara ere/ ohitu egin gara». Bartraren erantzuna : «Baina batzuk badugu/ jada nahiko adin/ eta arduratuta/ eguraldiakin/ nola ez ote didan/ honetxek eragin/ nahiz ta hontara ere/ ohitu garen arin/ nik beldurra sentitzen/ dut gaur bardin bardin».

Abasolok eta Amenabarrek ere hamarreko txiki polita osatu zuten. Abasolok, adinean gora zihoan pertsonaren tokian, egunerokotasunerako laguntzaile bat kontratatzea erabaki zuen: Amenabar. Lehenengo eguna zuen. Amenabarrek argi bota zion bigarren bertsoan: «Zuk euki pazientzia/ eta nik indarra/ hemen biok baitogu/ alkarren beharra».

Jolasetik ere izan zuen atzoko saioak. Abasolok hasiera eta amaierako agurrean egin zuena, esaterako. Bietan iradoki zuen lehenengo hau izango zuela azken txapelketa, eta, jarraian: «Aurtengoa azkena dugu, agian ez agian bai». Bukaerako agurrean, publikoak ere lagundu zion kantatzen. Ez zuen argitu azken txapelketa izango duen ala ez.

Datorren larunbatean jokatuko da azken finalaurdena Lekeitioko Santi Brouard pilotalekuan, arratsaldeko 17:00etan. Bertan arituko da Bizkaiko egungo txapelduna: Etxahun Lekue, Ibon Ajuriagojeaskoa, Txaber Altube, Ander Elortegi, Arrate Illaro eta Jone Uria ondoan dituela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna