Errusiako hauteskundeak

Zilegitasuna berrestera

Putin laugarrenez hautatuko dute bihar Errusiako presidente. Oposiziorik gabe, abstentzioa luke arazo bakarra. Trantsizioa prestatzea egokituko zaio

Zilegitasuna berrestera.
ander perez zala
2018ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Bihar duela lau urte, Vladimir Putin Errusiako jarduneko presidentea Krimearen anexioa sinatzen ari zen Moskun, bi egun lehenago eginiko independentzia erreferendumaren ostean. Iragan asteazkenean, Putinek bere kanpainako azken ekitaldia egin zuen Krimean, eskualdea Errusiarekin lotuko duen zubiaren obrak bisitatuz. Bihar, ezusteko handirik ezean, presidentetzarako hauteskundeen emaitzak ospatzen izango da. Mende honetako hitzordu guztietan bezala, Putin da biharko bozak irabazi eta presidente izateko faborito argia, faborito bakarra, berarentzat laugarrenez. Herritarren gehiengoarentzat, Putin Errusiaren harrotasuna eta indarra berreskuratu dituen politikaria da, urteotako lanak eta lorturiko ospeak goraipatua: Putin Errusia da, eta Errusia da Putin. Viatxeslav Volodin Errusiako Parlamentuko presidenteak 2014an egindako adierazpen batek laburbiltzen du egungo presidentearen garrantzia: «Putin baldin badago, Errusia dago. Putin ez badago, ez dago Errusiarik».

Jarduneko presidenteak hamazazpi urte egin ditu boterean, tartean agintaldi bat lehen ministro gisa, eta Errusia federazio denetik gaur egunera arteko figurarik garrantzitsuena bilakatu da. Biharko bozak irabazi ostean, Putinek azken agintaldia izango du presidente gisa, 2024. urtera arte. Aurreko astean iragarri zuen ez zuela konstituzioa aldatzeko asmorik boterean jarraitu ahal izateko —bi agintaldi soilik egin ditzake jarraian—, eta litekeena da urte horretatik aurrera ere politikan jarraitzea, kargu lasaiago batean, edo politika behin betiko uztea—72 urte izango ditu orduan—.

Gaur-gaurkoz, ospe eta babes handia du herritarren artean, eta horrekin loturiko estrategia bat erabili du berriz: ez da RU Errusia Batua bere alderdiko hautagai gisa aurkeztu, independente gisa baizik. Kanpaina bere figuraren inguruan antolatu du, gizarteko ahalik eta sektore gehien erakartzeko.

Zazpi aurkari izango ditu; bozetara inoiz aurkeztu den hautagai kopururik handiena da biharkoa, eta, ondorioz, oposizioko boto-emaileak inoiz baino sakabanatuago joango dira bozkatzera; inkesten arabera, oposizioko inork ez du lortuko botoen %10era iristea, eta %60k bozkatuko lukete Putinen alde.

Sentsibilitate guztiak

Biharko hauteskundeetan, Errusiako gizarteko sentsibilitate guztiak daude ordezkatuta. Oposizioko bi presidentegai nagusiak dira Pavel Grudinin, Errusiako Federazioko Alderdi Komunistakoa, eta Vladimir Zhirinovski ultranazionalista, Errusiako Alderdi Liberal-Demokratikokoa. Grudininen kasua esanguratsua da, alderdiak bere lider beteranoa—Gennadi Ziuganov— ez aurkeztea erabaki baitzuen.

Bi presidentegai horiek ez dute sinadurarik bildu behar izan hauteskundeetan aurkezteko, haien alderdiek ordezkaritza dutelako bi ganberetan. Hortaz, beste hautagaiek sinadurak bildu behar izan dituzte: Putinek —independente gisa aurkeztu delako—, Grigori Javlinski Jabloko alderdiaren sortzaileak, Boris Titov Hazkundearen Alderdiko hautagaiak, Sergei Baburin Errusiako Herrien Batasunekoak, Ksenia Sobtxak Herritar Ekimenekoak eta Maksim Suraikan Errusiako Komunistak alderdiko presidentegaiak. Izenak asko dira, eta aukerak ere bai, baina garailea bakarra.

Oposiziorik ez izan arren, Putinek arazo bati aurre egin beharko dio: abstentzioari. Inork ez du zalantzan jartzen jarduneko presidentearen garaipena, baina parte hartzeak zehaztuko du urteotako babesari eutsiko dion ala ez, daukan zilegitasuna frogatu behar baitu, barruan eta kanpoan.

Aleksei Navalnik, egun Putinek duen egiazko oposizio bakarrak, ezin du biharko hauteskundeetan parte hartu, eta kalean egin du oposiziorik handiena, abstentziorako deia eginez. Navalniribost urteko kartzela zigorra ezarri zioten, eta, aurrekari kriminal hori duela argudiatuta, Errusiako Auzitegi Gorenak iazko otsailean berretsi zion inhabilitazioa: ezingo da hauteskundeetara aurkeztu, hamar urtez. Dena den, bozetara aurkeztuz gero, aukera gutxi izango lituzke Putin garaitzeko; bozetan parte hartzeak, gutxienez, figura politiko gisa sendotzeko balio izango lioke.

Parte hartzea sustatzea

Testuinguru horretan, Errusiako Gobernuak areagotu egin ditu herritarrei bozkalekuetara joateko deiak. 2016ko parlamenturako hauteskundeetan, herrialdean eginiko azkenetan, parte hartzea %47,84koa izan zen, federazioa eratu zenetik izandako txikiena. Eta horrek kezka sortu du gobernuan, Putinen zilegitasunari dagokionez: esaterako, boz horietan parte hartzea ez zen %30era iritsi Moskun eta San Petersburgon, bi hiririk jendetsuenetan. Dena den, gobernuak argi dauka herritarrek konfiantza handiagoa dutela Putinengan parlamentuan baino, eta asteotan 70-70 formularekin begiratu diote biharko hitzorduari: %70eko parte hartzea litzateke emaitzarik borobilena, eta jarduneko presidenteak %70eko babesa jasotzea.

Hauteskunde kanpainako egunik esanguratsuena martxoaren 1a izan zen, Putinek abenduan egitekoa zuen nazioaren egoerari buruzko diskurtsoa eman zuenean. Bi orduko hitzaldia izan zen, Errusiako mapa erraldoia atzean eta herrialdeko establishment politiko eta soziala aurrean zituela. Orain arteko mugarriak goraipatu zituen, eta, bide batez, datozen sei urteetarako egitasmoak aurreratu: defentsa, pobreziaren aurkako borroka eta ekonomia. Iragarri zuen bere azken agintaldian gastu soziala areagotuko duela, azpiegituretara bideraturiko inbertsioak ere handituko dituela eta administrazioa digitalizatzeko pausoa emango dutela, herrialdea modernizatzeko helburuarekin.

Baina diskurtsoaren bigarren zatiak sortu zuen ikusminik handiena, arma berriak aurkeztu baitzituen: «Herrialde bakar batek ere ez ditu, gaur-gaurkoz, guk ditugun armak», ziurtatu zuen Putinek. Bi hartzaile zituen mezu horrek: batetik, herritarrak, nazio sentimendua indartzeko; bestetik, Mendebaldeko estatuak, Errusia nazioartean kontuan hartzeko potentzia dela gogoratzeko.

Putinen aginteetan, herrialdea hazi egin da politikoki. Bere burua nazionalismoaren eta egonkortasunaren bermatzailetzat aurkeztu du, orain arteko lana oinarri hartuta, eta horrek arrakasta ziurtatuko dio bihar. Trantsizioa prestatu beharko du datozen sei urteetan, eta hurrengo bat hautatu, haren legatua errespetatu eta jarraituko duena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.